Panama adinako baso zatia galtzen da urtero

FAOk ohartarazi du 13 milioi hektarea baso suntsitzen dituela gizakiak urtero, baina, hala ere, azken bost urteotan baso-soiltzearen erritmoa moteldu egin dela esan du

Erredakzioa
2005eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Lurraren birikak txikitzen ari direla ohartarazi du FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak. Haren arabera, urtero 13 milioi hektarea baso suntsitzen ditu gizakiak, egurra ustiatzeko edota lur horiek nekazaritzarako edo abeltzaintzarako egokitzeko. Munduan, Latinoamerikako oihanak dira kaltetuenak. Azken bost urteotan 4,3 milioi hektarea galdu dituzte hango baso eta oihanek. munduko baso galtzearen %65 Datu positibo bat ere bada, baina. Baso galtzearen erritmoa moteldu egin da azken urteotan, nahiz oraindik «oso kezkagarria» den.

Munduko baso-zoruaren azterketa 2005 izenburuko txostena argitaratu zuen atzo FAOk; munduko baso aldeen gainean «inoiz egin den azterketarik sakonena». Bertan, azken bost urteotako baso soiltzea aztertu dute, 229 herrialdetan. 800 lagun baino gehiagok eta tokian tokiko 172 taldek parte hartu dute ikerketa horretan.Azterketa horren arabera, azken bost urteotan, 7,3 milioi hektarea galdu dira bataz beste munduan. Sierra Leona edota Panama halako zatia, alegia. Galtze garbia da hori. Hau da, berez eremu zabalagoak suntsitu ditu gizakiak, baina leku batzuetan arbolak sartu dituzte, baso galtzea konpentsatzeko. Zentzu horretan, aurrerapen batzuk egin dira azken urteotan, bereziki Asian. 1990 eta 2000 urteen artean baso galtze garbia 8,9 milioi hektareatakoa izan zen munduan. Europan ere «urrats handiak» egin dira.Lurraren azaleraren %30 basoak dira. Bestera esanda, 4.000 milioi hektarea inguru hartzen dute arboladiek, eta horien %36 oihan birjinak dira. Munduan, honako hauek dira baso alde handienak dituzten hamar herrialdeak: Australia, Brasil, Kanada, Txina, Kongoko Errepublika Demokratikoa, India, Indonesia, Peru, Errusia eta Estatu Batuak. Herrialde horietan daude munduko basoen bi heren. Herrialde horiek guztiek, baina, ez dute berdin zaintzen ondare hori. Izan ere, txostenaren arabera, Latinoamerikan eta Afrikan galdu dira baso sail handienak. Azken bost urteotan, urteko, 4,3 milioi hektarea suntsitu ditu gizakiak Latinoamerikan, eta 4 milioi hektarea Afrikan. Ozeaniak, Ipar Amerikak eta Erdialdeko Amerikak, bestalde, 350.000 hektareena galdu dituzte. Asian, aldiz, milioi bat hektarea baso irabazi dute tarte horretan, «Txinak egindako lanagatik bereziki».Txinak egindakoa eredutzat hartzeko eskatu die FAOk gainerako herrialdeei, «basoak ezinbestekoak direlako bioaniztasuna zaindu eta atmosferara isuritako karbono dioxidoa xurgatzeko». Datu bat: Basoko biomasan 283 gigatona karbono metatzen da. Hau da, basoko zuhaitz hiletan edo zoruan atmosferan baino %50 karbono gehiago metatzen da.

«Basoa zaintzeko arrazoiak»



Ondare naturala: Lurraren eremuaren %30 inguru basoa da. 40 milioi metro koadro inguru, guztira. Bizilagun bakoitzeko 0,62 hektarea baso dago gure planetan. Erdia baino gehiago, baina, Errusian, Brasilen, Kanadan, AEBetan eta Txinan. Azken bost urteotan, baso galtze garbia honako hamar herrialde hauetan izan da handiena: Brasil, Indonesia, Sudan, Myanmar, Zambia, Tanzania, Nigeria, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Zimbawe eta Venezuelan. Baso gehien sartu dutenak, berriz, honako beste hauek izan dira: Txina, Espainia, Vietnam, AEBak, Italia, Txile, Kuba, Bulgaria, Frantzia eta Portugal.Bizitokia eta elikadura: 300 milioi lagun ingururen bizitokia da basoa, eta basotik lortzen dutenari esker bizi dira munduan 60 milioi pertsona baino gehiago. Indigenek, esaterako, bizitzeko behar duten guztia ateratzen dute handik: jatekoa, sendagaiak, egurra...

Osasuna: Garatzeko bidean diren herrialdeetan bizi diren lagunen %75-90entzat produktu naturalak dira sendagai iturri bakarra. Era berean, mila milioi lagun inguru basoko landareetatik eratorritako sendagaiei esker bizi dira munduan. Beste datu bat: munduan, zortzi urtez beherako milioi erdi ume itsu gelditzen dira, A bitaminarik hartzen ez dutelako edo behar baino gutxiago hartzen dutelako. Zuhaitz hostoek eta zenbait frutak, baina, nahi beste A bitamina dute; mangoak, esate baterako. Euri gutxi egiten duen herrialdeetan, berriz, basoak ezinbestekoak dira lehorte garaian elikagaien segurtasuna bermatzeko.

Ingurumena: Basoko landaredia zaintzea ezinbestekoa da lurraren higadura saihesteko, eta klima erregulatzeko. Izan ere, atmosferan baino %50 karbono dioxido gehiago metatzen da biomasan. Atmosferara isurtzen diren gas kutsagarrien %20 baso-soiltzearen ondorioz izaten da.

Bioaniztasuna: Lurreko landare eta animalia espezieen bi herenen bizitokia da basoa. Oihan tropikal itxia soiltzen denean, eguneko ehun espezie baino gehiago galtzen direla uste dute biologoek. Hamar espezietik bat bakarrik ezagutzen dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.