150 kiloko alea

Baskoniak Sofoklis Schortsanitis nolabait gelditzen asmatu behar du, Lauko Finala jokatu nahi badu. Zaintza bikoitzak izan daitezke gakoa, Maccabi eskas ari baita hiruko jaurtiketen portzentajean.

Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Eta nola demontre geldituko dugu gizon puska hau?» Baskoniako zale askok pentsatu zuten hori pasa den ostegunean, bigarren partidako atsedenaldian. Sofoklis Schortsanitis zuten ahotan (Tiko, Kamerun, 1985), 150 kiloko morrosko astuna. Big Sofo-k hamazazpi puntu saskiratu zituen Stanko Baracen ahalegin oro alferrikako eginez, %80ko portzentajea asmatuta. Dusko Ivanovic bera ere ernegatu zuen Baracen ezinak, Baby Shaq-en aurka galduta zebilela ikusita taldekideei kontuak eskatzen hasi zelako, Barac bera gogorrago saiatu ordez. Aulkian denbora luzez zigortu zuen Ivanovicek kroaziarra, eta Esteban Batistak Schortsanitisek eragindako odolustea ixtea lortu zuen.

Partida osteko foroetan hainbat iritzi zeuden Schortsanitis eta Baracen artean gertatutakoaz. Baracen epeltasuna kritikatzen zuten batzuek, taldekideen laguntza eskasa besteek. Saskibaloia errugbia bihur ote zitekeen galdetzen zuenik ere bazegoen, Maccabiko pibota geratzeko aukera bakarra hura plakatzea baitzen. Schortsanitisek berak errugbi jokokoak ziruditen falta batzuk egin zituela esan zuten beste batzuk, eta antzera jokatu behar zutela Baskoniako pibotek.

150 kiloko morroskoa da Schortsanitis, baina abila saskipean. Jokaldiak bukatzen daki, kakoz, taulara jaurtiz… Lekua egiten dakiela da bere dohain onena. Legez, edo legez kanpo. Barac garaiagoa da, baina meharragoa ere bai, eta aise mugiarazten du bere lekutik Schortsanitisek. Batista, ordea, mutikote sendoa da, 120 kilotik gertu dabilena. Schortsanitisen ondoan, ordea, panpina txiki bat dirudi. Bere besoak edozein gizakiren bikoitza dira, eta bere bizkarra hondartzetan zabaltzen diren toalla handienak baino handiagoa.

Eta halere, ondo eutsi zion Batistak. Schortsanitisen erregaia bukatzen hasita zegoenean, dena den. 150 kilo mugitzeak azkar sortzen duelako nekea. Ikusteko dago zertan geratuko litzatekeen Batista eta Schortsanitisen arteko dema, biak hasieratik kantxaratuko balira. Uruguaitarra bizkorra da buruz, eta ahaleginak eta bi egiten ditu bere parekoa saskitik urruntzeko. Legez, eta legez kanpo. Epaileek uzten duten arte. Gakoa saskiko bi aldeetan dago. Schortsanitis zigortzea biko jokoan, korrika eginaraztea, nekatzea. Batistak badu gaitasun hori. Baracek ez hainbeste, nahiago duelako hiruzpalau metrora lan egin, puntuak blokeoa eta jarraipenaren bitartez lortu, bizkarreko jokoarekin baino.

Arriskatu egin behar da

Gauzak normal, litekeena da Batistak eta Baracek komeria asko izatea Schortsanitis geratzeko, eta hori gertatzen denerako, Baskoniak prest eduki behar du irtenbideren bat. Irtenbide hori arriskatzea da. Aurkariak gelditu ezin duzun izar bat daukan neurrian, izar horren ekarpena murrizten ahalegindu behar duzu. Nola? Zaintza bikoitzak eginez. Zaintza bikoitzak, baina erotu gabe. Beti buruz jokatuz, praktiko izanda. Arriskatuz, hori bai.

Zaintza bikoitzak egiteak arriskua dakarrelako. Bostetako norbait libre geratzen delako. Manel Comas Baskoniako entrenatzaile izandakoak sarri esaten du telebista emankizunetan: «Bat edo bestea aukeratu behar duzu, baina okerrena erdibidean geratzea da, ez bata, ez bestea eginez». Comasen aholkua min gehien egiten duen jokalariari ahalik eta oztopo gehien jartzea da erremedio onena. Baskoniaren kasuan Schortsanitisi. Azalpenak logika hau dauka: Schortsanitisek ez du saskirako biderik lortuko bere gainean bi jokalari baditu. Asko jota baloia libre dagoen kideren bati ematea lortuko du, eta txarrenean, baloia galtzea.

Maccabik erakutsi zion bidea Baskoniari Gasteizen. Pargo, Perkins eta Eidson ero moduan aritu ziren korrika hara eta hona, Logani, San Emeteriori eta Teletovici zaintza bikoitzak eginez. Arriskatu egin ziren, eta Baskoniak jaurtiketa libre asko irabazi zituen. Maccabik, trukean, baloi dezente bereganatu zituen, eta hain gustuko duen trantsizio jokoa egin. Baskoniak Sorchanitisek eragindako odol hustea eten behar du aurren-aurrena. Maccabik lehen bi partidetan urruneko jaurtiketetan duen portzentaje apala du lagun: 29 hiruko egin, etazazpi asmatu: %24. Eskualdi ona izan liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.