Milioika pertsona hil dezakeen gripe izurrite handia gertatzear dagoela ohartarazten ari da etengabe Osasunerako Mundu Erakundea. Asian dabilen hegaztien gripearen birusaren mutazio batek eragingo duela uste du nazioarteko erakundeak. Mundu osoko gobernuak neurriak hartzen ari dira, gaitza zabaldu aurretik. Asiako sendagile talde batek salatu duenez, estatu aberatsak gripearen aurkako botikak pilatzen ari dira, eta ez da behar adina sendagairik egongo gaixotasuna gehien pairatuko duten herrialdeetan.
«Txerto lantegiak herrialde garatuetan izanda, Asiako herrialde txiroek atzerapenez lortuko dute botika eguneratua», diote Hego Korea, Malasia, Singapur eta Hong Kongo sendagileok, Erresuma Batuko The Lancet aldizkari medikoan argitaraturiko agirian. Asian txertoak eta birusaren aurkako sendagaiak ekoizteko lantegiak ezarri beharko liratekeela diote: «Munduan hondamendia gertatzeko zorian denean sendagaien patentea gordetzea etikoki zalantzagarria da».Izan ere, Roche botika konpainia suitzarra ari da hegaztien gripearen sintomen aurkako Tamiflu sendagaia ekoizten ari da, eta bezero nagusiak Mendebaldeko gobernuak dira. Londresko osasun agintariek, esaterako, 14 milioi pasatxo lagunentzako botikak eskatu dizkio, eta egun Asiako hegaztiek duten birusaren aldaeraren aurkako bi milioi txerto.Filipinetako osasun ministroak ere gaitzetsi du Roche konpainiak botikaren monopolioa izatea: «Ezmorala da», esan du.Batez ere oilaskoei eta bestelako abereei eragiten dien gaitza da hegaztien gripea. Birusaren 15 aldaera ezagutzen dira. Arriskutsuena H5N1 aldaera da. Oso erraz zabaltzen da espezie bereko animalien artean. Horrez gain, mutatzeko erraztasun handia dauka. Txerrietara igaro zen lehenbizi, eta, gero, gizakietara. Arnasa hartzeko arazo handiak eragiten ditu. H5N1 ohiko gripearekin nahasten bada, gizakien artean gaitza azkarrago zabaltzeko arriskua dago. Hilgarria da, kasu gehienetan. Sintomak gripe arruntaren berdinak dira: sukarra, eztula eta arnasa hartzeko arazoak, besteak beste.
Txertoaren bila
Adituak Asia Hegoaldera begira daude. Dagoeneko 57 pertsona hil dira han, gehienak (40) Vietnamen, eta 122 kutsatu. Oraingoz ez dago txertorik, soilik sintomen aurkako botikak, Rocheren Tamiflu esaterako. Birusaren zabalkuntza moteltzeko ahalmena dute sendagaiok.
Gizakien defentsa sistema H5N1 birusaren aurka prestatzeko txerto batek lehen azterketa klinikoak gainditu dituela zabaldu zuten Ameriketako Estatu Batuetako Washington Post eta New York Times egunkariek joan zen igandean. Edonola ere, birusa mutatu eta izurritea abiatzen bada, hilabeteak beharko dituzte aldaera horren aurkako txertoa sortzeko.Birusaren bektoreek bidaiatzeko duten ahalmena ere kezkatzeko arrazoia da. Izan ere, duela gutxi arte ez da atera birusa Asiako hegoaldetik, batez ere etxeko hegaztien artean kutsatzen zelako. Uda hasieran, ordea, hegazti basatiak hasi dira kutsaturik agertzen. Txinako ipar-mendebaldean 6.000 basa hegaztitik gora hil dira uztailaren 1etik hona, hegaztien gripeak jota, tartean uretako hegazti migratzaile asko. Gaitza mendebalderantz egiten ari da, eta kasuak agertu dira dagoeneko Tibeten eta Errusian. Antzarren bidez, birusa Indiara, Australiara eta Europara ere zabal daitekeela ohartarazi dute Txinako biologoek. Errusiako agintariak, esaterako, hegaztiak hiltzeari ekin zioten asteartean Siberiako 18 herritan, han gaitza sumatu ondoren.Gripe izurrite hilgarriak noizbehinka gertatzen dira, eta aspaldi ez da halakorik egon. Joan zen mendean hiru gertatu ziren. Lehena, 1918an. Gripe espainiarra deitu zioten eta 50 milioi pertsona hil zituen mundu osoan. Bigarrena 1957an izan zen eta milioi bat hil zituen. Azkenak batez ere Hong Kongi eraso zion 1968an, eta milioi bat pertsona hil zituen.
GAIXOTASUNAK. HEGAZTIEN GRIPEA
Mendebaldea sendagaiak pilatzen ari dela salatu dute Asiako sendagileek
Izurritearen atarian hegaztien gripearen aurkako botikak gordetzea bihozgabea delaadierazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu