OSASUNA

OMEk botika «okerra» banatzen du adituen ustez

Malariaren aurka egiteko tratamendu «hobeagoak» badaudela esan dute adituek

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Mundu osoko zientzialariek malariaren aurkako «okerreko» tratamenduak bultzatzea leporatu diote OME Osasunerako Mundu Erakundeari eta Mundu Funtsari, Lancet aldizkarian idatzitako artikulu batean. Amir Attaran Londresko Nazioarteko Arazoetarako Erret Institutoko kidea eta salaketa egin duen ikertzaile taldeko buruaren arabera, Afrikako herrialdeetan malariaren aurka egiteko erabiltzen diren botikek heriotza ugari eragiten dituzte.

OMEk 1998an abiatu zuen malariaren aurkako kanpaina eta haren helburua gaitza 2010erako desagerraraztea zen. Azken ikerketek, ordea, ACT izeneko tratamendua OMEk erabiltzen duena baino «eragingarriagoa» dela frogatu dute. Azken hori, baina, erakundeak bultzatzen duena baino hamar aldiz garestiagoa da. «ACT bezalako tratamendu bat egonik, OMEK eta Mundu Funtsak nahiago izan zuten tratamendurik merkeena finantzatzea. Hori ez da onargarria. Arau etikoak eta legedia ahaztu dituzte bi erakundeek eta, horrez gain, helburu hobeago batekin erabil zitezkeen diru laguntzak alferreko tratamendu batera bideratu dituzte», salatu zuen Attaranek.

Erreakzioa

Ian Simpson Osasunerako Mundu Erakundeko kidearen esanetan, OMEK ez zuen hautatu tratamendu hori merkeagoa zelako. «2001az geroztik ezagutzen dugu ACT izeneko tratamendua, eta badakigu botika hori guk bultzatzen duguna baino egokiagoa dela. Baina arazoa beste bat da. Guk bigarren tratamendua bultzatzeko aukera aurkeztu genuenean diru laguntza ematen zutenek ez zuten onartu», azaldu zuen Simpsonek. Bere esanetan, egun gehiago dira ACTren alde daudenak.

«Kritikak lehendik erdi irekia zegoen atea bultzatu dute», esan zuen Jon Liden Mundu Funtsako kideak. Haren esanetan, diru laguntza ematen duten herrialdeek dute azken hitza, eta, beraz, euren esku dago tratamendu bat edo bestea hautatzea.Urtero milioi bat lagun inguru hiltzen dira munduko 90 herritan, malariak jota. Kasu gehienak Afrika, India, Brasil, Sri Lanka, Vietnam, Kolonbian eta Solomon uharteetan dauden arren, gaixoen %90 Saharaz hegoaldeko Afrikan daude.Malariaren sintoma nagusiak hotzikarak, sukarra, buruko mina, giharretako mina, eta gorakoak. Normalean, sintomak hasi eta hogei bat egunetara osatzen dira gaixoak. Baina horretarako, ahalik eta azkarren hasi behar da tratamentua. Adituen esanetan, haurrak dira «gehien sufritzen» dutenak eta kasu batzuetan gaitzak anemia, koma eta heriotza ere eragin lezake.Azken ikerketek diotenez, malariaren aurkako tratamendu ugari garatu diren arren, gaur egun, duela 30 urte baino pertsona gehiago hiltzen dira gaixotasunaren eraginez. Adituen ustez, gaixotasuna bera ere garatu egin da, eta duela urte batzuk haren aurka erabiltzen ziren botikek ez dute suntsitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.