Sagarrondotik fruitua

Hiru hamarkada bete ditu gaur Apple ordenagailu konpainiak, eta une gozoan dago orain, askotan larri ibili bada ere

Edu Lartzanguren.
2006ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Sagar batengatik galdu zen paradisua. 30 urte bete ditu gaur Apple konpainiak. Unibertsitatean ikasketak amaitu gabe utzitako biikaslek sortu zuten, 1976ko apirilaren batean, munduko herrialde askotan txantxak egitea libre den egunean. Applek egindakoa ez da,ordea, txantxa, nahiz eta enpresak hankasartzerik harrigarrienak egin dituen urte hauetan. Porrotik okerrenen ondoren arrakastarik handienak ikusi dituzte sagarrondotik. Orain berriz daude goia jotzear. Berriz hondoa jotzeko?

Ordenagailu pertsonalen aroaren hasieran, etxeko garajeetan sortu zituzten enpresak lehen abenturazaleek. Haietako bi Steve Jobs eta Steve Wozniak izan ziren. «Hasieran Microsofteko jendearekin ibili ziren, baina berehala ikusi zuten beren apustua bestelakoa zela», dio EHUko Informatika Fakultateko irakasle Jesus Ibañezek. «Microsoft softwarean zentratu zen, baina Applek bi zaldiren aldeko apustua egin zuen: softwarea bai, baina gure makinekin!».

Apple I ordenagailua saltzen hasi ziren 1977an, kit modura, gero erosleak berak etxean muntatzeko. Informatikaren Ikea hori soilik aditu eta zale batzuengana heldu zen, jakina. Hurrengo urteko produktua, Apple II, ordea, ingeniariei saltzeaz gain, leku bat irabazi zuen hainbat etxetan. Gero etorriko zen iraultzaren oinarria izan zen.

Macintosh iraultza

Kondairaren arabera, Jobs bisitan joan zen Xerox enpresaren laborategira eta han ikusi zuen lehen aldiz interfaze grafiko bat. Ordura arte, ordenagailuek pantaila beltz bat baino ez zioten erakusten erabiltzaileari. Horrek aginduak teklen bidez sartu behar zituen, eta, bistan da, soilik adituek zekiten aginduak idazten. Interfaze grafikoan, ordea, pantailan agertzen diren objektuen bidez komunikatzen da ordenagailua erabiltzailearekin. «Hau da nik nahi dudana», esan zuen Jobsek.«Macintosh ordenagailua egin zuen orduan Applek, interfaze grafikoarekin. Appleren iraultza izan zen», dio Ibañezek. 1984. urtean plazaratu zuten Macintosh-a, eta lehen aldiz edonork zuen aukera txartel, testu, aldizkari eta edozein material grafiko erraz sortzeko. Gaur egun, ordenagailu ia guztien pantailetan agertzen den mahaigaina da Appleren asmakizun nagusia, gero Microsoftek kopiatukozuena. Interfaze gain horri esker zabaldu ziren ordenagailuak bulegoetan eta etxeetan, edonork erabiltzeko modukoak zirelako.

Hurrengo urteetan, Microsoft aurrea hartzen joan zen, Windows sistema eragilearekin, nahiz eta Macintoshen sistemaren aldean, Windows oso eskasa izan. Izan ere, bere sistema eragilea edozein etxek egindako gailuetan erabiltzeko plazaratu zuen Windowsek. Gailu egileen arteko lehiak salneurriak jaitsi zituen. Appleren produktuak garestiago izaten jarraitu zuten. Munduan dauden ordenagailu guztien %4 baino ez dira egun Applek egindakoak.

«Kolpeak jaso dituzte, beti izan direlako ausartak. Abangoardian ibilita, gauzak batzuetan ondo ateratzen dira eta bestetan gaizki», dio Karmele Lopez de Ipiñak Barra Barra informatika taldeko kideak.

Uhinaren gainean berriz

Urteetan zokoan egon arren, berriz hasi da gora egiten Appleren zoria. Hiru zorte kolpe izan ditu, lehena Mac Os X sistema eragilea. «Mugarria da Mac Os X sistema, horren aurrekoa eta ondorengoa dago», dio Oskar Angulo berria egunkariko informatikariak. Linux sistema eragile askea eta Appleren betiko mahaigaina konbinatu dituzte Mac Os X-an. «Horren bidez, bi produktu batera dituzu: alde batetik erabiltzaileentzat mahaigain erraza, Windows baino gardenagoa. Bestalde, Linux-i esker, sistema estandarizatua lortu dute, salbuespena izateari utzi diote».

Bigarren zorte kolpea: iPod musika entzuteko gailua. Sekulako arrakasta izan du, 42 milioi gailu saldu dituzte. Gailuak iTunes Interneten bidez abestiak saltzeko dendarekin batera, musikaren merkatua hankaz gora jarri du Applek.Hirugarren urratsa Intel prozesadore egilearekin iaz lorturiko ituna da. Apple ordenagailuak Intelen txipekin funtzionatuko dute aurrerantzean, eta horri esker Applek aurrea hartuko duela ziurtzat jotzen du Angulok. «Hankatxoa sar dezake orain, musikaren merkatutik, gazteen artean, eta min egin Microsofti», dio Ibañezek. «Sakelan eramateko ordenagailuekin ustekabea emango duela uste dut», dio Lopez de Ipiñak. Gauza bat ziurra dirudi, garai onak nahiz txarrak, ausardiaren fruituak ematen jarraituko du 30 urteko arbolak.

