Lokiz mendilerroa Nafarroako ipar-mendebaldean dago. Mendigune zabala da, eta bazter ederrez josia. Urteak beharko genituzke, seguruenik, Lokizko naturgunea ongi ezagutzeko. Batzuek esan ohi dute denbora aspaldi gelditu zela han. Beste batzuek, haren paisaia oharkabean pasatzen denetakoa dela. Baina, zalantzarik gabe, natura oparoko mendigune trinkoa da, interes bereziko landaredia eta fauna bapo gorde ohi dituena. Lokiz oso zapaldua izan ez arren, ordea, ez da sekula ahaztua izan, bizkar gaineko basoek zeresana eman baitute betidanik. Ikazkintza, esaterako. Gaur egun ogibide galdua delarik ere, XX. mendera arte bizirik iraun zuen erregai gisa. Energia errentagarriagoek betiko ordezkatu zuten arte. Lokiz inguruko ibarretan, ordea, egur ikatza ekoiztearen prozesuari bizirik eutsi nahi izan diote, kosta ahala kosta. Biloria herrixkan, esaterako, txondorrak pizten dituzte urtero-urtero, egur ikatza estimatua oso baita ospe oneko jatetxeetan.
XXI. mendeak basoarekin loturiko ogibide berria ekarri du, hala nola diamante beltza onddoaren ekoizleak. Boilur beltzarena (Tuber melanosporum), bestela esanda. Sukaldaritzan oso estimatua den produktu horren fabrikatzaileak erkameztiak eta artadiak dira. Antzinako denboran jaki ezaguna bazen ere, misterio aura zerion eta, nola ez, lilura handia sorrarazten zuen. Carlos E. Hermosilla mikologoak Las trufas artikuluan (ENZA, 2001) esaten duenez, Jean-Henri Fabre frantses naturalistak hipotesiok zapuztu zituen 1857an, eta, zientifiko batzuen gogoaren kontra, zuhaitzaren sustraiekin erlazio estua duen onddoa zela argitu zuen. Egun, lilura handiko fruitu delikatua, mikatza, usain gozokoa eta perfumatua dugu, tira handiko ondasun gutiziatua goi sukaldaritzan. Mikorrizaren laborantzaren nondik norakoen berri izateko, Ollobarrendik hurbil dagoen Interpretazio Zentrora bisita egitea ezinbestekoa da. Boilurren omenezko museo aurrendarian zer ikusi eta zer entzuna dago eta.
Ibilian-ibilian, Ollobarrenen
Lokizko labirinto karstikoan barrena ibilaldi polita dakargu segidan. Ollobarrenen ibilian-ibilian hasita, mendi bizkarrera igoko gara leiho natural batetik igarotzeko xedez. Arabatik nahiz Bizkaitik abiapuntura gerturatuz gero, Opakuako mendatea igo ostean, Ameskoako ibarra Lizarrarantz korrituko dugu. Gipuzkoatik nahiz Nafarroatik etorrita, Urbasa mendatea egokiena da. Ega ibaiaren parez pare, mendebaldera joko dugu Santikurutze Kanpezurantz. Murietara iritsi baino lehenago ikusiko dugu Metauten eta Ollobarren herrietara doan errepidea.
Ollobarrengo herrian sartu aurretik autoa ongi aparkatuta lagako dugu. Oinez barneratuko gara xarma berezia darion herri xume horretan. Kale Nagusian iparraldera eginez, landa etxearen ondotik igaro eta elizaren eskuinaldetik doan kaleari segituko diogu. Herrigunetik irtendakoan, makal lirainak ikusiko ditugu. Gauza herritik datorren bidea eskuinaldetik batzen zaigula ikusiko dugu —handik egingo dugu itzulera—. Noranzkoa aldatu gabe, ondoko birlandaketaren eskuinaldetik jarraituko dugu hasieran; makalen artean, ondoren. Makalak atzean utzita, magalera zuzen joko dugu bi lur sailen artean igarotzeko asmoz. Hogei metrora, ezkerrera egin eta artadiak bete-betean hartuko gaitu. Goratasuna hartzen hasiko gara. Magalean barrena zeharka-meharka, alanbre batera iritsiko gara. Oraingoz alanbrea gurutzatu gabe jarraituko dugu. Hiru minutu geroago, ezkerrera joko dugu bidebanatzean, eta, hormatzarrak gain-gainean direla, zeharkaldi ikusgarria egingo dugu. Holaxe, samur-samur, Ollobarrengo haitzulora iritsiko gara.
Ollobarrengo barrunbea begi naturala da. Harbide bihurgunetsu batek ahoraino lagunduko digu. Harkaiztegia zeharkatzeko itxaropena galdua dugula, ezusteko galanta datorkigu segidan: Lokiz mendilerroaren gainaldea zapaltzeko bidea eskainiko digun igarobide misteriotsua. Arrakalan sartu bezain pronto, tunel ederra dago. Naturak eskainitako edertasun paregabea, zinez!
Mendate berrian behera
Labirintotik irtendakoan, eskuinera hartuko dugu, eta ezpelek osaturiko galerian gaindi jarraituko dugu. Hala, leun-leun, Santiago baselizaraino. XIV. mendeaz geroztik aipatua da baseliza, eta, gaur egun, obra handia bezain atondua erakusten du tenplu entzutetsu horrek. Gauzako eta inguruko herrietako bizilagunen topaleku maitatua da. «Meza entzun, solasean gustura aritu eta bapo bazkalduta, Balsa Granderainoko paseo goxoa egiten dugu, urtero-urtero, ekaineko lehen igandeko erromeria egunean», azaldu dute Gauzako lagunek baselizari buruz itauntzean.
Baselizaren atzealdeko basabidean aurrera metro batzuk egingo ditugu, bi minutu besterik ez. Izan ere, mugarri txiki batek Gauzako mendate berrira doan zidorra adieraziko digu. Basabide zabaletik irtengo gara orduan, eta eskuinaldetik doan bidexkari helduko gatzaizkio. Ikuspegi zabaleko talaia batera iritsiko gara laster. Gauza eta Ollobarren herriak ez ezik, Monjardin eta Montejurra tontor ezagunak ere bistaratuko ditugu balkoi horretatik. Talaian ezkerrera eginda, landaretzak estalitako aspaldiko bidea ikusiko dugu. Jaitsiera liluragarria egiten hasiko gara atakatik bertatik. Gauzako mendate berria deitua izan arren, aspaldiko harbidea dela bistan da, ibarreko baldintza gogorretara arras ongi moldatua. Arkitekturaz mira-mira eginda, sigi-sagaka abiatuko gara beherantz. Ezkerraldean Reloj haitz biribila ikusiko dugu handioski gailenduta, Gauzako mendate zaharrera bidean. «Peña Rajada ikusiko zenuten, ezta? Bide ondoan dago-eta. Santiago mairuez inguraturik zegoen nonbait, eta, ezpata eskuan, arrakala eder hura egin zuen ihes egin ahal izateko», aditzera eman dute Gauzako bizilagunek, Santiagoren pasartea kondaira baino ez dela aitortuz, txikitatik entzundako istorio bitxia.
Zidorren behera eginda, berriro Gauzara iritsi aurretik, ur biltegi bat ikusi dugu, baita zur eta lur geratzeko moduko haritz sendoak ere. Gauzara iristean, eskuineko kaletik segitu, eta errepidera irtengo gara. Eskuinera egingo dugu han, elizaren ondoko porlan bidea hartzeko asmoz. Kanposantura iritsita, eskuineko bideari men egingo diogu, eta, ibilian-ibilian, Ollobarrengo makaldira iritsiko gara.
Ezarian
Ollobarrengo begia
Euskal Herrian ugari dira harkaiztiak burutik buru zeharkatzen dituzten leihoak. Lokiz mendiguneak ere bazter estimatua du Ollobarrengo mendatean. Harantz abiatuko gara aurrenik, eta, gainaldea korrituta, Santiago baseliza sonaturantz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu