Lorea Arakistain. Puntueus fundazioko marketin zuzendaria

«Googlek gaztelerazko erantzunak hobesten ditu gehienetan»

Puntueus fundazioak antzeman du Googlek euskara zokoratzeko joera duela, gailuak euskaraz izan arren. Arakistain baikor mintzo da euskarak Interneten duen presentziaz, nahiz eta uste duen oraindik badaudela zereginak.

JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Zenbateko presentzia du euskarak Interneten? Urtero legez, galdera horri erantzun dio Puntueus fundazioak. Haren ikerketaren arabera, Euskal Herriko webguneen %14k dute edukia euskaraz; .eus domeinua erabiltzen dutenen artean, %75ek. Lorea Arakistain (Eibar, Gipuzkoa, 1983) fundazioko marketin zuzendariak dio lanak emaitzak eman dituela, baina badagoela zertan hobetu.

Ikusi duzue Googlek euskara diskriminatzen duela. Nola?

Nabigatzailea euskaraz konfiguratua dut, Googleren emaitzak euskaraz jasotzeko eta Osakidetzaren webgunean euskarazko atalean sartzeko. Googlek, orain arte, errespetatzen zuen; azken algoritmo aldaketa egin zuenetik, aldiz, ez: euskaraz konfiguratua izan arren, gehienetan —ez beti— gaztelaniazko erantzunak hobesten ditu. Azterketa txiki bat egin dugu; horren arabera, emaitza gaztelerazkoa da kasuen %60tan, nahiz eta euskaraz konfiguratua izan eta eduki horrek kalitate bereko baliokide euskalduna izan.

Bilaketak alde batera utzita, Googlek baztertzen al du euskara?

Zerbitzu bat kaleratzean, normalean, lehenengo ingelesez egiten du; gero, gazteleraz... Beraz, eremu batzuetan euskara oraindik ez da integratu. Beste batzuetan, atzerapausoak ere eman dira: Google AdWordsek —publizitate plataforma bat da— euskara onartzen zuen, eta, egun batetik bestera, erabaki zuen ez onartzea. Saiatzen bazara Youtuben euskarazko publizitatea jartzen, atzera botatzen dute gehienetan. Googlek ematen zuen arrazoia errentagarritasuna zen; hau da, ikuskatzaileak dituzte iragarkiak aztertzeko, eta esaten dute euskaraz dakien ikuskari bat jartzea ez dela errentagarria.

Zein ondorio ditu gaztelera lehenesteak?

Euskara diskriminatzen duenean, euskarazko edukiak ikusezin egiten ditu.

Zuen ikerketan aipatu zenuten Euskal Herriko webguneen %14k dauzkatela euskarazko edukiak. Kopurua aurrera edo atzera egiten ari da?

Egonkorra da.

Administrazioek apustu nahikoa egiten al dute euskarazko edukiak sustatzeko?

Galdera zaila da. Politikak badaude, diru laguntza deialdi batzuk badaude, baina, segur aski, ez dira eremu guztietara iristen, eta are gutxiago masa handiena den horretara.

Ontzat jo duzue gailuen %4 euskaraz konfiguratuta egotea. Zeren erakusgarri da?

Azkenekoz duela bost urte neurtu genuen, eta inoizko daturik apalena izan zen. Neurketa berriz egin dugunean, ikusi dugu lehen halako bi dela sakelakoak eta nabigatzaileak euskaraz konfiguratu dituzten erabiltzaileen kopurua. Uste dugu azken urteetan egin diren jarduerek izan dutela eragina. Baikorrak gara. Halere, datua oso apala da oraindik.

Euskarak zer irabazi du eta zer du irabazteko Interneten?

Asko egin da: domeinu propioa dugu, Wikipediako eskaintza, komunikabideak —Berria bera tartean—... Komunitatea nahiko aktiboa dela esaten da. Kontua da gauza asko ez daudela komunitatearen esku. Askotan, inurri lan handia egiten da gauzak lortzeko, baina ez dakizu zenbaterako izango diren. Gainera, eduki erakargarriak ere falta dira, segur aski. Tiktoken gazteek euskaraz edo gazteleraz egitea askotan ez da instituzioek susta dezaketen zerbait; eguneroko dinamiken parte da, eta hor eragitea askoz zailagoa da.

Bihar: Arnasguneetan, euskara gero eta ahulago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.