Guardia (Arabako Errioxa) hiribildua eta Logroño (Errioxa, Espainia) hiria oinez lotzeko aukera handirik ez dugu. Izan ere, Ebro ibai zabala giltzarria izan ohi da: gaur egun Logroñoko Harrizko zubia eta Lapuebla de Labarcako porlanezkoa baino ezin ditugu baliatu ertzez aldatzeko. Ez da, ordea, beti hala izan, eskualdeko arkitektura sakonki aztertu duten adituek diotenez. Ikusgarriena, akaso, Asa auzoan (Lantziego, Arabako Errioxa) goititzen den Mantible izeneko zubi zaharra. Batzuen ustetan, erromatarrek egina da; beste batzuen aburuz, berriz, ez dago halako baieztapenari eusteko datu fidagarririk. Nolanahi ere, jentilek egindakoa dirudi: jakina, behiala zazpi begi izan zituen zubiak, baita 164 metroko luzera erakutsi ere. Gaur egungo egoera, berriz, bestelakoa da: bi arkuk nekez irauten dute zutik, eta, aspaldi, behin eta berriro erabilitako harbidetik kanpo daude, bidegabeki ahaztuak. Lapuebla de Labarcan, ordea, zubi modernoa izanagatik, behinolako txalupariaren lan isilaren falta nabarituko dugu ur ertzean. Baita 1939. urtera arte burdinazko lau kableei oratuta existitu zen zubi zintzilikariaren ere.
Behialako bideak eraldatuta dauden arren, Guardiako aintzira naturalak eta Carbon haitzarteak hautatu ditugu Felix Maria Samaniego alegialariaren sorlekutik Lapueblaraino jaisteko. Cuencako etxe esekien irudia gogoan, labarrean behera egingo dugu ondoren, eta, Ebro gaineko zubia gurutzatuta, Bilbo-Tutera trenbideari jarraituko diogu, 1863. urtean gure arbasoek egingo luketen moduan. Izan ere, urte horretan funtzionatzen hasi zen Nafarroa, Errioxa, Gasteiz eta Kantauriko kostaldea lotzeko asmoz eraikitako trenbidea. Oraingoan, gure merkantzia arina bezain umila dela, bizkar-zorroari irmoki eutsi, eta, burdinbideari begia kendu gabe, Logroñorainoko bidaia egingo dugu. Batean tipi-tapa GR 99 zidorrari oratuz, bestean plisti-plasta mahasti itsasoan sartu-irtena eginez.
Guardiako aintzirak
Guardiako harresi aurrean emango diogu hasiera zeharkaldiari. Carnicerias edo Ate Berrian hasiko gara, autobusen geltoki ondoan. Hiribildura sartu gabe, Logroñorako noranzkoari ekin, eta, Amelibia jatetxera iritsita, ezkerretik segituko dugu,errepide nagusira irteteko xedez. Gasolindegiaren eskuinaldetik jarraituko dugu gero, Lapueblarantz. Eraikuntzako enpresa aurrean, errepidetik irtengo gara, eta, ezkerrera joz, bide galipotezkoan aurrera egingo dugu. Aldatsa amaiturik, eskuinera okertu, eta Guardiako aintziretako Biotopo Babestuak bete-betean harrapatuko gaitu. Lau hezegune daude 1995ean izendatutako eremuan: Prao de la Paul, Carralogroño, Musco eta Carravalseca. Lehenak, ureztatze lanetarako jaio zenez, ez die berezko ezaugarriei eusten: ur geza du, eta errekasto batek arian-arian elikatzen du ordokia. Gainerako aintzirek, ordea, egundoko interesa suspertu dute adituengan: ur gazia dute, euri-urez hornitzen dira, eta landareeta ezaugarri fisiko-kimiko bereziak dituzte. Arabako Diputazioak jarritako argibide taulei arreta jartzea ezinbesteko zaigu, aintziron bioaniztasunaz gehiago jakin nahi izanez gero.
Carravalsecako sakonunea inguratzen jarraituko dugu, eta, eremu babestutik irten bezain pronto, lepo xume batera iritsiko gara. Gainontzeko aintzirak bisitatzeko bideari muzin eginez, GR 38 Ardoa eta Arrainen zidorreko arrasto zuri-gorriei jarraituko diegu. Betiere hegoalderantz abiatuta, ur biltegi baten ondotik igaroko gara. Nekazari bide bat ezkerraldean utzita, ureztatze sareko porlanezko hodi bat ikusiko dugu laster batean. GR zidorra alboratzeko unea da, orduan. Carbon mendilerroari gorte egite aldera, eskuineko bidetik ekingo dugu. Toloño mendilerrotik Ebrorainoko erliebe leuna begiz begi izango dugu orain. Logroño hiria ere bistaratuko dugu meandro bihurgunetsuaren atzealdeko ordokian.
Remolino atsedenlekua
Jaitsiera mailakatua egingo dugu, Carbon talaiatik. Lapuebla bistan dela, Hamarren eta Arrain kaleek elizaraino gidatuko gaituzte. Atari nagusian, ezkerrera jo, eta, kale nagusiari ekinez, Plano enparantzara iritsiko gara. Udaletxe ondoko begiratokiak Ebroko ibarraren gaineko ikuspegi zabala eskaintzen baitu, hartaz baliatuko gara naturaz bapo-bapo asetzeko. Atsedena hartu ondoren, behatokiko labarretik behera egingo dugu, sigi-sagaka, Ebroko zubiraino. Asfalto gainean segituko dugu, eta Errioxako Erkidegoan sartuko gara. Geltokiko auzotik igarota, Fuenmayor alderantz bi kilometro egingo ditugu. Hala, Heras Cordon upeltegira iristean, ezkerrera jo, eta, Boca del Rio adierazten duen seinaleari kasu eginez, GR 99 Ebro Naturbidearekin topo egingo dugu. Mayor ibarra eta Valloque tontorra eskuinean direla, Ebro ibaira joko dugu zuzen-zuzen, desbideratzerik hartu gabe. Lehenago, ordea, Tutera-Bilbo trenbide azpitik igarotzeko xedez, bihurgune helikoidal bat egingo du bideak. Tuneleko ateburuan data susmagarria ikusiko dugu. Izan ere, Tutera eta Bilbo lotu zituen burdinbidea 1863an inauguratu zuten, Logroñoko diputatu batzuen ekimenez.
Tunela igarota, Remolino atsedenlekura iritsiko gara. Hartxintxarrezko pistari eutsita, Ebroko urtegiranzko urratsak egingo ditugu, leun-leun. Ribapedron tontorra aurrean altxatzen da, eta estugune deigarria sorrarazten du ibaialdean. Muinora hurbildu ahala, Bide Berdearen azpiegitura hautemango dugu. Ez larritu, ordea, Logroñotik datorren trenak haitzulotik sator baten antzeko sartu-irtena ikusiz gero, tupustean, El Cortijoko trenbideko saihesbidea baita hura. Trenentzat arriskutsua zen bihurgunea tunelaren ezkerraldean dago, behin betiko zerbitzutik at eta paseorako erabat egokitua.
Zazpi uhate ibai bakarrean
Ibilbide Berdera igo gabe, beraz, uharkako eraikinen ondotik igaroko gara. Ebroko zentral hidroelektrikoaren presan gaude. Buruz buru, zazpi uhate ikusgarri. Euskal Herriko toki askotan legez, argindarra ekoizteko helburuarekin XX. mendeko bigarren hamarkadan abian jarria. Zentrala ez dugu bertan ikusiko, ur emaria hoditeria baten bidez lur azpira zuzendu ondoren ia kilometro bat urrunago azaleratzen baita. Instalazioak atzean utzi eta berehala, eskuinera okertu eta bigarren tunelaren azpitik igarota, El Cortijo auzora iritsiko gara. Eliza aurreko plazan, osasun etxearen ezkerraldetik abiatzen den bideari oratuko diogu. Hilerriaren ertzetik iraganik, ibarrean gaindi goratasuna hartuko dugu, sosegurik gabe. Mendi gainaldean, Castillete edo harrizko gaztelu bat ikusiko dugu ederki gailendurik. Iruñea eta Gasteiz komunikaturik izateko xedez Karlistaldiko garaian eraikitako dorre optikoa izan zen. Tontorreraino doan errepide asfaltatua bazter utzita, ezkerretik irteten den pistari ekingo diogu. Ebroko ibar emankorraren gaineko ikuspegi politak eskuratuko ditugu han. Gaztelua gain-gainean dela,El Viñedo (mahastia) behatokian geldiunea egingo dugu. Orientazio mahai batek paisaia interpretatzeko laguntza eskainiko digu: Guardiako hiribildua Toloño harresi naturalaren babesean ikusiko dugu.
Ezkerrera joko dugu ur biltegi ondoko bide banatzean. Animaliak zaintzeko udal instalazioetatik igaro ondoren, ezkerrera hartuko dugu zabortegiko sargunetik hurbil. Ebro aldera begira jarriko gaitu bideak berrirro ere. Betiere trenbidearen paraleloan, Logroñoko hirian sartuko gara, ibili-ibilian hainbat minutu eman ondoren. Kristo baseliza ondoko errotondan ezkerrera egin, eta, ibaia gurutzatu gabe, gaztainondoak, astigarrak, lizarrak, makalak eta ezkiak bidelagun, Burdinazko zubira iritsiko gara. Harrizko zubira, ondoren. Itzulera autobusez egiteko gonbita egingo dugu, hogei minutuko bidaia merkea da eta.
Ezarian
Guardiatik Logroñora
Mahasti itsaso zabalean gaindi ibiliko gara Guardiatik Logroño Errioxako hiribururaino. Ibilbidean zer ikusi handi oparoa dago: biotopo babestua, etxeak labarrean esekiak eta igarobide ekologikoak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu