Turisten eguneroko joan-etorri etengabeek Machu Picchu mendi gaztea, quechueraz Inken garaiko gotorlekua hondoratzeko arriskuan jarri dutela salatu dute mundu osoko geologoek, eta halaxe egin du, era berean, Hezkuntza, Zientzia, eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak ere. Jende oldearen ibiliek lurrikara batek besteko kaltea eragiten dutela salatu dute horiek, turisten atzera-aurrerek harriak mugiarazi eta eraikinen egonkortasuna kaltetzen dutela arrazoituz. Horregatik, «arduragabekeriaz» jokatzea leporatu diote Peruko Gobernuari. Hark, ostera, zertan larriturik ez dagoela erantzun die beti.
Machu Picchu Inken garaiko santutegi historikoa mundu osoko babestutako naturgune ezagunetakoa da. XV. mende bueltan eraiki zuten inkek, eta, ustez, Pachacutec enperadorearen santutegi izan zen, hil bitartean. Handia izan zen Pachacutecen inperioa: iparraldera, Kolonbiara arteko lurrakbere egin zituzten haren gizoneketa baita Argentinara artekoak ere, hegoalderantz jota. Bost urteren buruan, baina, inken inperioak Espainiatik joandako konkistatzaileekin egin zuen topo (1532). Machu Picchu, hala ere, ez zen inoiz erasotzaileen esku erori eta ezkutuan gorde zen harik eta 1911n Hiram Bingham izeneko estatubatuar batek «aurkitu» zuen arte. Orduan egin zen ezagun Machu Picchu eta 1983an, Gizateriaren Kultur Hondare izendatu zuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak. Geroztik, milioika bisitari hartu ditu aintzinako ziutatelak.
Turismo jendetsua
Turismoa hazteak Machu Picchu arriskuan jarri duen berria ez da gaurkoa. Peruko geologia adituek aspaldi ohartarazi zuten, baina Gobernuak ez zituen aintzat hartu berba haiek. Duela bi urte, berriz, Japoniako geologoek bota zuten abisua. Machu Picchuko lurzorua 2.500 metroko altueran dago ez zela batere egonkorra eta lur-jausiak egoteko arriskua handia zela ohartarazi zuten japoniarrek, New Sciencist aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Lehendik ere bero zegoen eztabaida areagotu zuen ohartarazpen hark.Gobernuak, baina, turismoa laguntzeko proiektuekin aurrera egitea erabaki zuen. Hala, Machu Picchu herritik gotorlekura arteko teleferikoa egiteko proiektuari heldu zion berriro.
Machu Picchu herria ziutatelaren magalean dago eta urtean milaka turista iristen dira bertara, gotorlekua ikusteko asmoz. Gelaurreko antzeko eginkizuna betetzen du eta azken urteotan nabarmen egin du gora bertako biztanle kopuruak. Zenbaitikerketaren arabera, esaterako, hamarkada baten buruan, 500 biztanle izatetik 5.000 izatera pasa da.Askoren ustez, Peruko Gobernuaren «arduragabekeriaren» eredu da Machu Picchu herria. Baita Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearentzat ere. Erakunde horrek Machu Picchuren administrazioan aldaketak egiteko eskatuko dio idatziz Peruko Gobernuari, otsaila aurretik eta era berean, herritik gotorlekura arteko inken bidea 64 kilometro luzeko bidea da zaintzeko neurriak hartzea eskatuko dio. Erakunde horren arabera, egunero 2.000 lagun inguruk bisitatzen dute Machu Picchu gotorlekua eta kopuru horri «larregikoa» deritzo. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du kopuru horrek urtero %6 egiten duela, gainera, gora eta hala jarraituz gero, egunen batean, ziutatela hondoratu egingo dela. Hori dela eta, gotorlekurako sarrera murrizteko eskatu dio Gobernuari. Haren arabera, egunean 800 bisitarik baino ez lukete izan beharko gotorlekua bisitatzeko aukera. Era berean, bidaiari horiek oinetako arinak eramango dituztela bermatu beharko du Gobernuak, era horretan lurzorua ahalik eta gutxien kaltetzeko.Gobernuak eta gotorlekua zaintzeko ardura duenPeruko Kultura Institutuak bestelakoa diote, hala ere. Haien arabera, gotorlekua arriskuan dagoela diotenek Peruko turismoaren kontra egitea beste asmorik ez dute. Haien esanetan: «Egungo bisitarien kopuruaren halako bik ere ez lukete kalterik eragingo».
TURISMO MASIBOA MACHU PICCHUN
Mendi gaztea zahartzen
Turisten joan-etorri etengabeak lurrikara txiki batek adinako kaltea eragiten diote lurzoruari, geologia adituen esanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu