Nigeriako Osasun ministroa izan zen programa berresten lehena eta jarraian beste bost herrialdeetako ordezkariek sinatu zuten dokumentua. Bruce Aylward Polioa Desagerrarazteko Kanpainako koordinatzailearen esanetan, sei herrialdeek proiektua onartu izanak «bultzada handia» emango dio egitasmoari. «Lehen ere hartu zuten antzeko konpromisoa, baina oraingo hau garrantzitsuagoa da. Polioaren aurkako kanpaina ez da jadanik osasun arazoa soilik, arazo politikoa ere bada», nabarmendu zuen Aylwardek.Polioaren aurkako kanpaina 1988an jarri zen abian lehen aldiz. Urte hartan, 125 herrialdetan bilatzen ziren polio kasuak eta 350.000 haur kutsatzen ziren urtero. Iaz, baina, 1.000 haur inguru kutsatu ziren sei herrialdetan. Azken hilabeteotan, ordea, gaitza desagertua uste zen lekuetan kasu berriak agertu dira. OMEren lehen helburua gaitza desagerraraztea den arren, ez da horrekin bukatzen erakundeak aurreikusitako programa.
-polioaren zabaltzea eragotzi: Poliomielitis kasuen %99 India, Nigeria eta Pakistangoak dira. Herrialde horietan gutxi batzuek hartu ahal izan dute gaitzaren aurkako txertoa eta, ondorioz, polioa zabaldu egin da. Nigerian, esaterako, buruzagi islamiarrek debekatu egin zuten txertoa, «emankortasuna kaltetzen» zuela argudiatuz. Horrelakoak ekiditeko OMEk agintarien laguntza eskatu du.
Gaitza gainditu duten herrialdeetan kasuren bat agertuko balitz, polioa gehiago zabaldu ez dadin neurriak hartu behar direla ere nabarmendu zuen OMEk. Horrelakoetan, kasua baieztatu eta hiru asteren buruan larrialdia izan daitekeenari aurre egiteko prest egon behar dute estatu horretako Osasun zerbitzuek. Azkenik, gaitza desagertu den arren, berriz agertzeko arriskua dagoen lekuetan immunizazio kanpaina bereziak bultzatu behar dira. Polioa berriro agertzeko arriskurik ez dagoen herrietan, berriz, haurrei txertoa jartzeko ohitura bultzatuko dute gobernuek, Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren eta OMEren laguntzarekin.
-gaitza desagertu deN ziurtagiria: Gaur egun polioarekin arazoak dituzten sei herrialdeek hiru urteren buruan beste kasurik egon ez dela frogatzen badute soilik eskuratu ahal izango dute gaitza desagertu delako ziurtagiria.
Era berean, laborategietan eta erietxeetan gordetzen diren poliomielitis birusak leku egokian jaso eta gorde beharko dira, gaitza berriz zabal ez dadin. Birusak gordetzeko aukerarik ez dagoen kasuetan, hura suntsitzeko neurriak hartuko dituzte agintariek.
OMEren proiektuak oztoporik izango ez balu, datorren urteko abenduan urtea beteko litzateke azken polio kasua desagertu zenetik. Beraz, 2007an eskuratuko lukete azken sei herrialdeek gaitza desagertu delako ziurtagiria. Hala ere, kasu berri bat agertu den susmoa izanez gero, OMEri jakinarazi beharko liokete.
-ziurtagiria lortu osteko aroa: Ahoz hartzeko txertoa banatzeari utziko zaio. Baina horrek gaitza berriz agertzeko arriskua handiagotuko luke. Ondorioz, poliomielitis kasu berriei aurre egiteko neurriak hartuko ditu herrialde bakoitzeko gobernuak, 2006rako. Handik urtebetera ahoz hartzeko txertoa banatzeari uzteko prest egon beharko dute. Era berean, epe horretan gaurtik 2006ra arte estatu bakoitzak gerora hartu beharreko neurriak finantzatu ahal izateko diru laguntzak ziurtatu beharko ditu.
Polioa desagertu ostean, gaitzak jotako inor agertuko balitz nazioarteko larrialdia balitz bezala hartu beharko lukete. Poliomielitisaren aurkako txertoei dagokienez, OME arduratuko da haiek leku egokietan gordetzen direla bermatzeaz, berriz txertoaren beharrik izango balitz ere.
-azken urratsa: Gaitzari aurre egin ahal izateko osasun baliabideak ez ezik, giza baliabideak ere behar dira. Kanpainak irauten duen denboran polioa erabat desagertu dela bermatzea izango da haien helburua. Hori lortu ostean, ordea, baliabide horiek beste gaitz batzuei aurre egiteko erabiliko dira, ahal den neurrian.
Poliomielitisak jotako jendea gizarteratzeko ahaleginak egin beharko direla ere gogoratu du Osasunerako Mundu Erakundeak dokumentuan. Horretarako OMEk Immunizazioa eta Txertaketarako Mundu Elkartearen laguntza izango du. Era berean, bi erakunde horiek arduratuko dira poliomielitisaren sintomak murrizten dituen botikak banatzeaz.
-
ZER DA POLIOA?
Gaitzaren ezaugarri nagusiak
Normalean, bost urtez azpiko haurretan agertu ohi da poliomielitisa eta ordu gutxiren buruan paralisia eragin dezake. Birusa ahotik sartu eta hesteetan ugaltzen da. Handik nerbio sistema osora zabaltzen da eta, ondorioz, haurra ez da gorputza mugitzeko gai izaten. Poliomielitisaren hasierako sintomak nekea, sukarra, buruko mina, gorakoak, zurruntasuna eta lepoko eta gorputz adarretako mina izan ohi dira eta, 200 gaixotatik batek betiko paralisia garatzen du. Paralisia arnasketa sistemara iristen denean hiltzen dira gaixoen %8. Poliomielitisaren aurkako lehen kanpaina 1988. urtean abian jarri zen arren, egun, oraindik, zientzialariek ez dute poliomielitisa sendatuko duen tratamendu egokirik aurkitu.