«Tuberkulosiaren kontrako borrokan azken laurogei urtean eman den aurrerapausorik handiena da», esan zuen atzo Helen MacShane Oxford Unibertsitateko Medikuntza Zentroko ikertzaileak. «Segurua da, eta immunitate sistema gogortzen du», gaineratu zuen. Haren esanetan, txertoak tuberkulosiaren proteina bat du, eta horrek gogortzen du immunitate sistema, infekzioari aurre egiteko. Txerto berriari MVA85A izena jarri diote. Txerto berri hori orain arteko tratamenduaren (BCG txertoa) osagarri izateko sortu dute.BCG txertoa 1921. urtean merkaturatu zuten. Adituen esanetan, botika horrek 15 urtean babesten ditu gaixoak, baina ez guztiak. Izan ere, zientzialariek uste dute %30ean bakarrik dela eraginkorra. Biak batera hartuta BCG askoz eraginkorragoa izango litzatekeela esan zuen MacShanek.
Emaitzak «oso onak» izan dira. Esperimentazio faseak hiru urte iraun du, eta denbora horretan 18 eta 55 urte bitarteko 42 lagunekin probatu dute. Emaitzek erakutsi dute botikak T zelula ugari sortzen dituela, eta horrek gaixotasunaren kontra egiten laguntzen duela. Esperimentazio faseko segurtasun proba guztiak gainditu ditu txertoak, eta Erresuma Batuan hasiak dira erabiltzen. Oxfordeko 13 urteko ikasle guztiei ematen diete. Orain, garatzeko bidean diren herrialdetan erabiltzen hasiko dira. Gambian probatuko dute aurrena, tuberkulosia endemikoa baita han.
Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, bi milioi lagun inguru hiltzen dira urtero, tuberkulosiaren ondorioz. Tuberkulosiaren aurkako botikei zaien erresistentzia handitu egin da, gainera, azken urteotan; Europan eta Asian, bereziki.
-
Datua
300.000
OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, bi milioi lagun hiltzen ditu urtero tuberkulosiak munduan. Bestalde, 300.000 lagun kutsatzen dira urtero botikekiko erresistentea den tuberkulosi aldaeraz, OMEk dioenez.