Ez da erraz ibiltzen Arbailako mendigunean barrena. Inguru karstikoa baita, kareharrizko haitzak tente agertzen dira nonahi, laban zorrotzen antzera; beste batzuetan, arriskua maskaraturik dator, eta zidorra latsünarri korapilatsuan katramilatzen zaigu. Gamere-Zihigako udalerrian prestatu dituzten xendak —itzuli luzea eta laburra— ibiltari apartengan pentsaturik daude. Natura, artea, mitologia eta geologia maite dutenentzat egokiak eta egokituak.
Oraingo honetan gailurrak bazter egingo ditugu, Beligaineko ekialdeko magaletan zehar sekulako ingurubira burutzeko asmoz. Bazterrotan haitzulo anitz ezagutuko ditugu, eta, seguruenik, hamaika abenturez osaturiko matazari hari fina atera nahian ibiliko gara. Beraz, kasu! eta ezinbesteko tresneria eskura izan: linterna, mapa kartografikoa, argazki kamera eta ura, besteak beste. Edozein modutan, ez gara parajeotan bakardade arrotzean murgilduko, gure hegalaldi apartan Zuberoako zerua alderik alde zeharkatzen duten laminek hurbil-hurbiletik jarraituko baikaituzte. Begirune eta mirespen handiz sartuko gara barrunbe eta haitzulo isiletan. Altamira eta Lascaux harpe ospetsuen kasuan bezalaxe, Arbailan barna denboran bidaiatzeko parada ere izango dugu. Finean, Gamere inguruko harpeok lurpeko arte multzo sakratuak dira.
Lükürgaineko talaia
Gamere herriko frontoiaren ondoan abian jarriko gara. Bertaratzeko, Irurira eta Atharratzera iritsi baino lehen, Uhaitzandi ibaiaz bestaldetik doan errepide estua jarraituko dugu. Agerrea ostatuaren ezkerraldetik doan bidean hasiko dugu ibilbidea. Pabiloi baten ondotik igaro ondoren, eskuinera okertu eta Gesala errekastoari jarraituta, Laminen Zulora iritsiko gara. Bi iturburu ikusiko ditugu hor: bata beroa, emaria ia 34 graduko tenperaturan isurtzen duena; bestea, freskoagoa, kontraste sorginduan. Iturburuaren ezkerraldetik segituko dugu. Hariztian gora egingo du bideak, tupustean. Kateak eta heldulekuak gogaide, magaleko kareharrizko haitza erraz gaindituko dugu. Belardira iristean, gora egiteari eutsi eta eskuinera joko dugu. Hala, ola baten aurrean, eskuinera okertu, alanbrea igaro eta zeharka-meharka ibiliko gara zumarrak, pagoak eta haritzak lagun. Goxo-goxo minutu pare bat eman ostean, goratasuna hartzeari ekingo diogu. Ezker aldera joko dugu orduan, gainaldeko larrera irteteko xedez. Han goian ezkerrera egin, eta, aldapari eutsita, haritzen kantutik segituko dugu. Aurreko baso trinkora iristean, zuzen segituko dugu. Halako batean, bide ertzean egokitutako soka batek atentzioa emango digu. Sigi-sagaka gora egingo dugu guk, Okoiko zuloraino. Haitzulo estuaren ezker aldetik doan bideari ongi oratuta, isurialdea zeharkatu eta belarrezko terraza batean aurrera eginda, bidebanatze batera iritsiko gara azkenik. Eskuinera hartuko dugu han, eta lepoan izan arteraino jarraituko. Lepoan dagoen etxaldearen eremuan sartu gabe, eskuinera egin eta harrizko galtzadari ekinez, sakonune batera jaitsiko gara.
Noranzkoa aldatu gabe, Otsibarreko mehakara doan hartxintxarrezko bideari oratuko diogu, bide sardan. Aurrerago, Eskuargibeleko harpea eta Lükürgaineko tontorra bisitatzeko gonbitea egingo digu bidexka batek. Otsibarreko mehakaraino jarraitu nahi izanez gero, xenda leunari segitzea besterik ez da. Harpea bisitatuko badugu, zidorrak ez digu nahia oztopatuko, haitzuloraino 150 metro baino ez dira eta. Tontorrera bidea egiteko, haatik, intuizioa eta kareharriaren gainean ibiltzeko abilezia behar da. Hasieran, metalezko kate batek lagunduko digu harrizko muraila gainditzen. Gero, pintura arrastoei segika, gandorrera iritsiko gara. Beligaina eta Arbaila mendigunearen estanpa ezohikoa izango dugu Lükürgaineko talaiatik.
Koskarteko begi ninia
Gailurreriari jarraituz, mendebaldera egingo dugu astiro-astiro, harri puska zorrotzak saihestuz. Apoloborroko haitzulo ederra bide ertzean ikusiko dugu, eta, bidexkari ezti-ezti ekinez, Otsibarreko lepora iritsiko gara. Bide asfaltatua eskuinetik jarraituko dugu. Hala, Apoloborroko etxaldearen azpitik igarota, eskuinera bi aldiz hartu eta bide nagusiari segituko dugu. Aurrez aurreko paisaian tontorrez beteriko tapiz malkartsua bistaratuko dugu: Sudou, Lexantzümendi, Intxuriste, Lükürgaina eta Bosmendietako lerro luzea, besteak beste. Errepideak ezkerraldera bihurgunea egin eta berehala, Harbaltzeta aldera egingo dugu, xendak dioenez. Lehen zuloa eskuinaldean dago: aho txikia da, eta udako egunetan freskotasuna dario. Bidexkari oratuta, bigarren haitzuloa hautemango dugu sakonune zabalean. Haitzulook bisitatu ondoren, sakonunea guztiz inguratuta, Asketako iturbururaino jarraituko dugu. Iturria ezkerrean utzi eta harrizko horma txiki baten ondoko harrizko bidetik segituko dugu, Asketako olaraino. Ola ondoko hartxintxarrezko basabidea zeharkatuta, mendian gora egingo dugu. Metro batzuk igota, ordea, bideak atseden unea utziko digu eskuinera zeharka egitean. Laster batean, zidor batekin elkartzeko asmoz, gora egiteari eutsi egingo diogu. Hasieran hurritzek osaturiko galerien artetik ibiliko gara; hariztian eta belardian gaindi, ondoren. Etxola batetik hurbil Koskarteko harpea topatuko dugu. Haitzuloa begi nini erraldoiaren antzera dago irekita, zabal-zabal, lehor-lehor.
Etxeberriko lamina jeloskorrak
Harpearen eskuinaldetik jarraituko dugu, gorantz. Zeharka doan harrizko galtzada zoragarria topatuko dugu ziztuan. Estonagarria bada ere, zati luzez jarraituko dugu holaxe, umil-umil, goxo-goxo, lepo bateraino. Galtzadaren paraleloan doan belarrezko bidexkatik egingo dugu orduan, eta bigarren lepora iritsiko gara. Metro batzuk beherago, eskuinera doan zidorra hartuko dugu muinoz bestaldetik jarraitu ahal izateko. Gamere eta Zihiga aldera begira jarriko gara orduan. Lehista izena irakurri dugu hesiz inguratutako zulo sakon batean. Zulotxoan ezkerrera egin eta hariztian barrena egingo dugu. Bidexkak eskuinera egingo du une batez, belardiaren argitara gu aterarazteko xedez. Hala, larretik jarraituta, beherago dagoen etxalderantz abiatuko gara, arin-arin. Etxaldera bertaratu gabe, baina, ezkerrera hartu eta ate metalikoaren atzeko basabidetik egingo ditugu urratsak. Zihigatik datorren pistara iristean, ezkerrera jo eta Etxeberriko barrunbera iritsiko gara.
Kobazuloko sarrera lorategi eder batek apaintzen du, ingurua norbaitek maitasunez zaintzen duen seinale. Arku ederra dago haitzulo erraldoiaren gain-gainean. Tenpluei zor zaien begirunez, urrats geldoak egingo dugu orain, barrurantz, aho ilunerantz. Plaka xume batek haitzuloaren garrantzia gogora dakarkigu: honezkero hamarkada batzuk joan dira Boucher, Laplace eta Barandiaran ikerlariak Etxeberrikora aurreneko aldiz bildu zirela, barrunbeko altxorra identifikatzeko asmoz. Hamarkada batzuk, beraz, lamina jeloskorren begiradapean.
Haitzulotik irten eta beherago ikusitako bide sardara itzulita, hartxintxarrezko bidetik jarraituko dugu. Bihurgunea igaro ondoren, ezkerrera egin eta Zihigarantz abiatuko gara. Eliza aldera jo gabe eskuinera egin, eta, asfaltoa lagun, Gamerera iritsiko gara.
Ezarian
Laminen xenda, Arbailan
Gamere-Zihiga udalerria Zuberoan dago, eta Arbaila mendiguneko ekialdean hedatzen da. Inguruko bazterrak ezagutarazteko ibilbide aparta atondu dute bizilagunek. 'Laminen xenda' izenburua egokitu zaio eginahal, begirune eta mirespena exijitzen dituen zidor liluragarriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu