Errepideetan egiten den maniobrarik arriskutsuena da aurreratzea, eta milaka pertsona hiltzen eta zauritzen ditu urtero mundu osoan. Arrasateko (Gipuzkoa) industria ingeniari bikote batek mugimenduaren zientziaren zinematikaren legeak ezarri dizkio arazoari. Aurkitu dutenez, aurreratzea galarazita dagoela adierazteko seinaleak leku okerrean daude jarrita. Fisikako formula erraz batzuei kasu egiteak biziak salba ditzakeela uste dute.
«Dena Nafarroan hasi zen», dio Anton del Campo (Bilbo, 1944) ingeniariak. «Arrasatetik Pirinioetara gindoazela, Iruñea igarota, Elo eta Idotzin artean dagoen errepide tarte luze zuzen batean ikusi genuen autoak larri ibiltzen zirela aurreratzeko maniobran. Zergatik ote? Seinaleekin arazoren bat zegoela pentsatu nuen». LKS etxegintza eta urbanizazio enpresan egiten du lan Del Campok, eta Aitor Iarza (Arrasate, 1975) ingeniaria du lankide. Del Campok errepidean ikusitakoa kontatu, eta arazoaren bila abiatu ziren biak. Liburuxka bat Aurreratze maniobraren zinematika kaleratu dute orain ikerketaren emaitzekin.
Hil edo biziko sei segundoak
70 kilometro orduko abiadan goaz eta kamioi bat dugu aurrean. Kontrako norabidean auto bat dator orduko 90 kilometrora. Zenbat metro beharko ditugu gure autoaren eta kontrako bidean datorrenaren artean maniobra arriskurik gabe egiteko? Eta zenbat denbora?
Institutu garaiko ariketa ematen du, baina bizia dago jokoan, ez azterketa huts bat. «Autoa gidatzen ari dena ezin da ibili buruan halako ariketak egiten», dio Del Campok, «hori seinaleek esan behar diote argi».Mugimendu azeleratuaren formula sinpleak erabili zituzten ingeniariek aurreratzeko maniobrak zenbat irauten duen kalkulatzeko. Baina zehatzago izateko, «errekuperazio» propietatea gehitu zioten ariketari. Ibilgailu batek 80 kilometro orduko abiadatik 120 kilometro orduko abiadara heltzeko behar duen denbora da «errekuperazioa», eta bederatzi segundotik 11 segundora artekoa izan daiteke, ibilgailuaren arabera.«Harrigarria badirudi ere, aurkitu dugunez, aurreratzeko maniobrak sei eta zortzi segundo artean irauten du beti, edozein dela abiada. Soilik autoaren errekuperazioak aldatzen du tarte hori, eta aldaketa txikia da», dio ingeniariak. Denboraz gain, kontrako norabidean datorren autoak gutxienez 306 metrora egon behar duela kalkulatu dute Del Campok eta Iarzak.«Egungo seinaleek ez dituzte tarte horiek zaintzen, eta aurreratzea debekatzeko seinalea edo marra jarraia agertzen direnerako talka egin duzu beste autoarekin», salatzen du Del Campok. Espainiako Herrilan Ministerioak erabilitako taulekin konparatu dituzte ingeniariok euren emaitzak. Abiadaren arabera aldatzen da, baina hainbat lekutan seinaleak ia 40 metro atzeegi daudela kalkulatu dute. «Leku askotan ez dago behar den tarterik eta arrisku handia dago», dio Del Campok.Seinaleak behar den lekuan jartzeaz gain, beste zeinu batzuk behar direla dio ingeniariak. «Egungo seinaleek esaten digute maniobrak non bukatu behar duen, baina ez dugu jakiterik maniobra ongi amaitzeko non hasi behar dugun».Azken urteotan hasi dira hainbat lekutan gezi batzuen bidez adierazten aurreratzen ari direnei beren bidera itzuli behar dutela. «Aholkuak baino ez dira, ez dira betebeharrekoak, eta oso gutxi daude», erantzun du Del Campok. «Gure ustez, nahitaezko seinale batzuen bidez esan behar diote gidariari ezin duela maniobra hasi». Konponbide erraza proposatzen du: «Marra jarraia aurreratu beharko litzateke gidariei esateko ezin dutela maniobra hasi, soilik bukatu». Aurreratze maniobraren zinematika ez da ingeniarion lehen lana: 2004an astronomiaren inguruko lan bat plazaratu zuten. Udazkenerako beste proposamen bat du eskuartean Anton Del Campok: frontoietan pilotak aukeratzeko orduan izaten diren ika-mikak behin betiko isilarazi nahi ditu. «Bada garaia pilotak fisikaren arabera estandarizatzeko XXI. mendean». Errepide seinaleak lehenago, ahal bada.
Seinale okerrak errepidean
Anton del Campo eta Aitor Iarza ingeniariek liburuxka bat argitaratu dute, aurreratzea debekatzen duten seinaleak maiz gaizki jarrita daudela eta arriskua dagoela erakusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu