Saharaz hegoaldeko Afrikako herritarren egoera beste lekuetakoa baino larriagoa da, txostenak dioenez. Herrialde horietan, haurren %35ek, duela hamar urte baino hiltzeko arrisku handiagoa dute, gaur egun. Ondorioz, 500 emakumek haur bat galtzen dute orduro. Ez da, baina, gauza bera gertatzen leku guztietan. «Herrialde garatuetan bederatzi urte luzatu da bizi esperantza, 17 urte haur eta helduen hiltze tasa altua duten eta garapen bidean dauden herrialdeetan, eta 26 urte garapen bidean dauden eta hiltze tasa baxuak dituzten estatuetan»,dio dokumentuak.
OMEren txostenak dio bost urtez azpiko haurren hiltze tasa «oso handia» dela, oraindik, «garapen bidean dauden herrialdeetan». Urtero 10,5 milioi haur hiltzen dira, gaur egun. Horien erdiak Afrikakoak dira, zehazten du OMEk. Sierra Leonan jaiotako haur batek, adibidez, bost urte bete aurretik hiltzeko ehun aldiz arrisku handiagoa du Singapurren edo Islandian jaiotako batek baino.Dokumentuaren arabera, «garapen bidean» dauden herrialdeetan gaixotasun kutsakorrak eta parasito-gaitzak dira haurren artean heriotz gehien eragiten dituztenak. Horien artean, hiesa da zabalduenetariko bat. Bost urtez azpiko haurren heriotza eragiten duten gaixotasunen zerrendan, baina, gaitz perinatalak itolarria edo jaiotzerakoan jasandako traumatismoak besteak beste daude lehen postuetan.Saharaz hegoaldeko Afrikan, bestalde, hiesak eta poliomielitisak ere heriotz ugari eragiten dituzte haur eta helduen artean. «Ingurune horretan, desnutrizioak, malariak, arnas-sistemako infekzioek eta beherakoek heriotzen %45 eragiten dituzte», dio txostenak. OMEren datuen arabera, herrialde horietan daude mundu osoan jaiotzen diren haurren %23 eta hiltzen direnen %42.Helduei dagokienez, berriz, iaz hildako 45 milioi pertsonen hiru laurdenak kutsakorrak ez ziren gaitzen ondorioz hil ziren. OMEren datuen arabera, hamar pertsonatik bat traumatismo baten eraginez hil zen.
Osasun zerbitzuak
OMEk osasun zerbitzu «hobeagoak» lortzea eta «herrialdeen arteko desberdintasuna gutxitzea» Milurtekoaren Garapen Helburuen artean daudela gogoratzen du dokumentuan. Erakundearen esanetan, oinarrizkoa da osasun baliabideak hobetzea hiesa edo pneumonia atipikoa bezalako gaitzei aurre egin ahal izateko. «Pneumonia atipikoa eta poliomielitisaren aurkako programak garatzeko jarraitutako prozesuak hiesaren aurkako sistema bat garatzen lagun diezaguke», dio.
Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, lau dira oinarrizko artatze zerbitzuak era egokiagoan garatzeko dauden arazo nagusiak: osasunerako giza baliabide gutxi daudela; gaitzei eta botikei buruzko informazioa ez dela egokia; diru laguntzak murritzak direla; eta berdintasuna bultzatzen duten proiektuak gutxi direla.Oinarrizko artatze egokia OMEren helburu nagusietako bat bilakatu zen 1978an Alma-Atako hitzarmenarekin batera. Geroztik, mende laurdena igaro den arren, OMEk dioenez, asko dago oraindik egiteko.«Oinarrizko artatzeaz ari garela, lau ideia nagusi gogoratu behar ditugu: denok dugu osasun zerbitzuak erabiltzeko eskubidea gure beharren arabera; denok berdinak gara osasun baliabideak erabiltzerakoan; herritarrek erabakiko dute oinarrizko artatzea nolakoa izango den; eta, azkenik, gizarte maila guztiek hartuko dute parte osasun baliabideek bete beharreko lana erabakitzerakoan», nabarmentzen du OMEren txostenak.Osasunerako Mundu Erakundearen esanetan, giza baliabideak dira erietxeetako arazo nagusia. «Duela 25 urte gobernua arduratzen zen erietxeeetako langileak kontratatzeaz eta herrialde bateko osasun langileak bertako erietxeetan geratzen ziren. Gaur egun, ordea, egoera aldatu egin da. Ondorioz, leku batzuetan giza baliabideak soberan dauden arren, beste batzuetan oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko ere ez dago baliabiderik», dio txostenak.
-
Datua
%45
Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetan desnutrizioak, malariak, arnasketa-sistemako infekzioek eta beherakoek heriotzen %45 eragiten dituzte. Osasunerako Mundu Erakundearen datuen arabera, herrialde horietakoak dira munduan jaiotzen diren haurretatik %23 eta hiltzen direnen %42 .