Japoniako Sari Nagusia denboraldiaren azken txanpa osatzen duten hiru lasterketetako bat da. Ohiturak aldatuz, aurten ez da Suzuka zirkuituan korrituko, 30 urteren ostean 1 Formula Fuji zirkuitura itzuliko baita, Tokio hiriburutik gertu. Mendi sakratua ikus daiteke handik, baina zirkuituan dauden gidariak elkarren kontra borrokatzera joan dira. Lewis Hamilton eta Fernando Alonso McLaren taldeko bi gidariak, Munduko Txapelketako lehen bi sailkatuak, hasi dira jada, autoan eseri aurretik.
Pista gainean gidari azkarrak dira Hamilton eta Alonso, baina ahoberoak ere bai. Kazetarien galderak aspalditik gauza beraren inguruan dabiltza, eta biak ala biak erraz erortzen dira haien «tranpan». Parisen McLareni zigor historikoa jarri zioten egun hartan, Ron Dennis taldeko buruak esan zuen aspaldian ez zuela Alonsorekin traturik, eta bien arteko harremana erabat hoztu zela.
Hasieran espainiarrak itxuroso erantzun zuen: «Ezin naiz egunero zer den egia eta zer ez den egia argitzen aritu». Hala ere, buruak gutxi iraun dio hotz, eta berehala gehitu du: «Baina kasu honetan, adibidez, ez da egia. Hungariako lasterketa jokatu ondoren, astelehenean bertan, hitz egin genuen. Ez dakit zergatik esan zuen hori, berak hala nahiko zuen». Edonola ere, Alonsok gehiago hitz egiten dio autoari, bere nagusiari baino.
Hamilton ere taldekidea garaitu nahian dabil, eta badirudi lehia hori edozein arlotara zabaldu dela. Alonso baino gehiago izan nahi du, auto barruan eta autotik kanpo ere. Taldekide bati buruz hitz egiteko ezohiko modua erakutsi du, eta espainiarrak taldearekin ez duela garbi jokatu esan. «Pedro de la Rosa eta niri Alonso ondo artatzeko agindu zigun Ronek [Ron Dennisek], eta hala egin genuen. Baina Fernandok [Fernando Alonsok] ez du berdin erantzun, eta taldearen eskaerei muzin egin die», esan du gidari ingelesak Parisera joateko McLarenek egindako eskaera ukatu izanari erreferentzia eginez.
Hamiltonen eta Alonsoren artean bi puntu eskaseko aldea dago Munduko Txapelketako sailkapenean: Hamiltonek 97 puntu ditu, eta Alonsok, 95. Horrez gain, euren arteko giroa berotzen ari denez, elkarren artean taktika zikinak erabiltzeko beldurra ere agertu da. «Ez dugu talka egingo, biok munduko txapelketa lortzeko ari gara lehian, baina aldi berean buruz argiak gara eta lasterketak amaitzen saiatzen gara», esan du Alonsok. Orain hori esatea erraza da, baina titulua galtzear denean, ikusi beharko da esandakoari eutsiko ote dion.
Hamiltonek ere eman du horren inguruan iritzia: «Belgikan nahi adina toki utzi nion, ez nuen hormaren aurka bultzatu. Baina, agian, hori hobe izango zen», aitortu zuen joan zen astean, txantxetan. Jarraian, «gidari garbia» dela eta «garbi lehiatzea» gustuko duela adierazi zuen. «Uste dut min handiagoa egingo diola bere aurretik amaitzen badut, hormaren aurka bukatzeak baino».
ZIRKUITU EZEZAGUNA. Zirkuitua gidarientzat berria izaki, atzo ikasteko erabili zuten eguna gidariek. Ohi baino itzuli gehiago eman zituzten, hain zuzen ere, pista ondo ezagutzeko. Oso zuzengune luzea du Fujik, kilometroeta erdi luze, eta hor abiadura ez galtzeko, hegaxkak gutxitu behar dituzte. Ostera, horrek barrualdeko zati bihurgunetsuetan autoaren gidatzea zailtzen du, eta denbora asko irabaz edo gal daiteke bertan.
Ferrari autoek ez dirudite McLarenen pareko dabiltzanik, eta, horregatik, bihar goizeko lasterketa Alonso eta Hamiltonen artean bakarrik erabakiko dela uste da. Raikkonenek aldea jan zien Belgikan, baina badirudi McLaren bere onera itzuli dela. Toyotarentzat proba garrantzitsua da, berea baita zirkuitua.
1 Formulako gerlariak, Fuji mendiaren magalean
McLarenen eta Ferrariren arteko beste borroka bat izango da bihar Fujin, Japoniako Sari Nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu