Joan Paulo II.aren mende laurdeneko agintaldiak indartu egin zuen Eliza bera. Baina agintari guztiek bezala bi aurpegi zituen. Zuria bata, eta beltza bestea. Komunismoaren eta indarkeriaren aurkako hitzaldiek jende asko hunkitu zuten. Aldi berean, ordea, abortua, eutanasia edo antisorgailuekiko zuen jarrera kontserbadoreak mesfidantza piztu zuen. Berunezko eskua erabili zuen Wojtylak Elizaren barruan, hark esandakoa bete ez zutenen aurka. Horietako bi ezagun egin ziren bere garaian: Marcel Lefebvre Frantziako artzapezpikua eta Emmanuel Milingo Lusakako (Zambia) gotzaina. Joan Paulo II.a liberala zela salatu zuen lehenak, erlijioen arteko berdintasuna aldarrikatzen zuelako. Bigarrena, berriz, Moon izeneko sektako kide egin eta ezkondu egin zen. Lefebvre eskumikatu egin zuen Wojtylak eta Milingo Kanadara bidali zuen urtebetez, kargutik kendu ostean.Badira egungo gizartearen beharrei aurre egingo dien Eliza sortu nahi dutenak ere. Horietako bat da Alemaniako Hans Kung apaiza. 1998an, «Erromako Kremlinarekin zurikeriatan» aritzea leporatu zion Alemaniako Elizari, emakumeei abortatzeko baimenik eman nahi ez izateagatik. «Aita santuak despota baten gisan hartzen ditu erabakiak». Vatikanoak Kung eskumikatu ez zuen arren, 1979an teologia irakastea debekatu zion.
Askapenaren teologia
Hego Amerikan sortu zen Askapenaren Teologia. Txirotasuna gainditzeko presio ekonomiko eta politikoei aurre egitea beharrezkoa zela aldarrikatzen zuten. Marxismoaren aldarria iruditu zitzaion hori Joan Paulo II.ari. Ondorioz, mundu osoko 140 teologo zigortu zituen.
Dom Aloisio Lorscheider kardinala aita santu izateko hautagaietako bat izan zen aurreko Konklabean. Egun 80 urtetik gora ditu. Haren esanetan, elkarrizketa beharrean dagoen Eliza utzi du atzean Wojtylak. «Vatikanoko hurrengo buruak demokratikoago izan behar du». Zenbait ebazpen, ordea, ez daude aita santuaren esku. Hurrengoak ezin izango ditu aldatu Joan Paulo II.ak «hutsezinezko» izendatutako erabakiak. Horietako bat da emakumeak apaiz izateko debekua.Hiesaren auzian hartutako jarrera izan da, hala ere, kritikatuenetariko bat. Vatikanoko buruak ez zuen inoiz kondoien erabilera baimendu, ezta ezkondu ostean ere. Horren lekuan sexu abstinentzia bultzatu zuen. Hildako gehien eragiten dituen gaitza hiesa den honetan, haserrea eragin zuten Wojtylaren hitzek. Politika horren aurka egiteko aukera izango du hurrengo aita santuak eta hori egiterakoan ez du inolako doktrinarik urratuko.
