Hego Euskal Herriko ikasleek emaitzak kaskartu dituzte PISAren azterketan

Txostenaren arabera, behera egin dute zientzietan, matematikan eta irakurketan. Beherakada orokorra da, eta bat dator mundu osoan dagoen joerarekin.

Ikasleak ikasgelan, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ikasleak ikasgelan, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Arantxa Iraola - Ion Orzaiz - Gotzon Hermosilla
2026ko irailaren 8a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasturte hasierarekin batera heldu da ebaluazioa: OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak hiru urtean behin egiten duen PISA txostena kalean da berriro. Mundu osoko datuak aztertuta egiten den erretratu doia da, hezkuntza agintariek aintzakotzat hartu behar izaten duten erreferentzietako bat. Ikasleek zientzietan, matematikan eta irakurketan duten gaitasunari erreparatu izan dio orain arte ikerketak. Eta emaitzak ez dira pozteko modukoak, Hego Euskal Herriko ikasleek behera egin baitute neurtutako hiru esparru horietan.

Hego Euskal Herriko datuak bereizita ematen ditu PISAk: Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak alde batetik, eta Nafarroakoak bestetik. Guztietan dago beherakada. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek 419 puntu lortu dituzte irakurketan, eta 2022an 466 izan ziren; zientzietan, 459 puntu —480 puntu 2022an—, eta matematikan 460 puntu —2022an baino 22 puntu gutxiago—. Antzekoak dira emaitzak Nafarroan: irakurketan 441 puntu izan dituzte, 2022an baino 37 puntu gutxiago; matematikan, 462 puntu —492 izan ziren 2022an— eta zientzietan, berriz, 489tik 472ra izan da beherakada.

Emaitzen inguruko kezka aspaldikoa da. 2022an egin zen publiko aurreko txostena, eta 2018ko dokumentuarekin alderatuta, beherakada orokortua izan zuten ikasleek. Orduko hartan aurreko urteeetako testuinguru gaiztoari erreparatu zieten hezkuntza arduradunek. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, adibidez, esan zuen COVID-19aren pandemiaren azken hondarrean egin zizkietela ikasleei probak, eta horrek eragina izan zuela. «Emaitzei sakonki eragin die, eta zerikusia du ikasleen eta irakasleen egoera afektibo eta emozionalarekin», argudiatu zuen. Azaldu zuen, gainera, «beherakada» orokorra izan zela: «Eragina herrialde guztietara zabaldu da». 

Azken PISA txostenean, ikasleek matematikarako duten gaitasuna aztertu zuten, batez ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek 482 puntu erdietsi zituzten: aurreko txostenarekin alderatuta, atzera egin zuten nabarmen gaitasun horretan: 499 puntu lortu zituzten 2018an; alegia, orain baino hamazazpi puntu gehiago. Halere, besteak beste, Finlandiako, Suediako eta Alemaniako ikasleen parean zeuden orduan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak. Gainera, Jaurlaritzak nabarmendu zuenez, ia herrialde guztietan «jaitsiera orokorra» izan zen, Japonian eta Hego Korean izan ezik. Nafarroan ere nabari zen beherakada. Hain zuzen, 492 puntu lortu zituzten, aurreko aldian baino 11 puntu gutxiago. Hori horrela, besteak beste, Kanadako, Finlandiako eta Erresuma Batuko ikasleen parean zeuden Nafarroako gazteak.

Zientzietan ere behera egin zuten aurreko ebaluazioan. 480 puntu lortu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek. Aurreko aldian zazpi puntu gehiago izan zituzten. Zientzietan ere hobeto moldatu ziren, nahiz eta horiek ere 2018an baino emaitza okerragoak izan zituzten. Hain zuzen ere, 489 puntu lortu zituzten, eta aurreko aldian 492 izan zituzten. OCDEko herrialdeek, batez beste, 485 puntu lortu zituzten zientzietan. Alegia, gainetik ibili ziren Nafarroako ikasleak; aldiz, azpitik aritu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak. Irakurketan ere, Nafarroan hobea izan zen emaitza: 478 puntu lortu zituzten nafarrek, eta 466 puntu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek. Orduko hartan ez zen egon 2018ko PISArekin alderaketak egiteko modurik. Izan ere, orduan datuak eman zituztenean, ez zuten irakurketa gaitasunaren berri eman, hainbat institututan egindako probetan «irregulartasunak» aurkitu zituztelako.

Gizarte aldagaiek hezkuntzan duten eragina agerian uzten dute PISA txostenaren emaitzek ere. Aurreko txostenean, adibidez, argi ikusi zen jatorriak ere baduela eragina: hiru konpetentzietan emaitza hobeak lortu zituzten bertan jaiotako ikasleek jatorria atzerrian dutenek baino.

Berritasunak

Gaur plazara atera duten ikerketaren berritasunetako bat da oraingoan aztertu dutela, baita ere, ikasleek baliabide digitalak erabiltzeko duten trebezia.

Irakaskuntzako ohiko aldagaiez bestelakoak ikertzeko ahalegina egin du lehendik ere PISA txostenak. 2024ko ekainean, esaterako, ezagutzera eman ziren pentsamendu sortzailean ikasleek duten gaitasuna ikertzeko PISAren emaitzak. Hor ikusi zen konpetentzia horretan batezbestekotik behera direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleak. Hor ere ikusi zen emaitza hobeak zituztela Nafarroako ikasleek. Europako Batasuneko ikasleen batezbesteko puntuazioa 32,1 da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleak beherago geratu ziren: 31,9 lortu zuten. Nafarroakoak gorago daude: 33,5. Alderaketarik ez zen izan hor: izan ere, lehen aldiz ebaluatu zuten aldagai hori. 15 urteko ikasleei egiten zaizkie ohiko probak, eta adin horretako ikasleei egin zitzaizkien hauek ere.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA