ESPAZIOA

Kometa bati «tiro» egiteko misioa aireratzeko prest

Zulo erraldoia egin nahi du NASAk Tempel 1 kometaren nukleoan, haren barne osaketa aztertzeko

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Eguraldiak laguntzen badu, gaur jaurtiko du NASAk Deep Impact (kolpe latza) espaziontzia. Zunda honen bidez, jaurtigai bat botako dute Tempel 1 kometa jo dezan, Lurretik milioika kilometrora. Jaurtigaiak kometan zulo bat egingo duela espero dute. Zundak, bitartean, prozesuaren irudiak eta datuak jasoko ditu. Kometaren barruko osaketa aztertuta, eguzki sistema nola sortu zen argitzea espero dute.

Sei hilabeteko bidaia egingo du Deep Impact espaziontziak jomugara heldu aurretik. Lehen aldiz, kometa bat jotzeko ahalegina egingo du NASAk. Izan ere, zundak metro kubiko bateko eta 372 kiloko kobrezko «bala» bat jaurtiko du, kometaren aurka orduko ia 37.000 kilometroko abiadan jo dezan. Sei kilometro ditu kometaren nukleoak eta bertan eragingo duten zuloa Erromako Koliseoa sartzeko modukoa izango da, NASAko iturrien arabera.«Gertaera guztia espazioko kamerarik indartsuenarekin jasoko dugu», adierazi du Michael A'Hearn astronomoak. «Oso gutxi dakigu kometen nukleoen egituraren inguruan, horregatik, ezohiko tresneria behar genuen gertaera grabatzeko», argitu du A'Hearn egitasmoko ikertzaile nagusiak. Kolpea Ameriketako Estatu Batuen independentzia gogoratzeko egunean uztailaren 4an gerta dadin programatu dute jaurtiketa.

Eguzkiak urtu gabeko izotza

Propaganda keinuez harantzago, kometaren azalaren azpian dagoena ikusteko parada eman nahi du egitasmoak. Izan ere, Eguzkitik urrun diren eskualdeetatik datoz kometak eta izozturiko gas eta hondakinez osaturik daude. Eguzki sistemako beste objektuek ez bezala, ez dute beroketarik pairatu. Horregatik, eguzki sistema osatu zuten gaien jatorrizko osaketa dute, aldatu gabe. Horregatik, duela 4,6 mila milioi urte planetak sortu zireneko nahasketa kimikoari buruzko datuak lor daitezke, kometak aztertuta.

Jaurtigaiaren masa kobrezkoa egitea erabaki du NASAk, zientzialariek ez dutelako uste kometaren nukleoan metal hori egongo denik. Horrela, kolpeak gailua desegiten duenean, nukleoaren azterketa ez dute nahastuko haren osagaiek. Tempel 1en nukleoaren azalaren adina kalkulatu nahi dute. Zuloaren bitartez, haren garapena eta osatzen duten materialen ezaugarriak behatzerik izango dutela uste dute zientzialariek. Lurrean bizia sortzeko ezinbestekoak izan ziren osagaiak karbonoan oinarrituriko molekulak eta ura kometen bidez heldu zirela iradoki dute hainbat zientzialarik. Izan ere, kometen pisuaren %50 inguru ura da, eta %10-20 karbonoa.Biziaren sortzaile izateaz gain, kometak Lurraren historian gertaturiko espezie galtze erraldoienekin lotu dituzte. Uste denez, kometa baten talkak eragin zuen duela 65 milioi urte dinosauruak eta beste espezie asko desagerraraztea, lurraren klima aldatuta.

Deep Impacten jaurtigaiak eta kometak topo egiten dutenean, 4,5 tona TNTk adina energia askatuko du kolpeak. Kometa ia bere orbitaren perihelioan (Eguzkitik gertueneko puntua) dagoenean joko du jaurtigaiak. Kolpea 10,2 kilometro segundoko abiadan gertatuko da. NASAren arabera, berriz, kolpeak ez dio eragingo kometaren orbita eta abiadurari: eltxo batek hegazkin handi baten kontra jotzeak izango lukeen eraginarekin parekatu dute. Edonola ere, kometaren abiada 0,0001 milimetro orduko aldatuko da, eta perihelioaren tartea 10 metroz murriztuko da. 2024an Jupiterretik hurbil igaroko da Tempel 1. Planetak askoz aldaketa handiagoa eragingo dio kometaren orbitari.

'Rosetta' misioa

Europako Espazio Agentziak (ESA) ere kometa bat aztertzeko zunda bat du espazioan: Rosetta. Azterketa, ordea, estatubatuarrek egin nahi dutena baino askoz sotilagoa izango da. Ontzia Txuriumov-Gerasimenko kometaren orbitan jarriko da 2014. urtean. Zunda bat jaurtiko du, kometan lurrera dadin. Bi gailuen artean 11 esperimentu egingo dituzte kometa aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.