ESPAZIOA

Martera ur bila abiatu da NASAren zundarik zorrotzena

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Bi egunean saiatu ondoren, azkenean atzo lortu zuen NASAk MRO zunda espaziora bidaltzea. Planeta gorria da Mars Reconnaissance Orbiter zundaren helmuga. Dagoeneko bi zunda dituzte estatubatuarrek Marteren inguruko orbitan, eta beste bat du Europako Espazio Agentziak. MRO zunda, ordea, orain arte bidaliriko tresna zorrotzenak dituela dio NASAk. Izan ere, planetaren azalaren azpian ur likidoa bilatzea da zundaren misioetako bat.

Martxoan helduko da MRO zunda planeta gorrira. Lau urte egongo da lanean, Marteren inguruan itzulika. Espaziotik planetari inoiz eginiko argazkirik zorrotzenak bidaliko dituzte zundaren kamerek.Autobus txiki baten tamainakoa da gailua eta bi tona inguruko pisua du. Besteak beste radar bat darama, lurrazpiko ura hautemateko. Datuak Lurrera bidaltzeko, Martera inoiz bidaliriko antenarik handiena du zundak. Denbora berean hamar aldiz informazio gehiago bidaltzeko ahalmena du. Horren bidez, etorkizunean bidaliko diren misioentzat telekomunikazio zentroa izango da MRO.Ura aurkitzea da lehentasuna NASArentzat. Azken urteotan frogatu da Marten permafrosta dagoela lur azpian, ez oso sakon, eta antzina ura izan zela azalean. Lurrazpiko uretan mikrobioak bizirik irautea litekeena dela uste dute zientzialariek. Marten bizia izateko moduko ibaiak edo aintzirak egon ote ziren aztertuko du MROk. Ur kopurua kalkulatu nahi dute zundaren datuak erabilita.Egitasmoak 720 milioi dolarreko aurrekontua du. Zunda ostegunean espazioratzeko saioa atzeratu egin zuten, sentsore batek huts egin zuelako. Asteazkeneko saioa pieza bat berriz aztertzeko eten zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.