Pekin 2008, Londres 2012 eta Rio de Janeiro 2016. Usain bolt atleta jamaikarrak historia idatzi du beste behin, bera baita lehen korrikalaria hiru olinpiar jokotan jarraian gizonezkoen 100 metroko proban urrezko domina irabazi duena. 9.81 segundo behar izan ditu distantzia hori osatzeko. Justin Gatlin Ameriketako Estatu Batuetako atleta izan da bigarrena (9.89), eta Andre Grasse kanadiarra hirugarrena (9.91).
Boltek finalerdian erakutsi ditu bere nagusitasunaren zantzuak. Gainerakoei alboetatik begira zegoela helmugaratu da, ia lasterketa amaitu baino lehen abiadura mantsotuz. Olinpiar jokoetan lortutako zazpigarren domina du Boltek bart gauekoa. Beste bi helburu ditu: 200 metrokoa eta 4x100eko proba. Horietan ere nagusitu zen Pekinen eta Londresen.
Jamaikarren erara eginiko distantzia dirudi 100 metroko probak. Izan ere, Elaine Thompsonek irabazi du emakumezkoetan.
Emakumezkoen 100 metrokoen finala. Elaine Thompson jamaikarraren garaipena @berria#berriarionpic.twitter.com/flpNvy24is
— Enekoitz Telleria (@EnekoitzTelle) 2016(e)ko abuztuak 14
Wayde van Niekerk hegoafrikarra izan da gaueko beste protagonistetako bat Rion. 400 metroko proban nagusitu da, 43.03 segundoko denbora eginaz eta 1999az geroztik Michael Johnsonena zen munduko errekorra apurtuz.