IZURRIAK

Tuberkulosi larrialdia aldarrikatu du OMEk Afrikan

Duela 15 urte baino lau aldiz zabalduago dago gaitza egun kontinentean, eta soilik hiesak eragiten ditu hildako gehiago

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Afrika osoan tuberkulosi larrialdi egoera ezarri zuen ostiralean Osasunerako Mundu Erakundeak. 1990. urtetik lau aldiz handiago egin da arazoa kontinente osoan. Milioi erdi pertsona hiltzen ditu gaitzak urtero Afrikan. Tuberkulosia kontrolatzeko Estatuek eta osasun erakundeek ahaleginak egin arren, ez dute lortu gaitza kontrolpean izatea, eta egun «tamaina izugarria» hartu duela esan dute OMEko ordezkariek. Langile eta baliabide gehiago jartzeko eskatu die erakundeak agintariei.

«Ahalegin txalogarriak egin badira ere, eragin txikia izan dute, eta izurriak inoiz ikusi gabeko tamaina hartu du», esan zuen ostiralean Luis Gomes Sambok, OMEk Afrikarako duen zuzendariak. Gaitzari aurre egin gabe, Nazio Batuen Erakundeak 2015erako ezarri zituen milurteko garapen helburuak ez direla beteko gaineratu zuen Sambok.Desmond Tutu Nobel saridun hegoafrikarrak zera esan zuen: «Tragikoa da gaitza kontrolpean hartu ez izana, ni neu froga argia naizelako tuberkulosia hartatu eta sendatu daitekeela esateko». Tutuk eta Hegoafrikako presidente ohiak, Nelson Mandelak, gaitza pairatu zuten.Tanzanian, Mozambiken eta Malawin tuberkulosiaren aurkako egitasmo estrategikoa abiatu zuten 1970eko hamarkadaren amaieran. Baina azken 15 urteotan, gaitzaren eragina izugarri areagotu da eskualdean. Lau aldiz handiagoa da egun Malawin, eta bost aldiz Kenyan. Hiesaren ondoren, Afrikan heriotza gehien eragiten duen gaitza da tuberkulosia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.