Aitzol Atutxa

06:23

Hirugarrenez irabazi du Euskadiko txapela, baina astelehenero bezala joan da lanera. Biharamuna, halere, gozoa izan da, Olasagastiren berri izan duen arte. Igeldokoa prest dago hiru hilabete barru apustua jokatzeko.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Aizkora txapeldunak ez du gehiago lo egiteko eskubiderik. Ezin, behingoagatik, mantapean pixka bat gehiago goxo egon. «Alarmak eguneroko ordu berean jo du, 06:23an. Zazpietarako Lemoako bulegoan nengoen. Nik banekien txapeldun izan edo ez astelehenean lanera joan behar nuela». Aitzol Atutxa alai mintzo da, atzokoa astelehen ezberdina izan zelako. «Euskadiko finala jokatzen den igandea igande ezberdina den bezala, osteko astelehena ere ezberdina da. Giharminak ditut, baina goxoagoak dira». Hala joan zen goiza, baina eguerdian aztoratu zitzaion eguna. Joxemari Olasagastik euren arteko apustua hiru hilabete inguru barru jokatzeko prest dagoela jakinarazi baitzion. Bada saltsa berriz ere aizkoran.

Atutxak hirugarrenez jarraian irabazi zuen herenegun Euskadiko Aizkora Txapelketa. Diman ospatu zuen, 100 pertsonako bazkari batean. Txapelduna, baina, goiz bildu zen; lanera joan behar zuen atzo. Baso eta egur salerosketan egiten du lan —enpresa ikasketak eginikoa da Atutxa—, batez ere pinuekin, eta goiza baso artean egin zuen. «Aizkolariak ezin gara profesionalak izan, ezta txapelduna ere». Zenbakiak, izan ere, ez dira irteten. Atutxak txapeldun izateagatik 1.800 euro irabazi ditu, eta txapelketa behar bezala prestatzeko erositako egur trailerkadak 2.000 balio zuen.

Txapelak, baina, gazi-gozo guztiak sendatzen ditu, eta prestatzen sarturiko orduei arrazoia ematen die. Izan ere, eta hirugarren txapela izanda ere, oso berezia izanda Atutxarentzat. «Bilbon irabazi ahal izatea handia da; ni han jaiotakoa naiz, eta urte askotan bizitakoa. 1.000 ikusletik gora bildu ziren, giro horrekin... Ederra izan zen». Azalpena borobila da, arlo emozionalari hausnarketa ere gehitu baitio. «Aizkoran inflexio puntu bat izan daitekeela iruditzen zait. Gazteen txapelketa izan da, etorkizunean aurkari izango ditudanak. Zaleen aldetik ere jende berria gerturatu da».

Finalaren aurretik animo berezia jaso zuen etxean, Aratz 3 urteko semeak gogorarazi zion egun handia zela. «'Gaur irabazi, gaur txapela dago jokoan', esan zidan. Hark badaki txapelketa eta erakustaldia ez dela gauza bera». Bi seme ditu, Aratz eta Oinatz, eta, txapeldun izan berritan, etxekoekin oroitu zen. «Haiengatik ez balitz, ezinezkoa litzateke. Etxekoek ez bazaituzte laguntzen... Gurean ere larreatarren laguntza ezinbestekoa da. Aizkorak lan handia du: egurrak prestatu...».

Finalean ez zuen askorik gozatu Atutxak: egurrak gogorrak ziren, eta egun handietan eskuek beti egiten dute izerdi gehiago. Azken enborra izan zen gozo bakarra. Ordurako lau minuturen aldea zuen, eta, ohitura denez, azken erdian ikusleei begira ebaki zuen. «Emozio asko etorri zitzaizkidan. Presioa nabaritu nuen aurretik. Faborito izate horrek presioa eragiten du. Gero, azken plaza saioan, Basauriko finalean, ez nuen nirea eman, eta dudak hor zeuden».

Herenegun ere izan zuen bere une txarra, bigarren enborrean bi adar irten zitzaizkiolako, baina hura pasatu, eta aurkariak oraindik gertu ikustean lasaitu egin zen. Laugarren enborrean hasi zen tartea irekitzen. «Oso gogorrak ziren, zuriak, bazen lana hor. Vicenteri gogor egin zitzaion, eta ahulunea izan zuen. Atzean Larrañaga ikusten nuen, baina Otaegiren atzetik aurrerakoak ez ninduen harritu. Josebak eskarmentua du, eta ondo daki halako egurrekin nola egin behar den lan».

Orain, Olasagasti

Joxemari Olasagastik atzo jakinarazi zion Aitzol Atutxari euren arteko apustua berpiztuko duela. Finala pasatu arte itxaron nahi izan zuen. Jakina zen aizkorarekin entrenatzen hasia zela, eta hiru hilabete barru apustua jokatzeko moduan egongo dela uste du. Apustua iragan otsailaren 13an jokatzekoa zen, Azpeitian, baina Olasagastik motozerrarekin istripua izan, eta Atutxak esan zion urtebetez itxarongo ziola. Orain, berriz ere elkartzea falta zaie, eguna zehazteko. «Niregatik ondo, diru bermea jarrita dago, eta lanak, zehaztuta». Ondo bidean, otsail-urtarril aldera jokatuko lukete. Bakoitzak 10.000na euro jarri zituen bere garaian, eta lan oso luzea adostu zuten: hamalau kana-erdiko eta sei oinbiko. Ordu eta erdi inguruko lana izango da. Atutxak aurki enkargatu beharko du beste trailerkada bat egur, badu berriz ere prestatzen hasteko arrazoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.