PROSTITUZIOA

Prostituten bezeroak gogor zigortzeko eskatu du Vatikanoak

Erredakzioa
2005eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Prostituzioaren kontra egin du Vatikanoak. Prostituzioa emakumeen kontrako indarkeria dela salatu du, eta hala, prostituten bezeroak legez zigortzeko eskatu. «Esklabotza eredu berri bat da prostituzioa, emakumeen duintasunaren kontrako irain bat eta oinarrizko eskubideen urraketa garbia», dio hitzez hitz Vatikanoak herenegun argitaratutako idatziak. Etorkinentzako Kontseilu Pontifikalak antolatutako prostituzioaren gaineko mintegian aurkeztu zuen idatzi hori Vatikanoak. Europako 19 gotzain batzarretako misiolariek, apaizek, gotzainek, monjeek eta psikologoek parte hartu dute mintegi horretan.

«Plazer sexuala bilatzeko baino gehiago, emakumea menperatzen dutela sentitzeko jotzen dute gizon askok prostitutengana. Gizarte harremanetan indarra galdu dute eta maskulinitatea ere bai, eta ezin dute elkarrekikotasuneko eta errespetuzko harremanik egin». Vatikanoaren esanetan, gizon horiei zigor gogorrak ezarri behar zaizkie, baina aldi berean, lagundu ere egin behar zaie, «euren benetako arazoak konpontzeko». Horren inguruan hauxe dio idatziak: «Sexua erosteak ez du balio bakardadea, frustrazioak eta benetako harremanik ez izateak sortzen dituen arazoak konpontzeko».

Publizitatea

Publizitatea ere aztertu behar dela esan du Vatikanoak. Iragarkietan emakumeari ematen zaion tratua «umiliagarria» dela salatu du. Vatikanoaren esanetan, prostituten bezeroek 40 urte inguru izaten dituzte, baina gero eta mutil gazte gehiagok jotzen dute sexuaren merkatura, «emakumeak menperatzeko asmoz». Eliza katolikoak «errespetua eta duintasunaren» alde egin behar duela gogorarazi die Vatikanoak eliztarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.