IUCN Munduko Kontserbaziorako Batasunak 82 estatuk, 800 gobernuz kanpoko erakundek eta 10.000 adituk osaturiko sarea koordinatzen du Suitzatik. Sakhalin uhartean (Errusia) egin nahi dituzten azpiegituren kalteen inguruko txostena egin du, konpainiek eskatuta.
Ohikoa al da Shellek eta antzeko konpainiek txosten bat eskatzea, euren egitasmoen kalteak aztertzeko?
Denbora luzea daramagu lanean Sakhalin Energy taldearekin, haren egitasmoen kalteak kalkulatzen. Iaz eskatu ziguten gray balea ikertzeko. Guk munduan arriskuan diren espezieak ikertzen dituzten 800 zientzialari koordinatzen ditugu, eta 14 adituko ikerketa taldea osatu genuen. Erabat modu independentean lan egin zuten. Iraganean ere gertatu izan da konpainia batek txosten bat eskatzea. Haatik, konpainiari emateaz gain, lehen aldiz zabaldu dute halako txosten bat.
Zergatik jokatu dute konpainiek horrela gai honetan?
Petrolio konpainiek interes handia zuten kalteak argitzeko, Errusian ika-mika handia piztu duelako gaiak. Shellek arazo handiak izan zituen iaz petrolioerretserbak ziurtatzeko, horregatik Sakhalingo egitasmoa oso garrantzitsua da harentzat. Horretaz gain, finantzaketaren bila dabil lanak ordaintzeko, eta Europako bankuek ingurumen kontuak zaintzeko eskatu diote.
Zer egingo du konpainiak txostenarekin orain?
Legez, ez dute haren ondorioak aintzat hartzeko betebeharrik. Baina finantzaketa lortu nahi badute, aintzat hartu beharko dituzte.
Ezin dute txostena erabili eztabaida desbideratzeko? Hau da, kalteak gutxitzeko neurrien inguruan jarduteko, egitasmoa bera ezbaian jarri gabe?
Erakunde ekologista gara, baina baita praktikoa ere. Sakhalinen inguruko egitasmoak gelditzea ezinezkoa izango da, Errusiako Gobernuak ez bailuke halakorik gertatzen utziko. Horregatik, guk kalteak gutxitzera joko dugu. Shellek ez du oraindik adierazpenik egin. Espero dugu datozen asteotan iragarriko dutela zer egin asmo duten. Edonola ere, txostena erabat independentea dela ikusita, ezinezkoa izango zaio Shelli bere aldeko interpretaziorik egitea.
ESPEZIEAK ARRISKUAN. JOHN KIDD
«Kaltea gutxitu beharko dute, finantzaketa lortu nahi badute»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu