Brasil-Alemania (1-7)

1950 eta 2014

Alemaniak garaipen historiko batekin lortu du igandeko finalean izatea. Zapaldu egin du Brasil bere zaleen aurrean. 0-5eko emaitzarekin bukatu da lehen zatia. 2002tik ez zen azken partidara iristen Alemania. 

David Luiz —ezkerrean— negarrez, partida bukatu ondoren. ANDREAS GEBERT / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko uztailaren 9a
07:41
Entzun

Munduak atzera egin du. Iraganera joan da 18 minutuz. 1950era eta Maracana estadiora. 64 urte geroago, Brasilek beste zartako historiko bat jaso du etxean bertan. Oraingoan, Belo Horizonten. Eta aurkaria ez da Uruguai izan, Alemaniak utzi du txiki gaur. 18 minutuan bost gol sartu dizkio: 11.etik 29.era bitartean. 0-5 atsedenaldira. Historikoa. Bigarren zatian, 0-7 ere jarri dira, eta azkenera, Brasilek bere gola egin du. 1950eko 'maracanaço'-a futbolaren historiaren bigarren orrialdera igaro da; aurrenekoan, gaurko zartakoa dago orain.


11. minutuan, gola jaso eta segituan. Brasilen baitako guztia agerian geratu da. Mozorroa kendu zaio taldeari. Scolari errege biluziaren pare geratu da. Emozioen baitan eraikitako taldea izan da hau, eta gauzak okertu zaizkion orduko, buruak ezetz esan die jokalariei.


Baina Alemaniak ere egin du berea. Eta ziurrenik ez  da bidezkoa Brasilen arazoak lehenago aipatzea. Sekulako 18 minutu jokatu ditu. Brasilen hasierako erauntsi antzekoa aise kendu du gainetik. Baloia lagun, konfiantza eta ziurtasuna makulu. Oso argigarria da hau gero gertatua azaltzeko: Alemaniako jokalariek defentsan berreskuratu dutenean baloia, patxada osoz jokatu dute, bat bera ere urrutira bota gabe. Eta gero, erraztasun horrekin, maisutasunez eta aise menderatu ditu Brasilen defentsako oztopoak (?).


Bizi eta azkar jokatu du Alemaniak baloia hartu orduko. Oso bertikal. Beste baliabide bat gehiago oso aberatsa den erregistroan. Brasilen huts bakoitza jokoaren sorreran ezin hobeto baliatu. Mullerrek geldikako jokaldian egin du lehen gola, eta gainerako goletako batzuk oso antzekoak izan dira; ia-ia berdinak. Brasilen defentsako lerroak marra zuzena ez beste guztia eman izan du, eta ondo baliatu dituzte leku horiek alemaniarrek txikizioa eragiteko. Klosek gola egin du (Munduko Kopetako golegile onena da gaurtik), Kroosek bi sartu ditu, eta Khedirak itxi ditu 18 minutu magikoak.


Hortik aurrerakoa, bigarren zati osoa, azkar batean kontatua: Brasil lotsarenak egitera atera da, izan ditu aukera bat edo beste, baina Neuerrek urrundu ditu denak... Oscarrena izan ezik; 90. minutuan, eta ordurako Alemaniak beste bi gol zituen sartuta. Shurrlek sartu ditu biak, 69. eta 79. minutuetan.


Alemania finalean da, 2002tik aurreneko aldiz, eta gaurkoa ikusita, beldurra ematen du finalera begira. Brasilen inguruan, hauxe: gerta zekiokeen onena gertatu zaio, mozorroa kentzeko (Scolarirena, nagusiki), hausnarketa sakona egiteko, ereduaren inguruan azterketa zehatza egiteko. Diego Latorre Argentinako jokalari ohiaren hitzak dira hauek, partida bukatu berritan idatziak: "Benetako porrota estiloa galtzea da, zure nortasunari bizkarra ematea, umilatua izatea beste bat izan nahian. Horregatik du esanahi handia gaurkoak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.