KLONAZIOA

Katu klonen lehen katakumeak

Ugalduriko aurreneko espezie basatia da, eta galtzeko zorian direnentzat itxaropena dela diote ikertzaileek

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Ditteaux basakatu arrak bost kume izan ditu Madge emearekin eta beste hiru Caty-rekin. Hori ez zen albiste izango, Ditteaux, Madge eta Caty klonak ez balira. Izan ere, lehen aldiz lortu dute espezie basati bateko bi klon nahastea eta ugaltzea. Ikertzaileek esan dutenez, saioa itxaropen handia da desagertzeko zorian dauden espezieentzat, klonak erabiltzeak aukera ematen duelako haien populazio mugatuen aniztasun genetikoa areagotzeko.

Azken asteotan gertatu dira jaiotzak, New Orleansen (Ameriketako Estatu Batuak) Audubon Natura Institutuak galzorian diren espezieak ikertzeko duen egoitzan. Uztailaren 26an bost kume izan zituen Madge-k, eta Caty,k beste hiru abuztuaren 2an. Bi katemeak Nancy izeneko beste baten klonak dira. Ditteaux da bi kumaldietako zortzi kumeen aita, eta Jazz izeneko ar baten klona da.

Jazz, zortzi kumeen aitona, ospetsu egin zen 1999ko abenduan, in vitro sortu eta kateme arrunt baten sabeletik jaio zelako. Audubon zentroko ikerketako lehen arrakasta izan zen.«Pozak zoratzen gaude kumaldi hauekin», esan du Betsy Dresser egitasmoaren zuzendariak. «Klonatzeko prozesua hobetuz, eta gero klonaturiko animaliei kumeak izatera bultzatuta, bestela ugaltzeko moduan ez diren animalien geneak berpizteko», gaineratu du.

Zoo izoztua

Audubon institutuaren asmoa arranditsua da: espeziak galtzea saihestea. Horretarako, zoo izoztua deituriko banku genetikoa sortu dute. «Gizakiaren Historiako edozein arotan baino animalia gehiago galduko dira gure bizialdian», dio institutuko presidenteak, Ron Formanek. «Guk ugalketarako gaiak biltzen eta izozten ari gara, arriskuan ez diren espezieak alokairuzko ama gisa erabili eta galzorian direnen jaiotza tasa areagotzeko», gaineratu du.

Ikertzaileek hainbat espezieren obuluak eta hazia gorde dituzte, tartean basakatuenak, bongo antilopeenak, Sumatrako tigrearenak eta gorilenak. Ez dakite zenbat denbora gorde daitezkeen horiek izozturik, baina teknologia erabat garatzen den arte irautea espero dute.Espezieak galtzeko zorian direnean, une kritikoa heltzen da sarritan. Horretan, espeziea irauteko adina animalia badira, teorian, baina gutxi izanda, aniztasun genetikoa gero eta txikiagoa da. Azkenean, endogamiak desagerrarazten du espeziea.Klonazioak genetikaren pobretzearen aurka nola lagun dezakeen azaltzen du Dresslerrek: aspaldi hilda baina balio genetiko handiko animalia baten azal laginak zoo izoztuan gordeta izanez gero, horren klona sortzea egongo da. Katuekin egindakoak frogatzen duenez, gene horiek sar daitezke berriz naturan, ugalketa arruntaren bidez. «Klonazioa izugarri garrantzitsua da espezie galtzearen aurkako lasterketan».

Zalantzak

Fauna basatiaren defendatzaile guztiak ez dira, ordea, ikertzaile estatubatuarrak bezain optimistak, klonazioari dagokionez. «Klonazioa aurrerapen zientifiko interesgarria da, eta datozen urteotan gatibu diren animalien ugalketa areagotu badezake ere, egun ez du baliorik galzorian diren espezieak naturan iraunarazteko», esan du Susan Liebermanek, Naturarentzako Mundu Funtseko (WWF) espezieen kontserbaziorako egitasmoko zuzendariak.Izan ere, klonazioak animalia «bakartuak» sortzen ditu, naturaren sisteman integratu gabekoak, eszeptikoek argudiatzen dutenez.

Horrez gain, klonazioak ez lituzke galzorian diren espezieek dituzten mehatxu larrienak saihestuko. «Kontserbazioak populazio osoekin eta haien bizilekuekin lan egitea eskatzen du», dio Liebermanek.Audubonen, ordea, klonaturiko animaliok eta haien kumeek naturan integratzeko gauza izango direla uste dute. Madge, Caty eta Ditteaux-en kumeen portaera aztertzeko epe luzeko egitasmoa hasi dute orain. Besteak beste, zera ikusi nahi dute: ehizatzeko sena eta trebeziarik ba ote duten.

-

Animaliak klonatzen





1996: Dolly ardia izan zen zelula heldu batetik klonaturiko lehen ugaztuna.
2001: Klonaturiko idisko bat jaio zen, behi batez erdituta. Egun gutxira hil zen. Urte berean Sardiniako ardi mota baten, mufloi ardia, klona jaio zen, ardi arrunt batez erdituta.

2003: Javako banteng klon bat jaio zen. Galtzeko zorian dago.

2004: Madge, Caty eta Ditteaux Afrikako basakatu klonatuak jaio ziren.
2005: Basakatuok kumeak izan zituzten, era naturalean ernalduta. Lehen aldiz, klonaturiko animalia basatiak ugaldu egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.