Kontserbadoreen indarra
Baina Eliza katolikoko hurrengo burua aurrerakoia izateko aukera nahiko txikia da. Batez ere, mugimendu kontserbadoreek duten indarra ikusita. Opus Dei da ezagunena. Wojtylak «prelatutza pertsonal» titulua eman zion 1982an. Handik bi urtera Opus Deiko kide Joaquin Navarro Valls izendatu zuen Vatikanoko prentsa arduradun. 2002an, berriz, santu egin zuen erakundeko sortzaile Josemaria Escriva de Balaguer. Gaur egun bi kardinal eta hainbat gotzain dira erakunde horretako kide. Erromako kurian du eragin gehien erakunde horrek
Gizartea aldatu egin da, baina Eliza katolikoak lehengo ideologia defendatzen du. Horrek nabarmen murriztu du mezetara joaten direnen kopurua, mendebaldean batez ere. Europan, geroz eta gutxiago dira apaiz edo moja izateko prest daudenak ere. Gauza bera gertatzen da Ipar Amerikan ere. Han iragarkiak jarri behar izan zituzten zenbait elizbarrutik hautagaiak erakartzeko.Askok katolikotzat jotzen dituzte euren buruak, baina Vatikanoaren moralaren aurkakoak dira. Ameriketako Estatu Batuetako sexu gehiegikerien auziak ez du gizartearen jarrera hobetu. Jainkoaren hitza zabaltzen duten horiek haurrei horrelakoak egiteko gai direla jakiteak mesfidantza zabaldu zuen herritarren artean. Gerora jakin ahal izan zenez, haien buruak ere bazuten aferaren berri, baina ez zuten salaketarik aurkeztu.Vatikanoak batasuna mantendu du. Etxe barruan haren aurkako ahotsik entzuten bazen, isildu egiten zuen. Hurrengo aita santuak hori mantendu beharko du.
-
Kristautasunaren adarrak
Jainkoaren hitzan oinarritzen da kristautasuna. Hura interpretatzeko era asko daude. Egun hiru adar nagusi ditu: protestantea, katolikoa eta ortodoxoa.
protestanteak
Eliza anglikanoa: Erresuma Batuan sortu zen. Enrique VIII.a erregea Aragoiko Katalinarekin zegoen ezkonduta. Baina seme-alabarik eduki ez zutela argudiatuta, banantzeko baimena eskatu zion Klemente VII.a aita santuari. Honek ukatu egin zion. Ondorioz, 1532an, Eliza anglikanoa sortu eta bere gain hartu zuen haren buruzagitza Enrike VIII.ak. Gaur egun oraindik, erregea da Eliza anglikanoko burua. Baina Eliza katolikotik hartutako errituak eta hierarkia mantentzen dira. Hala ere, apaiz anglikanoak ezkon daitezke.
Eliza luteranoa: Martin Lutherrek 1517ko urrian zabaldu zituen haren oinarriak izango zirenak. Liburu Santuetan oinarritzen zen Eliza bultzatu zuen. Luthertar guztientzat oinarrizkoak dira Lutherren Katekismo Txikia eta Augsburgo-ko Aitormena. Biblia da kristau-fedearen funtsezko iturria eta haiek dira hura interpretatzen dutenak. Egun, 75 milioi jarraitzaile inguru ditu.
katolikoak
Opus Dei: Josemaria Escriva de Balaguerrek sortu zuen 1928an. Erakundea indarra hartzen joan zen apurka. Joan Paulo II.ak «prelatutza pertsonal» izendatu zuen 1982an, kardinal asko aurka zeuden arren. 1991n kanonizatu egin zuen Escriva de Balaguer. Handik 11 urtera santu egin zuten. Egun 84.000 kide inguru ditu.
Kristoren Legionarioak: Mexikon jaio zen 1941eko urtarrilean eta Marcial Maciel Degollado izan zen haren bultzatzailea. Askapenaren teoriaren eta ezkerraren aurka egitea zen mugimenduaren hasierako helburua. Jarrera kontserbadorea dute. Egun 400.000 kide ditu erakundeak, gehienak Mexikon, AEBetan, Txilen eta Kolonbian.
ortodoxoak
Ekialdeko Eliza: Ekialdeko eta Mendebaldeko Elizaren arteko banaketa 476. urtean agertu zen. Erromatarren inperioa desagertu zenean, orduko aita santuak Eliza katolikoaren hiriburu Erroma izendatu zuen. Baina Konstantinoplako buruzagi erlijiosoak ez zuen halakorik onartu nahi izan eta banatu egin zen. Egun 250 milioi ortodoxo daude munduan.