TRANSGENIKOAK . 2012a arte ez da nahitaezkoa ekoizpen transgenikoak identifikatzea

Erredakzioa
CURITIBA
2006ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
efe - CURITIBA@:Ekoizpen transgenikoen identifikazioa eta etiketatzea nahitaezko egingo dituen araua ez da indarrean jarriko 2012. urtea arte. Curitiban (Brasil) Cartagenako Protokoloaren gainean egin duten biltzarrean hala erabaki dute. Greenpeace talde ekologistako kideen arabera, azken orduan hartutako erabaki epela izan da hori, adostasun ausartagoa lortu ezinik.

«Emaitza testu oso lotsatia izan da. Ez du merkataritza globalari begira ekoizpen transgenikoak identifikatzeko modu segururik eratzen», gaitzetsi du Brasilgo Greenpeaceko ordezkari Sergio Leitaok. Berez, Cartagenako Protokoloaren arabera, 2005. urterako erabakita behar zuten ekoizpen transgenikoak identifikatzeko arauek eta indarrean, baina atzeratzen ari dira. Ekologisten arabera, ekoizpen transgenikoak egiten dituzten multinazional handien presioa da atzerapenaren kausa nagusia.

«Izan ditzake»@:Curitibako biltzarrean herrialde askok, Brasil buruzagi hartuta, nazioarteko merkataritzara begira, produktu transgenikoek ondo identifikatuta behar dutela defendatu dute. Beste zenbait herrialdek, ordea, tartean Mexikok eta Paraguaik, malguago jokatzeko eskatu dute.

Etiketetan ekoizpenak osagai transgenikoak dituela argi eta garbi jartzea ez da ezinbestekoa herrialde horientzat. «Izan ditzake» abisua jartzearekin nahikoa dela adierazi dute. Herrialde askok osagai transgenikoak atzemateko teknologia eta baliabiderik ez dutela esan dute horren aldeko argudio modura.Greenpeacek Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako era honetako biltzar handietan deus gutxi lortzen dela gaitzetsi du. Beste ezeren gainetik, enpresa handien «negoziotarako balkoia» direla kritikatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.