OME Osasunerako Mundu Erakundeak eta Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak Milurtekorako erronkak: edateko ura eta helburutzat jarritako osasun zerbitzuak izenburuko txostena aurkeztu zuten atzo, Genevan. Beste behin, datu kezkagarriak azaleratu ditu idatziak. Batetik, munduan mila milioi pertsonak ez dutela edateko urik, eta, bestetik, %40k ez dutela oinarrizko osasun zerbitzurik.
Nazio Batuen Erakundeak Milurtekorako Goi Bileran zehaztutako helburuak betetzeko, herrialdez herrialde eman diren pausoak aztertu dituzte txostenean. Duela lau urte Genevan egin zuten bilera hartan hainbat helburu zehaztu zituzten, baina denen artetik bat nabarmendu zuten: 2015. urterako, edateko urik gabe eta oinarrizko osasun zerbitzurik gabe bizi diren herritarren kopurua erdira gutxitzea.
1990. urtetik 2002. urtera egindako aurrerapenak hartu dituzte aintzat ikerketa egiteko, eta emaitzak ez dira onak izan. Bildutako datuek argi erakusten dute zaila izango dela 2015. urterako jarritako helburua betetzea. 1990. urtean herritarren %49k bakarrik jasotzen zituzten oinarrizko osasun zerbitzuak, eta 2002. urtean, berriz, herritarren %58k. Milurtekorako helburua beteko bada, baina, 2015. urterako herritarren %75ek izan beharko lukete horretarako aukera, eta hori nekez lortuko dela ohartarazi dute OMEk eta Unicefek. Aurrerapenak ere egon dira, hala ere, denbora horretan. Txostenaren arabera, Latinoamerikak eta Karibek hobetu dute gehien osasun zerbitzue arloan. Zerbitzu horiek ez dituztenen kopuruak %69tik %75era egin du gora herrialde horietan, hamabi urtean. Gutxi falta dute, beraz, helburua betetzeko. Izan ere, 2015. urterako herritarren %84k jasotzea da jarritako erronka. Latinoamerikaren eta Kariberen atzetik, Asia ekialdean egin dira aurrerapen handienak. Asia ekialdean, osasun zerbitzurik ez dutenen kopurua %23 igo da 1990etik 2002. urtera bitartean. Hala ere, eskualde horretan gabezia handiak daudela gogorarazten du txostenak. Hala, Asiako ekialdeko lau herritarretik hiruk ez dute gaur komunik.Helburuak betetzetik urrunen dauden herriak, berriz, Asia hegoaldekoak eta Saharaz hegoaldekoak dira. Herrialde horietan, herritarren erdiek ere ez dute gaur egun oinarrizko osasun zerbitzurik.
Kaltetuenak, haurrak
Txostenaren aurkezpen ekitaldian, Carol Bellamy Unicefeko zuzendariak esan zuen gazteenek sufritzen dituztela gogorren ur eta osasun gabezia horiek. Haren arabera, munduan, lau milioi haur hiltzen dira eguneroedateko urik ez dutelako. Ur txarra edanda haur asko gaixotzen direla ere nabarmendu zuen Bellamyk. Edateko urik ez duten herrialdeetan beherakoa da gaitzik zabalduena, eta, era berean, heriotza gehien eragiten dituenetako bat. Txostenaren arabera, edateko urik ez duten herrialdeetan, 1,8 milioi pertsona hiltzen dira urtero, beherakoaren ondorioz. Horietako gehienak bost urtez azpiko umeak direla zehaztu zuen atzo Bellamyk.
Bada, baina, edateko urarekin lotutako beste arazo bat ere. Gabezia hori duten herrietan, jendeak ibili luzeak egin behar izaten ditu ur bila. Etxeko txikienekizan ohi dute normalean, gainera, horren ardura. Horren harira, Bellamyk esan zuen haur askok bestelako eginbeharrak utzi behar izaten dituztela edateko ur bila joan ahal izateko: «Haur asko, eta batez ere neskato asko, ez dira eskolara joaten, ur bila joan behar izaten dutelako». Edateko urik ez duten herrialdeetan eskolatu gabeko haurren kopurua besteetan baino dezentez altuagoa dela gehitu zuen Bellamyk, eta, ondorioz, herrialde horiek nekez garatu ahalko direla.Ondorioei eskainitako atalean, herrialde industrializatuen inguruko ohar txiki bat ere jaso dute. Haren arabera, «garatzeko bidean diren herrialdeen» aldean, herrialde industrializatuetan «gutxi» hobetu da azken urteotan. Idatziak dio Sobiet Batasun ohian, esaterako, herritarren %83k bakarrik jasotzen dituztela osasun zerbitzuak. Bide horretan, dio egoerak okerrera egin dezakeela, «presio demografikoagatik eta krisi ekonomikoagatik».
MILURTEKORAKO ERRONKAK
Mila milioi pertsonak baino gehiagok ez dute edateko urik
Osasunerako Mundu Erakundeak eta Unicefek salatu dutenez, herritarren %40k ez dute oinarrizko osasun zerbitzurik jasotzen; denetan daturik larrienak Asia ekialdekoak eta Saharaz hegoaldeko Afrikakoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu