Baiezkoa eman du Asier Illarramendik, eta Realeko jokalaria da jada. Realak ofizialki eman du horren berri. Goizean goiz iritsi da hiriburura eta Donostiako Poliklinikan egin ditu lehen adierazpenak: "Itzulerarekin oso pozik nago". Argi utzi du Real Madril utzi behar izanez gero, talde txuri-urdina litzatekeela bere lehen aukera.
Azterketa gainditu ostean, kontratua sinatu du Anoetan. Estadioan bertan aurkeztuko dute, 19:00etan, eta prentsaurrean hitz egingo du ondoren. "Hauxe da nahi nuena: etxera bueltatzea", esan du Illarramendik Realak sare sozialetan eskegitako bideo batean: "Badakit ondo egongo naizela".
[Youtube]https://youtu.be/yAzSgrx0k_8[/Youtube]
Inoizko fitxaketarik garestiena izan da Realarentzat. Real Madrilek bere garaian ordaindu zuenaren erdia kostatuko bazaio ere, Illarramendiren itzulerarengatik 17 milioi inguru ordainduko ditu klubak.
Informazio ugari zabaldu ziren bart Mutrikuko erdilariari buruz. Tottenham taldea jokalariari eskaintza bat egitea aztertzen ari dela zabaldu zuten Ingalaterrako komunikabideek. Liverpoolek ere bere asmoen artean Illarramendiren berri baduela eta Southamptonek eskaintzaren bat egingo ote dion aipatzen ari zen Ingalaterrako prentsa atzo, bestalde. Italiako ligan ere piztua zuen arreta; ezaguna da Juventus eta Inter atzetik ibili dituela azkeneko asteetan. Talde horietako batzuetako ordezkariak Madrilen egon dira egunotan, jokalariaren ordezkariarekin negoziatzen. Baina aurrera egin duena, Realaren eskaintza izan da.
Illarramendik bi denboraldi egin ditu Real Madrilen. 2013an joan zen, 21 urtez azpiko Europako Txapelketan partida ederrak jokatu eta Realarekin denboraldi distiratsua egin eta gero. 2012-2013ko denboraldian Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu zuen Realak, eta Illarramendiren zelai erdiko joko hura izan zen lorpen haren oinarrietako bat. Ligan ere denboraldi handia egin zuen Realak, eta jokalaria ilunpetik argira atera zen, Realarekin ordura arte 54 partida bakarrik jokatu zituen arren; hamaikako ideal askoren zerrendetan sartu zuten, sariak jasotzeaz aparte. Izar bat piztu berria zen, eta Real Madrilen eta beste talde handi batzuen arreta piztu zuen, gaztea izanik etorkizun argitsua espero baitzitzaion.
Hala iritsi zen Mutrikukoa Madrilera. Baina izar piztu berri hark argi ahula egin du Bernabeun. Guztira 59 partida jokatu ditu talde zuriarekin ligan, eta hemezortzi Txapeldunen Ligan. Aurreko denboraldian 30 partidatan baino ez zuen erabili entrenatzaileak, eta horietatik, hamarretan baizik ez zuen titular gisa zelairatu.
Rafa Benitez Real Madrileko entrenatzaileak argi erakutsi du ez duela Mutrikuko jokalariarekin lanean jarraitzeko asmo handirik, eta azkeneko asteetan eskaintzak eta zurrumurruak ugaritu dira haren inguruan. Europako talde dezenteren eskaintzak jaso dituela zabaldu da, baina Donostiara itzuli da. Real Madrilen berarengandik espero zuten guztia jaso ez duten arren, bi denboralditan lau titulu irabazi ditu Illarramendik —Txapeldunen Liga, Europako Superkopa, Kluben Mundialitoa eta Espainiako Erregearen Kopa—, eta esperientzia ere pilatu du bi urteotan. Atzo, Joseba Zalduak hitz egin zuen prentsaren aurrean, eta Illarramendi itzultzea albiste ona litzatekeela esan zuen. «Jokalari handia da, eta polita litzateke itzultzea». Egokitzapena erraz egingo lukeela ere aipatu zuen.
Erosita, ez utzita
2013an Real Madrilek 39 milioi euro pagatu zituen Illarramendi fitxatzeko. Real Madrilek 32 milioi euro eman zizkion Realari, eta zazpi milioi euro pagatu zituen balio erantsiaren zergan. Orain, zabaldutako berrien arabera, erdia edo gutxiago pagatuko du Realak berriro jokalaria bereganatzeko: hamasei milioi euro inguru. Izatez, Realak inoiz egin duen fitxaketa handienetako bat izango da, sinatzekotan. Itxura denez, salmentaren kopurua handitzeko, aldagai batzuk sartu nahi izan ditu Real Madrilek akordioan, jokalariak Realean lor ditzakeen emaitzen araberakoak. BERRIAk baieztatu ahal izan du Illarramendi ez dela Realera etorriko utzita, erosita baizik. Bestalde, Carlos Velak denboraldi honetan taldean jarraituko duela jakin ahal izan du BERRIAk, nahiz eta taldea utziko ote duen zabaldu den azkeneko asteetan.