Joan Paulo II.a hil da

Joan Paulo II.aren gorpua San Pedro basilikara eraman dute

Larunbat iluntzean hil zen Joan Paulo II.a Aita Santua, eta haren hileta ostiralean goizeko hamarretan egitea erabaki dute gaur kardinalek. Vatikanoko bozeramaile Joaquin Navarro Vallsek argitu du, Joan Paulo II.a Vatikanoan ehortziko dutela, San Predo basilikaren aldare azpian dagoen kriptan. Aita Santuaren gorpua, arratsaldeko bostetan eraman dute basilikara, San Pedro plazatik, eta 21:00etan irekiko dituzte basilikako ateak. Hain zuzen ere, goizeko hamar eta erdietan hasi dute kardinalek erabaki hori hartzeko bilkura, eta bi orduz egon dira bildura. Eliza Katolikoaren hurrengo burua nor izango den erabakitzeko konklabea noiz egingo duten erabaki beharko dute orain kardinalek.

2005eko apirilaren 4a
18:51
Entzun
Aita Santua hil eta handik lau eta sei egun bitarteko epean egin behar dira hiletak Eliza Katolikoaren arauek agintzen dutenez. Kardinalen esku dago data zehatza erabakitzea, eta halaxe egin dute gaur, bi orduko bileran: hileta ostiralean egitea erabaki dute, 10:00etan.

Baina ez da hori kardinalek hartu beharreko erabaki bakarra. Horrez gain, Vatikanoko hurrengo buruzagia aukeratzeko konklabea noiz egingo den erabaki behar dute. 1996an Joan Paulo II.ak aldarrikatutako konstituzio apostolikoaren arabera, kardinalek zin egin behar dute konklabeari buruzko guztia isilpean gordeko dutela. Beraz, zin-ematearekin hasi da kardinalen batzarra. Zehazki, "Aita Santua aukeratzeko bozketekin zerikusia duen guztia erabateko sekretuan" gordeko dutela hitzemango dute.

Vatikanoan ehortziko dute

Joaquin Navarro Vallsek jakinarazi duenez, Joan Paulo II.a Aita Santua Vatikanoan bertan ehortziko dute, hain zuzen ere, San Predo basilikaren aldare azpian dagoen kriptan.

Joan Paulo II.aren inguruko iturri batzuek zabaldu dute haren borondatea zela Polonia sorterrian hilobiratua izatea. Nolanahi ere, igandean Vatikanoko San Pedro basilikako kriptan, Aita Santu gehienak ehortzita dauden lekuan, ehortziko dutela baieztatu dute gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.