A jea ezin kenduz aspirina bilatzen nuen bitartean, medikuak aspaldi esandako esaldi bat etorri zitzaidan gogora: «Maddi, zaindu ongi zure burmuinean dauzkazun neurona gizajoak. Horiek hiltzen badira, betiko galduko dituzu, neuronek ez baitute birsortzeko ahalmenik». Kaka zaharra! auskalo atzo afaritan edan nuen ardoak zenbat neurona hil dizkidan...pentsatu nuen. Bihotzeko, gibeleko eta korneako transplanteak egin daitezke jada, baina oraindik ez dakigu noiz lortuko duten neuronak transplantatzea. Oraingoz ez dira existitzen. Aldiz, Neurona Artifizialak deitzen ditugun elementu teknologikoak aspaldi asmatu zituzten.Neurona Sare Artifizialak (SNA) biologian iradokitzen dira. Horrek neuronek funtzionatzen duten elementuetan oinarritzen direla esan nahi du, beraien oinarrizko funtzioetan, alegia, eta neurona biologikoek gure burmuinean lan egiteko erabiltzen duten moduaren antzera antolatzen direla. SNAen oinarrizko ezaugarriak ondokoak dira:1) Eskarmentutik ikasten dute, gizakiok bezala.2) Aurretik ikasitako adibideak orokortzen ditu, ondoren adibide berriak aztertu ahal izateko.3) Sarreren esentziaren abstrakzioa burutzen saiatzen dira, hau da, informazio interesgarriena gordetzen.Neurona bakar bat funtzio sinpleen ereduak burutzeko gai izan arren, neuronen produktibitate handiena sareetan antolatzen direnean izaten da.Neurona Sare Artifizialen teknologia bai softwarearen, bai hardwarearen bidez gara daiteke. Gehienetan baldintza aldakorrei egokitzen diren sistemak eraikitzeko balio dute, eta datu-sorta nahiko handia izanez gero, eredu batzuen gerorako egoera aurreikusteko gai diren sistemak ere gara daitezke. Dena den, oraindik gizakion neurona-sareen funtzionamendua zehatz-mehatz zein den ez dakigunez, ikerketa sakonak egiten ari dira gai hauen artean, beste askotan bezala, gai askotako adituak elkartuta. Neurona artifizialek gureen funtzionamendua ongi imitatzea nahiko bagenu, neurona horiek erdibideko aukerak hartzeko ahalmena izan beharko lukete, espero ez diren erantzunak bilatzeko ahalmen sortzailea alegia. Gure neuronek txiste bat sortzen dutenean, adibidez, bide ezagunari (gertakari arrunta) alternatibak bilatzen dizkiogu. Goizuetako apaizaren txistea kontatuko genizueke adibide gisa, baina Argi Aldian atal hau serioa da.Orain arteko konputazio-zientziak makina logikoetan oinarritu dira. Makina logikoek bai ala ez (egiazkoa/faltsua) besterik ez dute ulertzen. Horrelako makinentzat bide alternatiboak bilatzea oso zaila egiten da. Egun SNAak Logika Zehaztugabearekin (Fuzzy Logic), Algoritmo Genetikoekin, Sistema Adituekin eta beste hainbat teknologiekin konbina daitezke eraginkorragoak izan daitezen.Gure burmuineko zelulatxo bitxi horiek egunen batean neurona artifizialekin ordezkatu ahal izango ditugu, ajea dugun egunetan behintzat, eta beste aldetik begiratuta, gure PCa txisteak asmatzeko gai izango da. Eta Goizuetako apaizaren txistea hurrengoan kontatuko dizuegu.
Oharra: Artikulu honetan,Aitzol Ezeizak, Karmele Lopez de Ipiñak eta Montxo Lopez de Ipiñak ere parte hartu dute.
ARGI ALDIAN
Neurona sareak
Oharra: Artikulu honetan, Aitzol Ezeizak, Karmele Lopez de Ipiñak eta Montxo Lopez de Ipiñak ere parte hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu