Hari beltz bat Paris gorrian

Literatura beltza eta historikoa uztartu ditu Joseba Lozanok 'Larrutik ordaindua' nobela berrian

Joseba Lozano idazleak atzo aurkeztu zuen Larrutik ordaindua nobela, Donostian. Alberdaniarekin argitaratu du. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Genero beltzeko idazlea da Joseba Lozano (Gasteiz, 1962). «Irakurlea desiratzen edukitzea etxera heldu, bere jesarlekuan eseri, eta zuk idatzi duzun liburu hori hartzeko». Hori bilatu du orain arteko bere literaturan, eta nahi horri eutsi dio Alberdaniarekin kaleratu duen lan berrian ere. Harago joan da, ordea, eta bi batean egin ditu: eleberri beltza eta eleberri historikoa. Parisko Komunaren sasoian kokatu du Larrutik ordaindua; garai aski mamitsua eta ez nahikoa ezaguna, egilearen ustetan. Berez giro nahasia eta odoltsua den agertokia, are nahasiago eta odoltsuago eraiki du eleberrian, saileko hiltzaile bat eszenan sartuta.

1871. urtea da. Parisko iraultzaileek Frantziako gobernu kontserbadorearen aurka matxinatu dira, eta hiriko kaleak hartu dituzte: Parisko Komuna indarrean sartu da. Armadak hiriburua setiatuko du orduan, eta bi hilabetetan 30.000 lagun inguru hilko dira, zibilak gehien-gehienak. Orduan gertatuak, baina, ez dira gaur hain ezagunak Lozanorentzat: «Jendeak entzun du Frantziako iraultzaz eta gillotinaz, baina informazio gutxi dauka Parisko Komunari buruz. Hilabete gutxitan sekulakoa sortu zen; oso garai interesgarria izan zen, baita ideologikoki ere».

XIX. mende amaierako gertakari horrek ematen dio testuingurua nobelari. Baina abiapuntuko giro nahasia korapilatzen joango da Parisko kaleetan herritar batzuen gorpuak agertzen hastean. Egilearen arabera,ez litzateke harritzekoa ehunka hildako sortzen zituen matxinada baten erdian, baldin eta «gorpu bereziak» ez balira: «Guztiei falta zaie bizkarreko eta sorbaldako larrua. Larrutu egin dituzte eta guztiei odola atera diete». Komunaren gobernua kezkatuta dauka egoerak, iraultzari kalte egin diezaiokeelakoan. Ikerketa bat abiatuko du, baina ez du askorik argituko. Sophie Blanchet sartuko da orduan jokoan, liburuko protagonistetako bat. Buruko gaitzetan espezializatutako ospitale batean lan egiten duen emakume bat da, hipnosian aditua. Gobernu iraultzaileak hari emango dio hiltzailea aurkitzeko ardura, eta beste bi gizon jarriko ditu Blancheten esanetara, kontakizuneko beste bi protagonistak izango direnak: Fabian izeneko gazte «idealista», margolari ohia; eta Leo, Polinesiako uharte batean urteak preso eman ostean, Parisko iraultzaz beste ikuspegi bat izango duena. Hirurek arrisku bikoitzari egin beharko diote aurre: «Batetik, armadaren errepresio odoltsuari; eta, bestetik, hiltzaileari berari. Tentsio horren barruan mantentzen da nobela».

Ez da hiru protagonisten kasua, baina liburuko zenbait pertsonaia eta gertakari «benetakoak» direla zehaztu du Lozanok. «Benetako pertsonaia historikoak eta nik sortutakoak nahasten dira». Hala, egileak aipatu du «errealitate gordina» jasotzen duela eleberriak, agerian utziz «noraino hel daitekeen gizakia gauzak muturrera eramaten direnean».

Aurreko mendearen hondarrean boladan zeuden hainbat gai are agertuko dira lerro artean. Egileak zerrendatu ditu: «Sozialismoa, histeria, masoneria, opioa, espiritismoa, hildakoekin egindako esperimentuak...».

«Literatur heldutasuna»

Aurretik beste bi nobela ditu kalean Lozanok: Argiaren erreinua argitaratu zuen lehenik 2011n, hau ere Alberdaniarekin, eta Herioren mandataria 2015ean, Ereinekin. Horien aldean, «literatur heldutasuna» erakutsi du Lozanok Larrutik ordaindua-n, Jorge Gimenez Alberdaniako editorearen ustez. Azaldu du zergatik: «Abilidade handia behar da Lozanok agertokira deitzen dituen pertsonaia guztiak bertan modu naturalean mugitzeko, hitz egiteko eta bizitzeko. Harremanak plano bat baino gehiagokoak dira, eta ekintzak bihurriak eta korapilatsuak». Lozanoren «idazkera aberatsa» ere nabarmendu du editoreak.

Nazioarteko liburu azoken sasoia dela aipatu zuen atzoko aurkezpenean Gimenezek; eta, bidenabar, iragarri zuen Lozanoren lan berriak interesa piztu duela honezkero kanpoan, eta litekeena dela itzulpenen berriak iristea berandu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.