Appleren hamar porrot nagusiak



Porrotez porrot, garaipeneraino, horra Apple konpainiaren ibilbidea deskribatzen duen lelo ez-ofiziala. Izan ere, askotan huts egin dute Appleren egitasmoek. «Beren garairako aurreratuegiak», Applezaleen arabera. Hona hemen hamar sagar ustelenak.

'Apple Pippin': Bideo joko eta ordenagailu orokor modura aurkeztu zuenApplek 1995. urtean, baina azkenean ez zen ez bata eta ez bestea. Applek ez zuen gailua egin zuzenean, teknologia saldu egin nahi zuen besteek egin zezaten. Soilik konpainia bat ausartu zen gailua egitera.

'Mac TV': Beste hibrido bat: erdi MacIntosh erdi telebista. Motz gelditu zen, telebista ikusteko aukera ematen zuen, baina ezin zen grabatu. 1993ko urrian merkaturatu zuten eta 1994ko hasierarako erabaki zuten gehiago ez egitea. Soilik 10.000 saldu zituzten.

'Mac XL Lisa': Hasiera batean, 2.000 dolarretan salduko zen ordenagailua egiteko asmoa zuen Lisa egitasmoak. Gailua 1983. urtean aurkeztu zutenean, ordea, ia 10.000 dolar kostatzen zuen. Garestiegia zen, geldoegia eta soilik bulegoan erabiltzeko moduko programak zituen. Saldu gabe geraturiko azken 2.700 gailuak zelai batean lurperatu zituzten 1989. urtean.

'Macintosh' eramangarria: Ia 6.000 dolar kostatzen zuen Macintosh Portable ordenagailuak 1989. urtean merkaturatu zutenean. Horrez gain, berunezko azidoko bateriak erabiltzen zituen eta oso astuna zen (7,5 kilo pasatxo). Ezin zen hegazkinetan erabili, besaulkietako mahaitxoak hausten zituelako.

'eWorld': Bizialdi laburra izan zuen telefonoaren hariaren bidezko zerbitzuak. 1994. urteko urtarrilean abiatu zuten. Hiri birtual bat bezala zegoen antolatuta: albisteak eskaintzen zituzten kioskoaren marrazkian klik eginda, e-maila posta bulegoan, erosketak dendan klikatuta... eWorld-eko kideek elkarrekin hitz egiteko aukera zuten eta testuak zein argazkiak trukatzeko. Arazoa? Izugarri garestia zen (10 dolar hilero, eta, gero, 8 dolar ordua). Interneteko antzeko zerbitzuek aurrea hartu zioten, eta 1996ko martxoan itxi zuten mundu birtuala.

'Apple Newton': Adituen arabera, merkatua sakelako ordenagailuentzat helduta ez zegoelako huts egin zuen Apple Newton gailuak. Beste PDAk baino lehen zabaldu zuten gailua, 1993an. Porrotaren arrazoien artean hauek aipatu dituzte: salneurria (1.000 euro mota batzuk), sakelan sartzeko handiegia zela eta idazkera ezagutzeko programa eskasa zela. 1998an utzi zuten bertan behera.

OpenDoc: Ordenagailuetako aplikazioetan asko dira bikoizten diren tresnak. Bi aplikaziok, esaterako, kalkulagailu banaerabiltzen badute, zergatik ez kendu horietako bat memoria aurrezteko? Hona OpenDoc sistemak proposatu zuena. Kalkulagailuak, soinu eta irudi tresnak moduluka izango ziren ordenagailuan, eta aplikazio batek horietako bat erabili nahi izanez gero, moduluari deituko lioke. Ideia ona zen, baina emaitza ez. Denbora gehiegi behar zuten aplikazioek moduluak kargatzeko. 1998an utzi zuten egitasmoa.

Sagu biribila: iMac ordenagailuaren diseinu originalarekin bat etortzeko, sagua eta teklatu bereziak diseinatzea erabaki zuen Applek. Puck sagua biribila zen eta erabiltzaile askok ez zekiten noiz zegoen aurrera begira. Askok baztertu egin zuten eta sagu arrunt batekin ordezkatu. Horrekin zetorrenKiddie teklatua are okerragoa zen: diseinatzaileek tekla asko kendu zituzten eta beste batzuk txikiagotu.

Ordenagailu 'hippy'-a: iMac ordenagailuen bigarren belaunaldirako diseinua haratago eraman zuen Applek. Kolore biziko iMac-ez gain, Flower Power loreduna eta Dalmata Urdina plazaratu zituen. Hilabete gutxira ereduok egiteari utzi zion, jendeak txantxatzat hartu zituelako eta oso gutxi saltzen ari zirelako.

'Mac Cube': Pantailarik gabeko ordenagailua zen Power Mac G4 Cube izeneko tresna. Kubo itxura zuen eta 2000. urtean merkaturatu zuten. Garestiegi, askoren arabera. Izan ere, hurrengo urtean saltzeari utzi zioten. Porrot handia izan zen Applerentzat eta iMac G3arekin burtsan irabazitakoa galdu zuen konpainiak.

Birusen egileen jomugan orain



Arrakastak arriskuak ditu. Zabaltzen hasi denetik, birusak egiten dituztenen jomugan jarri dira Apple ordenagailuak gero eta gehiago. Otsailean Leap-A izeneko zizarea agertu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.