Ikastoletako ikasleak LHko hirugarren mailan hasiko dira gailu digitalak gelan erabiltzen

Euskal Herriko Ikastolek gaur aurkeztu dute estrategia digital berria. Gailuak ez dituzte erabiliko HHko eta LHko lehen bi mailetan eta, ezohiko erabilera beharrezkoa den kasuetan, irakasleak erabiliko du gailua.

Umeak ikastolan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Umeak ikastolan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
14789412 kepa
2026ko urriaren 26a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Mundu digital batean bizitzeko, digitalki ahaldunduak diren herritarrak hezi behar ditugu». Hori uste dute Euskal Herriko Ikastolen arduradunek. Bada, datorren ikasturtean hasiko dira gailu digitalen erabilera «etiko, arduratsu eta jasangarria» sustatzen, DBHko ikasleen artean. Maila horretara iritsi arte, HHko eta LHko lehen bi mailetako eskola umeek ez dute gailurik erabiliko; eta DBHra arteko hurrengo mailetan mugatua izango da erabilera.

Aktualitatearen lehen lerroan kokatu da digitalizazioaren auzia azken aldian, bereziki azken PISA txostenaren ondorioak aurkeztu zirenetik. Horren arabera, Hego Euskal Herriko ikasleek behera egin dute zientzietan, matematikan eta irakurketan. Beherakada orokorra da, eta bat dator mundu osoko joerarekin. «Hala ere, gizartean lehenagotik ere bazegoen digitalizazioaren eta horrek dakartzan ondorioen arteko hausnarketa eta eztabaida sakona, batez ere hezkuntza komunitateetan», aitortu dute Euskal Herriko Ikastolek.

Eztabaida horri «erantzun sendo bat ematera eta norabide propio batekin erantzutera» dator hezkuntza sareak landutako estrategia digital berria. Hain zuzen, gaur aurkeztu dute Gasteizko Armentia ikastolan egindako agerraldian. Nabarmendu dutenez, bi urteko lan sakonaren eta partekatuaren emaitza da estrategia berria, teknologiaren erabilerak dituen askotariko ondorioak aztertzen dituena eta horiei parez pare erantzuten diena.

URRATSAK

  • HHko eta LHko lehen bi mailak. Gailuak ez dira erabiliko ohiko jardunean. Eta ezohiko erabilera beharrezkoa den kasuetan, irakasleak erabiliko du gailua, ez haurrek.
  • LHko hirugarren eta laugarren mailak. Online jarduerak hasiko dira, betiere irakaslearen dinamizaziopean eta ikaslearen erabilerak gidatuta.
  • LHko azken bi mailak. Konpetentzia digitalaren lanketa sistematizatuko da.
  • DBH. Gailu digitalen erabilera «etiko, arduratsu eta jasangarria» sustatuko da.

Zigor Ibarzabal Ikastolen hezkuntza zuzendariak gogora ekarri du «duela hamarkada eta erdi» gailu digitalak etxe guztietara iritsi gabe zirela, eta aipatu du ikastolak «aitzindari» izan zirela «ikaskuntza prozesuetan baliabide digitalak sartzerako orduan». Gaur, ordea, errealitatea erabat bestelakoa da: euskal gizartea teknologiarekin etengabe bizi den gizarte «hiperdigitalizatua» da, eta horri erreferentzia eginez, argi mintzatu da Ibarzabal: «Errealitate berri horrek eraman gaitu hezkuntzaren eta eremu digitalaren arteko harremana birpentsatzera, eta berriz ere zehaztera hezkuntza prozesuetan gailu eta lanketa digitalek izan beharreko eremua».

Hezkuntza zuzendariak lagun izan ditu aurkezpenean Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Amaia Arroyo Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikertzailea. Gainera, Stefano Kluzer adituak ere parte hartu du, bideokonferentzia bidez. Europako konpetentzia digitalen DigComp 3.0. markoaren sortzaileetako bat da bera.

Zer, noiz eta nola

Ikastolen proposamenak «bi dimentsio» ditu: «Batetik, konpetentzia digitala eta ahalduntze digitala lantzeko marko teknopedagogikoa; eta, bestetik, burujabetza teknologikorako bide orria», esplikatu du Ibarzabalek. Lehenengoak zehazten du zer, noiz eta nola landu behar den ikasgelan. Bigarrenak, berriz, erabaki horiek hartzeko «autonomia» bilatzen du, «kanpoko hornitzaileekiko menpekotasuna murriztuz eta teknologia hezkuntza proiektuaren zerbitzura jarriz».

Gehitu duenez, «ebidentzia zientifikoetan» oinarritzen da estrategia. Hain zuzen, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatearekin eginiko ikerketak eta hainbat unibertsitateetako ikerlarien ekarpenak ditu oinarri, baita hezkuntzaren arloko askotariko profesionalenak ere. Bada, Arroyok aurkeztu ditu egindako ikerketa lanari buruzko gako nagusiak: «Ondorio nagusia argia da. Teknologiak ikaskuntza aberastu dezake, baina ez beti eta ez edozein modutan. Testuinguru, baliabide eta momentu egokietan erabiltzen denean du balioa. Gailu bat ez da berez ikaskuntza-tresna: pedagogiak markatzen du erabilera».

«Errealitate berri horrek eraman gaitu hezkuntzaren eta eremu digitalaren arteko harremana birpentsatzera, eta berriz ere zehaztera hezkuntza prozesuetan gailu eta lanketa digitalek izan beharreko eremua»

ZIGOR IBARZABALEuskal Herriko Ikastolen hezkuntza zuzendaria

Hori horrela, hiru erabaki orokor iragarri dituzte Euskal Herriko Ikastolek: batetik, hezkuntza eremuan pantailen erabilera murriztea. Bestalde, pantailen gelaratzea denboran atzeratzea, hasierako etapetan erabilera saihestuz eta konpetentzia digitala modu analogikoan landuz. Eta azkenik, «ahalduntze digitala» modu espezifikoan eta momentu zehatzetan lantzea —asteko ordutegian berariaz denbora bat dedikatuta—. Horretarako, baliabide espezifikoak sortuko dituzte.

Hori praktikan jartzeko, berriz, hiru maila zehaztu dituzte: «Lehenik, teknologia ezagutu behar da. Gero, tresna gisa erabili. Eta, azkenik, haren aukerak, mugak eta eraginen inguruan hausnartu eta boteretu».

12 urtetik aurrera

Horrenbestez, gailuak ez dira erabiliko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen bi mailetako ohiko jardunean. Eta ezohiko erabilera beharrezkoa den kasuetan, irakasleak erabiliko du gailua, ez haurrek. Era berean, konpetentzia digitalaren eta pentsaera konputazionalaren lehen oinarriak modu analogikoan landuko dira: jolasaren, esperimentazioaren eta irakaslearen gidaritzaren bidez.

Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailei dagokienez, online jarduerak hasiko dira, betiere irakaslearen dinamizaziopean eta ikaslearen erabilerak gidatuta. Bosgarren eta seigarren mailetan konpetentzia digitalaren lanketa sistematizatuko da. «Helburua ez da gailu digital gehiago erabiltzea; ikaskuntza-prozesuari ekarpen esanguratsua egiten dion erabilera aukeratzea baizik», azpimarratu dute.

DBHn, 12 eta 16 urte arteko gazteen kasuan, gailu digitalen erabilera «etiko, arduratsu eta jasangarria» sustatuko da. Horretarako espezifikoa den ikaste esperientzia bat definitu eta garatzen ari direla baieztatu du Ibarzabalek: «Azken finean, teknologiari buruzko hausnarketa eta boteretzea dira lanketaren helburu nagusiak». Datorren ikasturtean martxan jarriko dute DBHn.

«Teknologiak ikaskuntza aberastu dezake, baina ez beti eta ez edozein modutan. Testuinguru, baliabide eta momentu egokietan erabiltzen denean du balioa. Gailu bat ez da berez ikaskuntza-tresna: pedagogiak markatzen du erabilera»

AMAIA ARROYOMondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikertzailea

Erabilera hezkuntza zentrotik kanpo ―baina eskola orduetan― egiten denean, ikasleen segurtasun eta eskubideak errespetatzen direla bermatzeko bideak eta aukerak arakatu eta aktibatuko dituzte, ikasmaila guztietan. Ostantzean, gailu digitalak ikastolan geratu beharko dira.

Baina, ikasleek ikastolatik kanpo ere erabiltzen dituzte gailuak eta harreman zuzena dute teknologiekin, eta horregatik, familia eta ikastolen arteko «koherentzia» ezinbestekoa da, Ibarzabalen arabera. Horregatik, estrategia digital berriak ez du soilik hezkuntzaren eremura mugatzen bere eragina. Estrategiak, besteak beste, familientzako lan saioak eta dinamikak proposatzen ditu, eta irakasleentzako prestakuntza planak abiatuko dira.

Irakasleentzako prestakuntzari dagokionez, «bi planotan» garatuko da: alde batetik, konpetentzia digitalak indartuko dira; eta, bestetik, «gelaratze estrategia eta sekuentziazioa» landuko dira. «Helburua da komunitate osoak partekatutako begirada bat eraikitzea», adierazi du Ibarzabalek.

Burujabetza teknologikoa

Konpetentzia digitala lantzeko, «teknologiak aukeratzeko irizpideak eta baliabide egokiak» behar direla nabarmendu dute aurkezpenean, haien hitzetan, «ez baita berdina edozein plataforma erabiltzea edo komunitatearen balioekin koherentea dena aukeratzea».

Zortzi helburu estrategikotan ardazten da: autonomia estrategikoa lortzea, ikastolen arteko elkarlana sustatzea, software librea eta kode irekia lehenestea, prestakuntza indartzea, segurtasun digitala eta datuen babesa bermatzea, iraunkortasuna eta ekologia digitala sustatzea, tokiko hornitzaileak eta kooperatibak lehenestea, eta teknologia pedagogiarekin koordinatzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA