Ikastolak: pantaila gutxiago eta beranduago hasita
Pantailek ikasketa prozesuan izaten ari diren eraginaz arduratuta, duela bi urte hasitako prozesua amaitu dute ikastolek. Prozesu horretan oinarrituta, estrategia digital berria ondu dute, sareko ikastetxe guztiek oinarri komun bat izan dezaten.
«Mundu digital batean bizitzeko, digitalki ahaldunduak diren herritarrak hezi behar ditugu». Hori uste dute Euskal Herriko Ikastolen arduradunek. Aitortu dute ikastetxe bakoitzak «era batera edo bestera» jokatzen zuela orain arte, eta irizpide berbera ezarri nahi dute ikastola guztietan. Bada, atzeratu egingo dute pantailak ikasgeletan sartzea, eta jada erabiltzen ziren lekuetan murriztu. Horiek horrela, HHko irakasleek eta LHko lehen bi mailetakoek ez dute gailurik erabiliko eskolak emateko. Ondorengo bi mailetan, berriz, onlinecloseInternet bidez. jarduerekin hasiko dira, irakasleak gidatuta. Eta urtebete geroago ekingo diote gailu digitalak erabiltzeari; LH5en, alegia. DBHko ikasleei dagokienez, pantailen erabilera «etiko, arduratsu eta jasangarria» sustatuko dute.
Aktualitatearen lehen lerroan izan da digitalizazioaren auzia azkenaldian, bereziki azken PISA txostenaren ondorioak aurkeztu zirenetik. «Hala ere, gizartean lehenagotik ere bazegoen digitalizazioarencloseDatu, irudi eta osagai fisiko analogikoak euskarri digitalerako moldatzea, ordenagailuetan gorde eta euren bidez transmititu ahal izateko. eta hark dakartzan ondorioen inguruko hausnarketa eta eztabaida sakona, batez ere hezkuntza komunitateetan», esan dute Euskal Herriko Ikastolek.
Eztabaida horri «erantzun sendo bat emateko eta norabide propio batekin erantzuteko» asmoz landu dute estrategia digital berria. Nabarmendu dutenez, bi urteko lan sakon eta bateratuaren emaitza da estrategia, teknologia erabiltzeak dituen askotariko ondorioak aztertzen dituena.
Zigor Ibarzabal Euskal Herriko Ikastolen hezkuntza zuzendariak gogora ekarri du «duela hamarkada eta erdi» gailu digitalak etxe guztietara iritsi gabeak zirela, eta adierazi du ikastolak «aitzindaricloseZerbaitetan aurreratzen dena, besteak baino lehenago hasten dena.» izan zirela «ikaskuntza prozesuetan baliabide digitalak sartzeko orduan». Gaur, ordea, euskal gizartea gizarte «hiperdigitalizatua» da: «Errealitate horrek bultzatu gaitu hezkuntzaren eta eremu digitalaren arteko harremana birpentsatzera».
Ikastolen proposamenak bi alderdi ditu: «Batetik, konpetentzia digitalacloseInformazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna. eta ahalduntze digitala lantzeko marko teknopedagogikoa; eta, bestetik, burujabetza teknologikorako bide orria», esplikatu du Ibarzabalek. Lehenengoan zehazten du zer, noiz eta nola landu behar den ikasgelan. Bigarrenean, berriz, erabaki horiek hartzeko «autonomia» lortzea da xedea, «kanpoko hornitzaileenganako menpekotasuna murrizteko eta teknologia hezkuntza proiektuaren zerbitzura jartzeko».
Estrategiak Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatearekin eginiko ikerketak eta zenbait unibertsitatetako ikerlarien ekarpenak ditu oinarri, baita hezkuntzaren arloko askotariko profesionalenak ere. Hiru erabaki orokor hartuko dituzte: batetik, hezkuntza eremuan pantailen erabilera murriztea. Bestetik, ikasgeletan geroago hastea pantailak erabiltzen: hasierako etapetan ahal den neurrian ez erabiltzea, eta konpetentzia digitala modu analogikoan lantzea. Eta azkenik, «ahalduntze digitala» modu espezifikoan eta tarte jakin batzuetan lantzea —asteko ordutegian berariaz denbora tarte bat hartuta—. Horretarako, baliabide espezifikoak sortuko dituzte.
Ordenagailuak ikastolan
Ikastolak utzitako ordenagailu eramangarriak ikastetxetik kanpo erabiltzen direnerako, ikasleen segurtasun eta eskubideak errespetatzen direla bermatzeko bideak eta aukerak arakatu eta aktibatuko dituzte, ikasmaila guztietan. Osterantzean, gailu digitalak ikastolan utzi beharko dira.
Baina Ibarzabalen arabera, estrategia digital berriaren eragina ez dagokio soilik hezkuntzaren eremuari. Estrategiaren barruan, besteak beste, familientzako lan saioak eta dinamikak proposatzen dituzte, eta irakasleentzako prestakuntza planak ere bai.
Zortzi helburu estrategikotan ardazten da: autonomia estrategikoa lortzea, ikastolen arteko elkarlana sustatzea, software librea eta kode irekia lehenestea, prestakuntza indartzea, segurtasun digitala eta datuen babesa bermatzea, iraunkortasuna eta ekologia digitala sustatzea, tokiko hornitzaileak eta kooperatibak lehenestea, eta teknologia pedagogiarekin koordinatzea.
Jatorrizko artikuluak
-
Ikastolek gailu digitalen erabilera murriztuko dute eskoletan, eta pantailak ikasgeletan sartzea atzeratu
Kepa Ugarte Martiarena |
|