Maskuriak laborategian haztea lortu dute AEBetan

Organoak txertatu eta lehen lau urteotan arazorik gabe funtzionatu dute

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Bioingeniaritzaren mugarritzat jo dute Ameriketako Estatu Batuetako zientzialari talde batek egindakoa: lehen aldiz, giza maskuriak hazi dituzte laborategian, eta zazpi gaixori txertatu ondoren, organook hainbat urtez ondo funtzionatu dutela ikusi dute. Maskuriko minbizia, inkontinentzia eta beste gaitz batzuk tratatzeko, modu berriak ez ditu egungo tratamenduek eragiten dituzten arazoak. Ikertzaileak lanean ari dira teknika beste organoekin ere erabiltzeko: bihotzarekin, besteak beste.

Egun, hesteetako ehunen txertoa erabiltzen dute sendagileek maskuria aldatzeko. Horrek, ordea, arazo handiak eragiten ditu, hesteetako ehunek eta maskurikoek oso eginkizun ezberdina dutelako.Hesteetako txertoak jasotzen dituzten gaixoek osteoporosia, minbizia, giltzurrunetako harriak eta bestelako gaitzak izateko arriskuadute, eta ehunak askotan gogortu egiten dira edo gorputzeko beste atalekin itsasten.

Lau urte arazorik gabe

The Lancet aldizkarian argitaratu zuten atzo Wake Forest Unibertsitateko Medikuntza Eskolaren ikerketa. Duela lau urte egin zituzten lehen txertaketak, eta gaixoek ez dute arazorik izan organo berrituetan, Anthony Atala saioa zuzendu duen sendagilearen arabera.

Gaixo bakoitzaren maskuritik zelulak hartu zituen Atalak, eta lagin horretatik zelulak hazi zituen laborategian. Zelula multzoa molde berezi batean jarri zuen, organoaren forma har zezan. Zazpi eta zortzi aste artean utzi zituen hazten, ehuna osatu arte.Ondoren, gaixoen maskurietan itsatsi zituzten laborategian hazitako maskuriok.Jarraipena egin diete gaixoei lau urtez, eta ikusi dutenez, maskuriaren lan ahalmena asko hobetu da, eta hesteetako ehuna erabiltzen denean agertzen diren arazoetako bat bera ere ez da sortu.Gaixoetako batzuek ordu erditik ordu erdira joan behar izaten zuten komunera txertaketa egin aurretik. Laborategian hazitako maskuria jaso ondoren, kasu hoberenean %57 gernu gehiago gordetzeko gauza zen maskuria eta gaixoak zazpi ordu eusten zion komunera joateko beharrik gabe.Arrakastak akuilatuta, gorputzeko beste 20 ehun eta organo laborategian hazteko lanean ari da Atala sendagilearen taldea. Odol hodiekin eta bihotzekin ari dira, besteak beste. «Maskuriekin eginiko saioak erakutsi digu ehunen ingeniaritza tresna egokia dela, eta antzeko arazoei aurre egiteko aukera emango digula», esan du Atalak. Egindako lana «mugarritzat» jo dute adituek, eta organoak hazteko teknikak hasieran baino ez daudela nabarmendu dute. «Datozen hamar urteetan iraultza ikusiko dugu transplanteetan», idatzi du The Lancet-ek editorialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.