Euskaldunen pribilegioak

Mikel P. Ansa |
  • 280 hitz
  • Albistea entzun

Sare sozialetan bolo-bolo ibili den adierazpen batzuk hartu ditu hizpide BERRIAko kazetari Mikel P. Ansak. Zehazki, Orkoiengo alkateak (Nafarroa) esanikoak: euskaldunak «pribilegiatuak» direla. Arrazoi horrekin argudiatu zuen euskararen erabileran murrizketak egitea udalean.

Iazko azaroan euskararen ordenantza urardotzencloseZerbaiti bere funtsa galarazi.
hasi zen Orkoiengo Udala, eta abenduaren 20ko udalaren osoko bilkuran Alejandro Lopez alkateak jakinarazi zuen ludotekan euskara murrizteko asmoa zuela, euskaldunak «pribilegiatuak» direlako, zerbitzua bi hizkuntzatan jasotzeko aukera dutelako. Oharkabean pasatu dira Lopezen adierazpen horiek, erabiltzaile batek X sare sozialean alkatearen bideoa zabaldu duen arte, hilabete geroago. Eta kezkagarria da, euskararen aldeko diskurtsoak aliatuak behar dituelako erdaldunen artean, eta justu kontrakoa gertatzen ari delako: PSN orpoz orpocloseOso hurbiletik.
ari zaio jarraitzen UPNri politika euskarafoboetan, eta CCOO eta UGT ere berdintsu ari dira, eta ez soilik Nafarroan. Haiek hasi dituzte euskararen aurkako hainbat auzibide.

Euskaldunek ez dute esplikatu beharrik «pribilegioak» erdaldunenak direla, nonahi, noiznahi eta nornahirekin beren hizkuntzan hitz egiteko baliabide eta testuinguruak dituztelako, eta euskara desagertzeko arriskuan dagoelako, lurraldearen zati batzuetan behintzat. Baina hori jakiteko, euskalduna izan beharra dago. Kontseiluak gogora ekarri du hizkuntza gutxituak sustatzeko politikak ezin direla inondik ere baztertzailetzat hartu, baina erdal munduaren parte bat bandera hori haizatzencloseZirikatzen.
ari da, eta beren burua baztertutzat aurkezten. Berriki CISen inkesta batek azaleratu du herritarren parte handi batek uste duela parekidetasun politikak «urrunegi» joan direla, eta euskararekin gauza bera gertatzen ari da: norbere pribilegioak zalantzan jartzen direnean hasten baita piztia asaldatzen. Eta horrela, zapaltzaileak biktima gisa agertzen dira, Israelgo Gobernuak baliatzen duen diskurtsoaren logika berberarekin: «Beren burua defenditzeko eskubidea dute erdaldunek».

«Kontseiluak gogora ekarri du hizkuntza gutxituak sustatzeko politikak ezin direla inondik ere baztertzailetzat hartu».

Orkoiengo euskaltzaleek protesta egingo dute urtarrilaren 27an, udalaren politika euskarafoboa salatzeko. Euskaldunek protesta egiteko «pribilegioa» izango dute, atzera. Baina, protestaz harago, beste maila bateko lanketa bat eskatuko du auzi honek, PSN-PSEren eta CCOO-UGTren mundu horrek euskararen aldeko politikak zalantzan jartzeko hartu duten bideari aurre egin nahi bazaio.

Jatorrizko artikuluak