Zaintzeko lau gune ezarri dituzte Nafarroan

Hegaztiak elikatzeko askek estalpean beharko dute Zuñigan, Los Arcosen, Arguedasen eta Pitillasen

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Hegazti gripea dela eta, Nafarroan bereziki zaindu beharreko lau gune ezarri ditu herrialdeko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura sailak. Zuñiga, Los Arcos, Arguedasko arroz soroak (Arguedasko eta Tuterako lurretan) eta Pitillasko aintziraren inguruak dira arrisku handien duten guneak, Nafarroako Gobernuaren arabera.

Neurriaren ondorioz, estalpean egon beharko dute edozein motako hegaztiak elikatzeko askek. Horrez gain, Gobernuaren teknikarien kontrolak izango dituzte etxaldeek, baserriek eta oilategiek.Espainiako Nekazaritza Ministerioko buruek herenegun autonomia erkidegoetako arduradunekin eginiko bileraren ondorio da neurria. Elkarrekin gaitzari aurre egiteko neurriak eztabaidatzen aritu ziren, eta, oraingoz, hegaztiak ixteko agindurik ez ematea erabaki zuten. Madrilgo autonomia izan zen erabaki horren aurrean uzkur agertu zen bakarra, eta beren kabuz, hegaztiak aire librean haztea galaraztea erabaki dute bertako agintariek.Gainerakoan, bileran parte hartu zuten agintariek, hartu beharreko neurriak taxuz hartu direla esan zuten, eta nekez konpon daitekeela deus hegaztiak etxaldeetan itxita. Nolanahi ere, etorkizunean erabaki ezinbestekoa gertatzen bada, badaezpada ere, plan bat pentsatzea erabaki zuten, kasu horretan egin beharreko urratsak behar bezala egiteko.Nekazaritza Ministerioak, halaber, autonomia erkidegoen esku utzi du babes berezia behar duten lekuak zerrendatzeko aukera. Lehendik ere izan zuten autonomia erkidegoek gaitzaren inguruan babes handien behar duten padura eta natur guneak zerrendatzeko aukera 25 aipatu zituzten denera eta,gaitza zabaltzen ari dela eta, zerrenda horiek berriro osatzeko aukera eman zieten herenegun. Atzo arteko epea jarri zien Madrilek egiteko horretarako. Leku horietan ezarri nahi diren babes neurriak moldatzeko aukera dute autonomia erkidegoek, toki bakoitzeko beharretara egokitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.