Polioa gaur egun munduko lau herrialdetan bakarrik da eritasun endemikoa, eta, okerrik ezean, bi urte barru desagertuta egongo dela ondorioztatu du Nazio Batuen Erakundeak (NBE). Horretarako ahalegin berezia egiteko asmoa erakutsi dute Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) eta Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Fondo Unicefek.
Bost urtetik beherako umeei erasaten die normalean gaitzak. Birus batek eragindakoa da, eta nerbio sistemara jotzen du bete-betean. Ondorio larriak izaten ditu: gorputz-adarren atrofia eta perlesia eragiten ditu. Azken urteotan haurrak txertatzeko ahalegin handiak egin dira mundu zabalean, eta fruitua eman dute. 1988. urtean gaitzaren 350.000 kasu agertu ziren, eta 2004an 1.189. Iaz Nigerian berriro agertu zen gaitza, eta beste herrialde batzuetara ere hasi zen zabaltzen. Baina berriro ere kontrolpean dagoela dirudi, eta murrizten ari da gaitza zabalduta dagoen herrialdeen kopurua.
Nigeria, India, Pakistan eta Afganistan
Gaur egun Nigerian, Indian, Pakistanen eta Afganistanen da gaixotasuna endemikoa. Egipton eta Nigerren ere oraindik endemikoa zela pentsatzen zuten adituek, baina azken 12 hilabeteotan kasu bakar bat ere ez da agertu, eta ondorioz zerrendatik kendu egin dituzte bi herrialde horiek.
Egiptoko osasun agintariek poz handia erakutsi zuten atzo polioa desagerraraztea lortu dutelako. «Gaixotasun hau gurekin izan dugu faraoien garaietatik», gogora ekarri zuen atzo Osasun ministro Hatem Mostafa El-Gabalyk, lorpenaren garrantzia nabarmenduz. Lehengo urtean 1.808 neska-mutil gaixotu zituen gaitzakguztira, 727 Nigerian.
OSASUNA . Polioa bi urte barru desagerrarazteko modua dagoela dio NBEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu