Munduko osasun premiak behar bezala betetzeko mediku, erizain eta emagin gehiago behar dira; 2,4 milioi gehiago, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) ohartarazi duenez. Premiarik gorriena Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetan dute. Munduko erien %24 herrialde horietan bizi dira, baina osasun arloko profesionalen %3 baino ez dira ari herrialde horietan lanean. Mundu zabalean batez bestekoa mila biztanleko osasun alorreko 9,3 langilekoa da; Afrikan, 2,3koa.
Oro har, osasun arloko profesionalak gutxiegi direla esan dute OMEko adituek, eta «gaizki ordainduta eta gaizki babestuta» daudela kasu askotan. Osasun arloko profesionalen eskasia 1.300 pertsonak jasaten dutela azaldu dute, eta kopurua handitzeko neurriak handituko balira hamar milioi heriotza saihestuko liratekeela urtean. Sendatzen errazak diren gaitz infekziosoen ondorioz hiltzen dira urtero milioika lagun, edo ondo artatuz gero arazorik gabekoak behar luketen erditzeetan.
Osasunaren Mundu Eguna
Osasunaren Mundu Eguna da gaur, eta hitzordu horren harira egin dute OMEko adituek osasun alorreko profesionalei buruzko txostena. Afrikako egoera arrunt kezkagarria dela esan dute behin eta berriro. «Osasun alorreko profesionalen gabeziaren krisiaren epizentroa Afrika bihurtu da». Mediku askok, Afrikan ikasketak egin eta ondoren bertako egoera kaskarretik ihes egiten dutela azaldu dute OMEko ordezkariek, eta herrialde aberatsetara joaten direla lan egitera.
Mediku horien lan baldintzak hobetzeko ahaleginak egin behar direla esan dute Osasunaren Mundu Erakundeko arduradunek. Soldata hobeak jarri behar zaizkie, eta lanerako baldintza egokiak.
OSASUNA. Mediku, erizain eta emagin eskasiaz ohartarazi du OMEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu