Erdi Aroko jokalarien eran

Dadoak, xakea, alkerkea, kartak: aspaldiko garaietan ere askotariko aukerak zituzten denbora pasatzeko. Erdi Aroan ezarri zen arau eta debeku andanak ondorio argia iradokitzen du: «Jokatu egiten zen».

Tauletara jokatzen Donostiako Jokoenean, irailaren 9an. GORKA RUBIO / FOKU
Tauletara jokatzen Donostiako Jokoenean, irailaren 9an. GORKA RUBIO / FOKU
amaia igartua aristondo
Donostia
2026ko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragana eta oraina lotzen ditu partidak. Donostiako Jokoenea museoan, askotariko garaietako piezekin, taulekin eta eskulturak diruditen Afrikako joko batzuekin batera, ezaguna den objektu bat agertu da halako batean: dadoa. Erraz identifika daiteke, gaur egun erabiltzen direnen berdina baita, aurpegi eta puntu berak baititu, baina ondoan daukan paper zatiak haren antzinakotasunaren berri ematen du: erromatarren garaian jada erabiltzen zuten. Parisko Notre Dame katedral gotikoan topatu zituztenen erreplikak dira beste bitrina batean dauden metalezko dado dotore horiek. Eta gertuago, dadoak aurkitu zituzten, orobat, Muskizko Muñatones gazteluan (Bizkaia) egin zuten indusketa batean, 1994an.

Euskal Herrian gutxi dira Erdi Aroko jokoen berri ematen duten zantzu materialak, Mitos elkarteko Iagoba Ferreiraren esanetan. Dadoak, egia da, ederto kontserbatu dira, gehienetan hezurra erabiltzen zutelako horiek egiteko. Taulak, aldiz, urriagoak dira. «Gehienak egurrezkoak izango ziren, eta ez zitzaien irudituko gordetzeko moduko zerbait zirela», argudiatu du Ferreirak. Pieza guztiak ez zeuden-eta berdin landuak: baziren taula hornituagoak, material nobleagoekin onduak, baina herri xeheak ahal zuen lekuan taxutzen zituen jokatzeko euskarriak. Kontserbatzen direnak harrizkoak dira, ez oso landuak, eta askotan zain egoteko edo denbora pasatzeko lekuetan topatu dira; esaterako, elizen aurreko bankuetan grabatuak. «Ez du ematen harriaren artisau bat zizelaz eta mailuaz aritu denik hori egiten», erantsi du Ander Madinabeitia Mitos elkarteko kideak; «gehiago dirudi baserritar batek harri zorrotz batekin azkar egindako marrazki bat, apaizak ikusi gabe, seguruenik». Sinpletasuna gorabehera, batzuk sarri erabili zituzten, gastatuta baitaude.

Erromatarren garaitik erabiltzen den dadoetako bat, Jokoenean. Dado karratuak ere haiengandik etorri dira. GORKA RUBIO / FOKU
Erromatarren garaitik erabili diren dadoetako bat, Jokoenea museoan. Dado karratuak ere halakoetatik etorriak dira. GORKA RUBIO / FOKU

Dena den, arlo legal eta administratiboan aurkitu dituzte ikertzaileek ausazko jokoen inguruko daturik mamitsuenak. Izan ere, Europan erruz arautu eta, are, debekatu ere egin ziren, eta horrek nabarmen erakusten du zenbat hedatu ziren jarduerok garai hartan. «Ez bada egon isunik, zergarik edo eskandalurik, askotan ezin dugu jakin zer egiten zuen jendeak etxean, bizimodu pribatuan», azaldu du Ferreirak, eta berehala egin du ñabardura: «Baina argi dago Erdi Aroan jokatu egiten zela». Muñatonesen aurkitutako piezetatik abiatuta, hain justu, orduko ausazko jokoei buruz mintzatu ziren gazteluan bertan Ferreira eta Madinabeitia, irailaren 13an eman zuten hitzaldi batean.

