«Arrakasta bada, bidaia orbitalak egitea izango da hurrengo urratsa, eta gero, ziurrenera, hotel bat jartzea han goian». Hala esan zuen atzo Erresuma Batuko Virgin taldeko buru Richard Bransonek, Mojave Aerospace Ventures Kaliforniako enpresarekin sinaturiko 19,6 milioi euroko kontratua aurkezteko Londresen eginiko prentsaurrekoan. Ameriketako Estatu Batuetako enpresak arrakasta osoz lortu zuen ekainean SpaceShipOne ontzia Lurretik 100 kilometrora atmosferaz landa bidaltzea. Lehen aldiz, ekimen pribatu batek gauzatu zuen espaziorako jauzia.Kontratuaren arabera, hegaldi komertzialak egingo dituen lehen espaziontzi pribatua eraiki beharko dute kaliforniarrek SpaceShipOne ibilgailuan oinarrituta. Sortuko duten Virgin SpaceShip (VSS) ontzia handiagoa izango da eta bost bidaiari eramateko aukera emango du. Egungo ibilgailuak soilik bi pertsonentzako pilotuaz gain lekua du. Azken diseinua datorren urterako gauzatu beharko du Kaliforniako enpresak, gero espaziontzia eraiki eta probak egiteko. Ondoren abiatuko dira VSSaren bidaia komertzialak.
Espazioa demokratizatzen
«Bidaiari bakoitzak ikuspegi ikusgarria izango du; leiho handiak izango ditu eta luxuzko aulkiak», esan zuen atzo Bransonek. Virgin Galactic konpainiaren lehenengo urteetan 3.000 turista espaziora eramatea da helburua. Bransonen arabera, ekimenak espazioa «demokratizatuko» du: «Herrialde guztiek izango dituzte beren astronautak, ez egun bezala, pribilegiatu bakan batzuek».
Edonola ere, soilik bidaia ordaintzeko 170.000 euro dituztenek gozatu ahal izango dute Virgin Galacticek eskainitako espazio demokratikoaz. Hasieran, bidaiak Ameriketako Estatu Batuetako Los Angeles hiritik gertuko Mojave basamortutik aterako dira. Hiru ordu iraungo du denera bidaiak, eta bidaiariek ia astebeteko ikastaroa egin beharko dute espaziontzian abiatu baino lehen.Virgin Galactic konpainiako buruak atzo esan zuenez, 3.000 bat pertsona daude egun munduan bidaia ordaintzeko prest. Edonola ere, Bransonen asmoa salneurriak jaistea da, «jende askok eta askok izan dezan espazioaz gozatzeko aukera».SpaceShipOne eta Virgin konpainiako etorkizuneko espaziontziak ez dira, edonola ere, lurraren inguruan orbitan ibiltzeko gauza. Orbitan jartzea lortzeko, askoz abiada handiago hartzen duten ontziak behar dira. Ontziok soilik minutu batzuk egin ditzakete espazioan.Hainbat behatzaileren arabera, ordea, espazioko turismoa soilik ontziok orbitan ibiltzea lortzen dutenean abiatuko da. Horrek ahalmena emango lieke espazioko turistei planetaren gainean hainbat egun igarotzeko. Bransonek atzo iragarritako espazioko hotelaren egitasmoak ere ezinbestekoak ditu orbitan ibiltzeko gauza diren ontziak. Mike Melvill SpaceShipOne-ko pilotua izan zen atmosfera zeharkatu ahal izan zuen lehen zibila, ekainean eginiko saioan.Ontzia sortu duen enpresako zuzendaria ere bada Melvill. Enpresa Burt Rutan espazioko hegaldien aitzindarietako batek sortu zuen. NASAren Voyager ontzia diseinatu zuen, baina azken urteotan ekimen pribatura igarotzea erabaki du.Proiektuaren alde teknikoaz arduratu zen Rutan estatubatuarra, baina finantzatu Paul Allen AEBetako ingeniari dirudunak egin zuen. Paul Allenek Microsoft informatika enpresa sortu zuen Bill Gatesekin batera.
-
LEHIAKETA
Bihar X Saria eskuratzeko lehen saioa
Bihar egingo du SpaceShipOne ontziak Ansari X Sariak eskainiriko 10 milioi dolar eskuratzeko lehen saioa. X Sariak espazio turismoan ekimen pribatua sustatzeko eratu dira eta hiru bidaiariko ontzi bat 100 kilometroko altuerara bidaltzen duen taldeak jasoko du. Behin lortuta, bidaia bi asteko epean berriz egin beharko dute ontzi berean, saria eskuratzeko. Mundu osoko 24 talde ari dira lehian. Ekimen erabat pribatuak izan behar dute lehiaketan parte hartzeko. SpaceShipOne da faborito nagusia. Ez dago argi, edonola ere, ontziak biharko bidaian pilotuaz gain bidaiariak eramango dituen. Izan ere, hiru lagunentzako lekua izan behar du, baina benetako pertsonen ordez haien pisuko zama eraman daiteke. Ontziak bideo kamera bat eta altuera baieztatzeko tresnak izan beharko ditu.