Dadoak, xakea, alkerkea, kartak: aspalditik erabiltzen dira jokorako. Erdi Aroan debekatu egin zituzten, baina jendeak muzin egiten zien debekuei, jokatzeko grina eta ohitura soziala gailentzen baitzitzaizkion goikoen aginduari.
Iragana eta oraina lotzen ditu partidak. Donostiako Jokoenea museoan askotariko garaietako piezekin, taulekin eta eskulturak diruditen Afrikako joko batzuekin batera, ezaguna den objektu bat agertu da halako batean: dadoa. Erraz identifika daiteke, gaur egun erabiltzen direnen berdina baita, baina aintzinakoa da: erromatarren garaian jada erabiltzen zuten. Parisko Notre Dame katedral gotikoan topatu zituztenen erreplikak dira beste bitrina batean dauden metalezko dado dotore horiek. Eta gertuago, dadoak aurkitu zituzten, orobat, Muskizko Muñatones gazteluan (Bizkaia) egin zuten indusketa batean, 1994an.
Euskal Herrian gutxi dira Erdi Aroko jokoen berri ematen duten zantzu materialak, Mitos elkarteko Iagoba Ferreiraren esanetan. Dadoak, egia da, ederto kontserbatu dira, gehienetan hezurra erabiltzen zutelako horiek egiteko. Taulak, aldiz, urriagoak dira. «Gehienak egurrezkoak izango ziren, eta ez zitzaien irudituko gordetzeko moduko zerbait zirela», argudiatu du Ferreirak. Pieza guztiak ez zeuden-eta berdin landuak: baziren taula hornituagoak, material nobleagoekin onduak, baina herri xeheak ahal zuen lekuan taxutzencloseLandu, konpondu, egokitu. zituen jokatzeko euskarriak. Kontserbatzen direnak harrizkoak dira, ez oso landuak, eta askotan zain egoteko edo denbora pasatzeko lekuetan topatu dira; esaterako, elizen aurreko bankuetan grabatuak.
Dena den, arlo legal eta administratiboan aurkitu dituzte ikertzaileek ausazko jokoen inguruko daturik mamitsuenak. Izan ere, Europan erruz arautu eta, are, debekatu ere egin ziren, eta horrek nabarmen erakusten du zenbat hedatu ziren jarduerok garai hartan. «Ez bada egon isunik, zergarik edo eskandalurik, askotan ezin dugu jakin zer egiten zuen jendeak etxean, bizimodu pribatuan», azaldu du Ferreirak, eta berehala egin du ñabardura: «Baina argi dago Erdi Aroan jokatu egiten zela». Muñatonesen aurkitutako piezetatik abiatuta, hain justu, orduko ausazko jokoei buruz mintzatu ziren gazteluan bertan Ferreira eta Madinabeitia, irailaren 13an eman zuten hitzaldi batean.
Bilboko ordenantzak dira informazio iturrietako bat, Ferreirak aipatu duenez. Garaiaren arabera, zorrotzagoak edo malguagoak izan ziren. «Batetik, moralki gaizki zegoen, liskarrak zeuden, tranpatiak, eta egon zen ludopatiarencloseJokoarekiko menpekotasuna sortzen duen gaixotasun psikologikoa. ondorioz diru guztia galdu zuen jendea; baina, bestetik, debekatuz gero, leku ezkutuetan arituko ziren, eta zailagoa izango zen kontrolatzea». Gainera, udalek edo erregeek ere etekinak atera zitzaketen jarduera horretatik: adibidez, zergak ordaintzen zituzten lokaletan jokatzen bazuten. Horiek horrela, tartekatu egin ziren erabateko debekuak eta bolada permisiboagoak.
Europa osoan jokatu zuten zori denborapasetan, eta Europa osoan ezarri zituzten, orobat, haien kontrako legeak. Behin eta berriro ageri dira debekuak, Jokoeneko arduradun Patxi Angulo Martinek nabarmendu duenez, eta jendeak behin eta berriro egiten zien muzin. Adibide kuriosoakcloseBitxiak, harridura sor dezaketenak. ere badira: esaterako, fraideei ere debekatu zieten jokatzea, elizgizonen artean zorizko dibertimenduek estimua zuten seinale. Ordea, datu administratiboak jarduerak sortutako arazoez baino ez dira mintzo, baina ez dituzte argitzen jokoen nondik norakoak.
Horrek are baliotsuagoa egiten du Alfontso X.a Jakintsua Gaztelako erregearen Jokoen liburua lana (1262-1264). Horrek bai, horrek badu-eta eskuliburuaren taxua. Obraren faksimilecloseDokumentu baten kopia zehatza. bat dauka Angulok Jokoenean, liburu mardul, astun eta dotore bat, bi dimentsioko irudiz jantzia. Arreta ematen dute margolanen kolore biziek —hondoko urdinak, bereziki—, eta eszenen detaile zorrotzek.
Atriletik jaitsi du alea Angulok, eta haren edukiak zerrendatuta osatu du Erdi Aroaren paisaia ludikoa. «Xakea ageri da», nabarmendu du, «baina oraindik musulmana». Izan ere, ia-ia aldi berean sortu ziren xakea eta islama: VII. mendean. Jokoa India eta Persia artean agertu zen, eta, musulmanek Persia bereganatu zutenean —erlijioa eratu eta gutxira—, beste horrenbeste egin zuten xakearekin. Moldatu egin zuten: jatorrian, dadoekin jokatzen zuten xakean ere, baina KoranakcloseMusulmanen liburu sakratua. zori jokoakcloseJokalariaren trebetasunean ez, baizik eta zorian oinarritzen diren jokoak. debekatu egiten dituenez espresuki, musulmanek zorizko ezaugarri hori ezabatu zuten.
Apustuak ere bai
Alfontso X.aren taldeak dadoei ere lekua egin zien, ageri dira apustuak ere, alkerkea —musulmanek ekarria, halaber—, eta taula jokoa. «Egungo backgammon-aren aurrekariak dira taulak; orain, ia-ia forma bakarrean jokatzen da Europan», argitu du Angulok. Jokoaren liburua-n, aldiz, hamabost aldaera jaso zituzten. Xakean ere askotarikoak dira soslaiak: emakumeak eta gizonak, kristauak, musulmanak, juduak...
Erdi Aroko biztanleak bestelako jokoetan ere aritu ziren. Indar desberdinekin lehiatzen ziren, adibidez, erbia inguratzeko jokoan, eta azeriaren eta antzararen jokoan. Angulok daukan erreprodukzioan, taula zulodun batean bola marroi bakarra inguratu beharra daukate bola urdinek —hamazazpi daude, guztira—, eta urdinak jaten tematu beharko du marroi bakartiak. Eta, horiez gain, tokiko adibideak ere badaude Jokoenean: Europako iparraldean hnefataflcloseHerri vikingoek jokatzen zuten jokoa. familiako jokoak gailendu ziren, xakearen antzekoak, eta hura heldu zenean joan ziren desagertuz, poliki-poliki.
Berantiarragoak dira kartak. Eta, beste behin, agiriei esker da ezaguna haien kronologia. «Garai hartako joko gehienak erromatarren garaikoen antzekoak ziren, gutxi gorabehera; baina kartak agertu zirenean, hamar urtean Europa gurutzatu zuten, eta berehala hasi ziren haiek debekatzen, problematikoak ziren eta: jendeak azkar-azkar irabazten zuen, edo galdu», esplikatu du Ferreirak. XIV. mendearen bukaeran hedatu ziren, orduko garapen teknologikoek hauspotuta: batetik, paperak euskarri merkeago bat eskaini zuen kartak egiteko —bestela, pergaminoak erabili behar ziren—, eta, bestetik, aurreneko inprenta xilografikoak bide eman zuen piezok seriean ekoizteko.
Jatorrizko artikuluak
-
Erdi Aroko jokalarien eran
Amaia Igartua Aristondo |
|