GEOLOGIA

Lurraren grabitate eremu berria

Abenduan Asia hegoaldea astindu zuen ikarak orbana utzi du planetaren geoidean, eta aurreikusi ezin diren ondorioak

Erredakzioa
2005eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ezer ez da berdin Gabonetako itsasikararen ondotik. Asiako hegoaldean ehun milatik gora pertsona hiltzeaz gain, Lurraren grabitate eremua aldatu zuen dardarak. Italiako zientzialari talde batek aldaketa kalkulatu du orain, eta uste baino handiagoa da. Grabitate eremuak klimarekin duen lotura kontuan hartuta, aldaketak ondorio handiak eta aurreratu ezinekoak izan ditzakeela diote.

Tsunami-a, uhin erraldoia, Asiako hegoaldeko kostaldeak suntsitzen ikusi ondoren, gutxik susmatzen zuten itsasoaren hondoan, hondartzetatik urrun, eragingo zuelabenetako kaltea. Mundu osoko seismologoek jasotako datuen arabera, itsasikara gertatu zenean altuera aldaketa handia izan zuen Indiako Ozeanoaren hondoak. Indiako plaka eta Eurasiakoa batzen diren Sumatrako failan, sei metroko koska agertu zen bat-batean.Halako aldaketa geologiko handi batek eragina izan behar du Lurraren grabitate eremuan. Milango Unibertsitateko Roberto Sabadini eta Giorgio Dalla Via geofisikariek aldaketa neurtzeari ekin zioten. Ikusi dutenez, Lurraren grabitatea izugarri aldatu zen bat-batean: Patagoniako izotzak sei urtean urtzen aritu ondoren adina.

Geoidea

Harrigarria ematen badu ere, Lurraren grabitatea ez da berdina planetako puntu guztietan. Apur bat aldatzen dute mendiek, eta ozeanoetako fosa sakonek. Mareek eta itsaslasterrek ere eragiten diote grabitateari. Lurraren biraketak ere eragina du, planeta zapalago egiten du:iparburutik hegobururako distantzia baino 21 kilometro gehiago ditu ekuatoreak.

Grabitatea puntu guztietan berdina ez denez, zientzialariek kontzeptu bat asmatu dute, grabitate berdina duten puntuak elkartzeko: geoidea. Isobarek atmosferako fronte baten forma ikusteko aukera ematen duten bezala, geoidea lurraren grabitazio eremua irudikatzeko bidea da.Lurreko leku batean materiala mugitzen denean, izotza urtzen delako edo itsasbehera dagoelako, grabitatea aldatu egiten da, eta, horrekin batera, geoidearen forma ere bai. Hala gertatu zen Sumatrako failako lurrikaran. Sabadini eta Salla Viak kalkulatu dutenez, 18 milimetro mugitu zen geoidea. Zientzialariok nabarmendu dutenez, mugimendu izugarria da hori, kontuan hartuta planeta oso baten grabitate eremuaz ari garela.

Aldaketaren ondorioak

Klimak geoidearen formari eragiten dion bezala, grabitate eremuaren aldaketek klimari eragiten diotela uste dute zientzialariek. NASA eta Alemaniako zientzialariek aurkitu zuten klima eta geoidearen arteko harremana, GRACE (Grabitatearen Oreka eta Klima Esperimentua) egitasmoko bi sateliteen bidez.

El Niño atmosferako fenomenoak grabitate eremuan eragina duela ikusi zuten lehenago Texas Unibertsitateko zientzialariek (AEB). Ozeano Bareko ur lasterren gorabeheren ondorioa da El Niño. Fenomenoa gertatzen denean, ur kantitate handia igarotzen da Ozeano Bareko erdialderantz. Horrek lehorte handiak eragiten ditu Australian eta uholdeak Perun, esaterako. Ez dira, ordea, itsasoa eta atmosferako aldaketa soila. Zientzialariek lehen aldiz ikusi zutenez, El Niño-k Lurra zapalagoa egiten du. Ekuatorearen inguruan lodiagoa da Lurra, El Niño fenomenoa gertatzen denean. Ikertzaileen arabera, lotura estua dago ur masa handi horien mugimenduen eta epe luzerako klima aldaketa globalen artean. Lurraren grabitate eremuan isla du horrek. Azken 28 urteotan aldaketa nabarmenak izan ditu.Datorren urtean GOCE satelitea espazioratzeko asmoa du Europako Espazio Agentziak, gai hau ikertzeko. GOCE-k (Grabitate Eremua eta Ozeanoetako Zirkulazioa) geoidearen aldaketa txikienak ere neurtzeko ahalmena du. Horren bidez, itsaslasterren aldaketak hautematea espero dute, klima aldaketak horietan eragina duen berehala ikusteko.Gabonetako itsasikarak erakusten du, berriz, Lurra sistema konplexua dela. Kolpeen ondoren bere burua sendatzen daki planetak, oreka berria lortzen. Lurra azal berria egiten ari da zauriaren gainean, baina orbanak planetaren aurpegia ere aldatuko du.

-

ASIA HEGOALDEKO LURRIKARA



 

Mundua aldatu duen itsasikara





Iragan abenduaren 26an izan zen itsasikarak hainbat aldaketa eragin ditu Lurrean. Batetik, planetaren errotazioa azkartu dela ondorioztatu zuten NASAko Benjamin Fong Chao eta Richard Gross zientzialariek. Lurraren ardatzaren inklinazioa segundo milaren bat aldatu eta, hala, hiru mikrosegundo azkarrago mugitzen da orain planeta. Ardatza ekialdera inklinatu dela zehaztu dute zientzialariek. Lurrikara guztiek izaten dute nolabaiteko eragina planetan. Normalean, baina, gizakiok ez ditugu aldaketa horiek sumatzen.

Ikararen ondoren, India Indonesiatik hurbilago dagoela esan zuen martxoan Vineet Gahlaut sismologoak. Zientzialariak eginiko ikerketaren arabera, India ekialderantz mugitu da. Hyderabad eta Bangalore hiriak (India) Sumatratik 10-15 milimetro hurbilago daude egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.