14 partida dauzka Caja Laboralek lehen bi postuetan sartzeko

Valladolid ahularen aurka ariko da gaur Caja Laboral gorabeheratsua, eta ezingo da sobera fidatu (12:30, ETB 1)

Andoni Urbistondo.
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Pasatu zen Euroligako porrotaren mina. Pasatu da Kopa, eta askok espero bezala, finalerdietan geratu da Caja Laboral, Bartzelona ahalguztidunari aurre egin ezinik, berriro. Eta orain zer? Hori da zaleek egiten duten galdera. Liga bakarrik geratzen zaie arabarrei, baina denboraldia modu duinean bukatzeko modu bakarra txapela lortzea da. Posible al da, Baskoniak orain arte erakutsi dituen mugak ikusita? Izan beharko du, hala saldu behar delako. Kontsolatzen ez dena nahi ez duelako da, eta Lamperen itzulerak, eta zuzendaritza taldea indartzeko egiten ari den ahaleginak itxaropenari bizirik iraunarazten laguntzen du.

Helburua argia da: liga erregularreko lehen bi postuetako bat eskuratzea. Ez da erronka samurra, Bartzelonak hiru garaipenen aldea duelako, eta Real Madrilek bikoa. Zertarako? Bi talde horiek final handira arte saihesteko. Egiten ez badu, finalerdietako langa gaindiezina izan litekeelako. Hamalau jardunaldi falta dira liga erregularra bukatzeko, eta 11 edo 12 irabazi beharko ditu Baskoniak. Gaur aurkari aproposa du, sailkapeneko zuloan baitago Valladolid, arazo askorekin. Kirol mailakoak, eta ekonomikoak ere bai.

Caja Laboralek aise lortu beharko luke garaipena, baina Manresaren aurka ere hala esan zen, eta kataluniarrek muturreko galanta eman zieten gasteiztarrei. Serio jokatu behar da, eta behingoz erregulartasun apur bat lortzen saiatu. Ivanovicek esana, atarikoan, gertu ikusten duela 40 minutuko jarraitutasuna lortzea. Ivanovicek zentzuzko gauzak esaten ditu ia beti, baina abenduan ere esan zuen herenegun esandakoa, eta jokoak erakutsiko du taldea jarraikortasun hori lortzetik gertu edo urrun dagoen.

Ivanovicek, bestalde, ez zuen ukatu taldea indartzeko lanean ari direla. Gasteizko komunikabideetan bolo-bolo dabiltza izenak, eta bi jokalariren bila ari direla aitortu zuen entrenatzaileak: kanpotik jokatuko duen hegalekoa, eta pibot bat. Bigarren aukera horren inguruan, Will McDonald aukera ona dela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.