Esate baterako, Bilboko ordenantzak dira informazio iturrietako bat, Ferreirak aipatu duenez. Garaiaren arabera, zorrotzagoak edo malguagoak izan ziren jokoarekin. «Batetik, moralki gaizki zegoen, liskarrak zeuden, tranpatiak, eta egon zen ludopatiaren ondorioz diru guztia galdu zuen jendea; baina, bestetik, debekatuz gero, leku ezkutuetan arituko ziren, eta zailagoa izango zen kontrolatzea». Gainera, udalek edo erregeek ere etekinak atera zitzaketen jarduera horretatik: adibidez, zergak ordaintzen zituzten lokaletan jokatzen bazuten. Horiek horrela, tartekatu egin ziren erabateko debekuak eta bolada permisiboagoak. «Askotan, ohitura zen kopuru txiki bat jokatzen uztea, edo fruta edo ardoa; partida galtzen zuenak erronda ordaintzen zuen: ez zen sekulako galera».

Joko arauak faltan

Europa osoan jokatu zuten zori denborapasetan, eta Europa osoan ezarri zituzten, orobat, haien kontrako legeak. Behin eta berriro ageri dira debekuak, Jokoeneko arduradun Patxi Angulo Martinek nabarmendu duenez, eta jendeak behin eta berriro egiten zien muzin. Adibide kuriosoak ere badira: esaterako, fraideei ere debekatu zieten jokatzea, elizgizonen artean zorizko dibertimenduek estimua zuten seinale.

Europako iparraldeko hnefatafl, xakearen antzeko jokoa. GORKA RUBIO / FOKU
Europako iparraldeko hnefatafl-a, xakearen antzeko jokoa. GORKA RUBIO / FOKU

Ordea, datu administratiboak jarduerak sortutako arazoez baino ez dira mintzo, baina ez dituzte argitzen jokoen nondik norakoak. Europan aurkitutako eskuizkribu batzuetan badago aipamenen bat edo beste —kasurako, taulak ageri dira X. mendeko Exeter bertso anglo-saxoien eskuizkribuan, Jokoeneko arduradunaren arabera—, eta guztiak bat datoz taulen nolakotasunean, fitxen kopuruan eta dado motan. Baina ez dira eskuliburu bat, inondik inora. «Beste kontu bat da fitxak nola mugituko ziren», esan du Angulok.

Hala, urritasun horrek are baliotsuagoa egiten du Alfontso X.a Jakintsua Gaztelako erregearen Jokoen liburua lana (1262-1264). Horrek bai, horrek badu-eta eskuliburuaren taxua. Obraren faksimile bat dauka Angulok Jokoenean, liburu mardul, astun eta dotore bat, bi dimentsioko irudiz jantzia. Arreta ematen dute margolanen kolore biziek —hondoko urdinak, bereziki—, eta eszenen detaile zorrotzek.

(ID_17897421564855) (/Iagoba Ferreirak utzit) Emakumeak eta neskak xakera jokatzen, Alfontso X.a Gaztelako erregeak enkargatutako jokoare...
Emakumeak eta neskak xakean, Alfontso X.a Gaztelakoak enkargatutako Jokoaren liburua obrako ilustrazio batean. IAGOBA FERREIRAK UTZITAKOA

Atriletik jaitsi du alea Angulok, eta haren edukiak zerrendatuta osatu du Erdi Aroaren paisaia ludikoa. «Xakea ageri da», nabarmendu du, «baina oraindik musulmana». Izan ere, ia-ia aldi berean sortu ziren xakea eta islama: VII. mendean. Jokoa India eta Persia artean agertu zen, eta, musulmanek Persia bereganatu zutenean —erlijioa eratu eta gutxira—, beste horrenbeste egin zuten xakearekin. Moldatu egin zuten: jatorrian, dadoekin jokatzen zuten xakean ere, baina Koranak zori jokoak debekatu egiten dituenez espresuki, musulmanek zorizko ezaugarri hori ezabatu zuten.

Eta aldaera berri hori hedatu zuten Europan. Hala, Alfontso X.aren liburuan ageri den jendeak ez du dadorik erabiltzen xakean jokatzeko, baina artean bisirra ageri da —damak ordezkatu zuen Aro Modernoaz geroztik—, eta ezberdin mugitzen dira hura eta alfila. «Mugimendu laburragoak zituzten, eta partidak motelagoak ziren», zehaztu du Jokoeneko arduradunak.

Denentzako denborapasa

Alfontso X.aren taldeak dadoei ere lekua egin zien, ageri dira apustuak ere, alkerkea —musulmanek ekarria, halaber—, eta taula jokoa. «Egungo backgammon-aren aurrekariak dira taulak; orain, ia-ia forma bakarrean jokatzen da Europan», argitu du Angulok. Jokoaren liburua-n, aldiz, hamabost aldaera jaso zituzten. Azalpenekin batera datozen ilustrazioek jendeak nola jokatzen zuen ilustratzen dute. «Haientzat hiruko alkerkea zen horri guk hiruko artzain jokoa deritzogu, eta haurrak ari dira jokatzen, jokorik errazena da eta», xehatu du Ferreirak. Helduak, berriz, alkerke normalean ari dira. Eta xakean, askotarikoak dira soslaiak: emakumeak eta gizonak, kristauak, musulmanak, juduak...

Alkerkea. GORKA RUBIO / FOKU
Alkerkea. GORKA RUBIO / FOKU

Lehiakide bakoitzak pieza kopuru bera du liburuak jasotzen dituen adibide horietan guztietan, baina Erdi Aroko biztanleak bestelako jokoetan ere aritu ziren. Indar desberdinekin lehiatzen ziren, adibidez, erbia inguratzeko jokoan, eta azeriaren eta antzararen jokoan. Angulok daukan erreprodukzioan, taula zulodun batean bola marroi bakarra inguratu beharra daukate bola urdinek —hamazazpi daude, guztira—, eta urdinak jaten tematu beharko du marroi bakartiak. Eta, horiez gain, tokiko adibideak ere badaude Jokoenean: Europako iparraldean hnefatafl familiako jokoak gailendu ziren, xakearen antzekoak, eta hura heldu zenean joan ziren desagertuz, poliki-poliki.

Berantiarragoak dira kartak. Eta, beste behin, agiriei esker da ezaguna haien kronologia. «Garai hartako joko gehienak erromatarren garaikoen antzekoak ziren, gutxi gorabehera; baina kartak agertu zirenean, hamar urtean Europa gurutzatu zuten, eta berehala hasi ziren haiek debekatzen, problematikoak ziren eta: jendeak azkar-azkar irabazten zuen, edo galdu», esplikatu du Ferreirak. XIV. mendearen bukaeran hedatu ziren, orduko garapen teknologikoek hauspotuta: batetik, paperak euskarri merkeago bat eskaini zuen kartak egiteko —bestela, pergaminoak erabili behar ziren—, eta, bestetik, aurreneko inprenta xilografikoak bide eman zuen piezok seriean ekoizteko.

Ritmomakia jokoa. JOKOENEA
Ritmomakia jokoa. JOKOENEA

Ritmomakia: aritmetikaren arabera mugitzen den jokoa

 

Dadoek, xakeak, azeriaren eta antzararen jokoak, taulek... guztiek daukate xede nagusi bera: denbora pasatzea, dibertitzea. Aldiz, Erdi Aroan bestelako joko bat ere garatu zen, batik bat ikastea zuena helburu: ritmomakia. Xakearen antza dauka, baina ez da figurekin jokatzen, baizik eta zenbakiak dituzten pieza lauekin. Eta eragiketa matematikoak eginez mugitzen dira. 

Donostiako Jokoenea museoko arduradun Patxi Angulo Martinek azaldu duenez, aritmetika lantzeko asmatu zuten, Alemania aldeko monasterioetan. Izan ere, Erdi Aroan ikasleentzako habia ziren monasterioak. «Mugimenduak lau eragiketa aritmetikoen bitartez egiten zituzten: batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa. Eta progresioak ere lantzen zituzten: aritmetikoa, geometrikoa eta harmonikoa». XII. eta XVI. mendeen artean iraun zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA