Mila haur baino gehiago hil ditu dagoeneko Japoniako entzefalitisak Indian eta Nepalen azken asteotan. Ez dirudi gauza harrigarria, albistea denik ere ez. Asko dira halako kasuak munduan. Afera honek, ordea, aukera paregabea ematen du konpainien interesak eta populazioaren osasuna balantzan jarri eta pisu gehien nork duen ikusteko. Izan ere, Txinan aspaldi ari dira erabiltzen Japoniako entzefalitisaren aurkako txerto eraginkorra. Indiak, ordea, ez du erosi nahi, eta garestiagoa, arriskutsuagoa, eta ekoizteko zailagoa den beste txerto bat erabiltzen du. Ondorioz, milioika haur txertorik gabe daude urtero.
Garunari erasaten dio Japoniako entzefalitisaren birusak. Burmuinaren sukarra ere esaten zaio gaitzari. Eltxoen bidez kutsatzen da, eta birusa hasieran zerrietan ugaltzen da. Gizakiek gaitza garatzen dutenean, kutsatzen direnen %30 hiltzen dira. Horrez gain, bizirik irauten dutenen erdiak kalteak izaten dituzte garunean. Sukar handi batekin hasten da gaitza. Gero botaka hasten dira gaixoak, eta giharretan karranpak izaten dituzte. Azkenean, odola botatzen dute eta koman sartzen dira.
Txertoa, 1941etik kalean
Japoniako entzefalitisaren aurkako txertoa aspaldi dago merkatuan. «Ameriketako Estatu Batuetako militarrei ematen diete Asiako hego-ekialdeko herrialdeetara doazenean», dio Julie Jacobson doktoreak, berriarekin izaniko elkarrizketan. Path erakundeko Japoniako entzefalitisaren egitasmoko zuzendaria da Jacobson. Mendebaldean sorturiko botikak herrialde txiroetan banatzeko egiten du lan. AEBetako militarrek jasotzen duten txertoa herrialde aberatsek aberatsentzat pentsaturikoak dira, eta ez dute inoiz konpondu gaitza endemikoa duten herrialdeen arazoa. «Saguen burmuinetik ateratako txertoa da», dio Jacobsonek: «Garestia da, hainbat dosi eman behar dira eta zaila da kopuru handitan ekoiztea». Txerto hori da Indian erabiltzen dutena. «Oso kopuru txikia dute, eta behar izugarria».
Haur txiroak dira Indiako Uttar Pradesh estatuko izurriaren biktima nagusiak. Entzefalitisa endemikoa da han, eta kalkuluen arabera, 3.500 pertsona inguru hil ditu azken 25 urteotan. Asia osoan 50.000 kasu izaten dira urtero. Aurtengo eurite eta uholdeek, ordea, gaitza izurri bihurtu dute. Eltxoek ugaltzeko aukera oparoa izan dute, landa eremuak putzuz beterik daudelako. «Aurten 10 urtetik beherako zazpi milioi haurri txertoa jartzeko helburua genuen, baina 200.000 baino ezin izan ditugu txertatu», esan duO. P. Singhek Uttar Pradeshko osasun arduradunak.
Txinako botika miresgarria
Txinatarrak bigarren belaunaldiko botikarekin ari dira dagoeneko populazioa txertatzen. 1988. urtetik 200 milioi haurri eman diete, eta sekulako mesedea egin du han gaitza kontrolatzen. Txinako txertoa merkea da, ekoizteko erraza, dosi gutxiago behar dira eta nahigabeko eragin gutxiago ditu. Sri Lanka eta Asiako beste hainbat herrialdetan probatu dute, eta emaitzak «miresgarriak» izan direla dio Jacobson doktoreak.
Galderak begi-bistakoa dirudi: zergatik ez du, orduan, Indiak Txinako txertoa erosten? «Beste txerto batzuk garatzen ari dira Indian bertan, oso interesgarriak, baina oraindik denbora asko beharko dute».Haurrak hiltzen ari diren bitartean, Indiako industriaren interesak defendatzen ari ote diren galdetuta, isilune luze bezain ozen batekin erantzun du Jacobsonek. Hitz egiten jarraitzea erabaki duenean oso poliki mintzatu da: «Zera esan behar dut: bost urte daramatzagu honetan lanean, eta Indiako Gobernuarekin ditugun harremanak oso minberak dira. Hau oso garrantzitsua da niretzat, eta ez dut nahi ateratzea harreman horiek arriskuan jarriko dituen ezer. Une honetan aurrerapauso handia egiteko zorian gaude».Abuztuan, Entzefalitisa Saihesteko Sarea egitasmoa abiatu zuen Pathek. Osasunerako Mundu Erakundearekin, UNICEFekin eta beste erakundeekin lan eginda, gaitzaren inguruko datuak jaso eta txertoaurreratua zabaltzea dira asmoak. «Mendebaldeko unibertsitateetan eta laborategietan sakabanaturik daudenpatenteak bildu eta Asiarako egokia den produktua osatu behar dugu. Lan nekeza da, baina egin beharrekoa», dio Jacobsonek.Bill eta Melinda Gates Fundazioaren 27 milioi dolarrek eman zioten lehen bultzada Path erakundeari, paradoxikoa badirudi ere. Izan ere, bere patenteak defendatzeko edozein gauza egiteko prest izatea leporatu diote askotan Gatestarren Microsoft konpainiari. Antza denez, patenteek sorturiko karma txarra garbitzeko nahia Asiatik harantzago heltzen da.
Patenteen karma txarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu