ENERGIA

Lehen fusio erreaktorea Frantzian egingo dute

ITER egitasmoak 4.000 lanpostu sortuko ditu, baina, ekologistek salatu dutenez, «argindarrik ez»

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Munduko sei potentziatako ordezkariek bostekoa eman zioten elkarri atzo Moskun. Munduko erreaktore nuklearrik handiena eta, fisioa barik, fusioaren bidez argindarra sortuko duen lehena, Cadarachen (Frantziako hego-ekialdean) egiteko konpromisoa izenpetu zuten. Hilabete luzez egitasmoa Frantziara edo Rokkasho Murara (Japoniako iparraldean) eramateko lehia bizian aritu dira Tokio eta Europako Batasuna. EBko eta Frantziako politikariak pozik zeuden atzo, egitasmoak milaka lanpostu sortuko dituelako. Ekologistek, ordea, ITERek ez duela inoiz argindarrik sortuko salatu zuten.

10.000 milioi euro gastatuko dituzte egitasmoan Europako Batasunak, Errusiak, Ameriketako Estatu Batuek, Txinak, Japoniak eta Hego Koreak. Erreaktore esperimentalean, Eguzkian gertatzen diren erreakzio termonuklearrak sortzen eta kontrolatzen saiatuko dira argindar iturri «merke, garbi eta agortezin» gisa erabiltzeko.Japoniarrek amore eman dute azkenean, baina garesti saldu dute Rokkasho Muraren hautagaitza. Egitasmoko ikertzaile lanpostuen %20 japoniarrentzat izango dira, Tokiok soilik aurrekontuaren %10 ordaindu arren. Horrez gain, Europako Batasunak ikerketa nuklearrerako zentro bat eraikitzeko kostuen erdia ordainduko dio Tokiori.

Eguzkia botila batean

«Egitasmo handia da, etorkizuneko energia garatzeko, klimari kalte egin gabe eta baliabide naturalak errespetatuta», esan zuen atzo Dominique de Villepin Frantziako lehen ministroak. Villepinek gaineratu zuenez, 4.000 lanpostu sortuko ditu ITER erreaktoreak.

Ekologistek, ordea, gogor gaitzetsi zuten atzo egitasmoa. «Izututa gaude politikariak engainaturik ikusteaz. Zientzialariek Eguzkia botila batean sardaitekeela saldu diete», esan zion berriari Sortir du Nucleaire erakundeko eledunak, Stephane Lhommek. «Iter erreaktoreak ez du inoiz sortuko argindarrik» gaineratu zuen. Izan ere, fusio erreakzioa segundo batzutan iraunarazten saiatzeko esperimentua da ITER: «Dena ongi ateratzen bada, argindarra sortuko duen beste erreaktore bat lortuko dute 100 edo 150 urte barru».Erregai fosilen eta egungo zentral nuklearrak ordezkatzeko asmoa dutela diote fusio nuklearraren bultzatzaileek. Fisioan atomoen nukleoak hautsi egiten dira, energia askatzeko. Fusioan, ordea, energia askatzen da nukleoak elkarrarazten direnean. Eguzkian gertatzen den prozesu bera da Lurrean energia lortzeko erabili nahi dena. Fusioa eragiteko izugarrizko energia eman behar da aurretik, ordea. Bigarren Mundu Gerraren ostean garatu ziren hidrogeno-bonbek (hau da, fusio-bonbak) leherrarazteko fisio-bonba txiki bat erabili behar izaten zuten detonagailu gisa.ITER eta sare elektrikoa lotzeko tentsio handiko dorreak eraikiko dituzte Cadarachen, baina ez da ITERretik argindarra ateratzeko, baizik eta hara eramateko. «ITERrek argindar pilo kontsumituko du», dio Lhommek. «Energia berriztagarrietan inbertitu beharrean, dirutza izugarriak gastatzen dituzte halako egitasmo batean, inork ez dakienean funtzionatuko duen, eta funtzionatzen badu ere beranduegi izango da jada», esan zuen energia nuklearraren aurkariak.«Fusioa ez da fisioa baino askoz hobea», gaineratu zuen. Masatoshi Koshiba 2002ko fisika Nobel saridunak esan zuen ITERren erabiliko diren tritio kopuru handiek arriskutsuak direla, eta 40-50 mila tona hondakin nuklear sortuko direla, fisioaren hondakinek bezain luze biziko ez badira. «Aurrerapenik ez dago beraz».

-

Fusio nuklearra



 

abantailak





Erregaia: Fusio erreakzioan erabiltzen den erregaia deuterioa da. Hidrogenoaren isotopoa da, eta itsaso zein ibaietako uretik ateratzen da. Merkea da, eta ez da agortzen.

Segurtasuna: Fisioko erreaktoreek ez bezala, fusiokoa ezin da lehertu edo urtu. Erregaia aldian aldiko ekoizten da. Hutsen bat gertatuz gero, erreaktorea gelditu egiten da, besterik gabe.

Hondakinak: Fusioaren aldekoek honen «garbitasuna» goraipatzen badute ere, hondakin erradioaktiboak sortu, sortzen ditu. Ez dira, ordea, fisioak sorturikoak bezain indartsuak eta iraunkorrak.

arazoak





Teknika: Oso zaila da plasma kontrolatzea. Tenperatura eta presio itzelak lortu behar dira. Hori lortzeko, energia handia behar da, eta sistema errentagarria da prozesuari epe luzean eustea lortzen bada.

Inbertsioa: Fusio erreaktoreak eraikitzeko, egungo edozein ekoizpen sistema egiteko baino askoz diru gehiago behar da. Horren adierazlea da, munduko potentzia nagusiek ikerketa egitasmo bakarrean batu behar izan dituztela indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.