Iraizoz, Iraola, Aitor Ocio, Amorebieta, Koikili, Yeste, Javi Martinez, Orbaiz (haren ordez, Etxeberria), David Lopez (haren ordez, Susaeta), Toquero (haren ordez, Ion Velez) eta Llorente. Horiek izan ziren 2009ko maiatzean Valentzian Espainiako Kopako finala jokatu zutenak. Orduan ere, Bartzelona izan zen aurkaria.
Zinez aldatu da taldea sei urtean. Talde hartatik Europako beste liga batzuetara joan ziren Javi Martinez, Amorebieta eta Llorente, baina orduan harrobian zeuden hainbat jokalarik hartu dute haien lekua. Esaterako, egungo Athleticen pieza garrantzitsua den Laportek 15 urte baino ez zituen zuri-gorriek duela sei urte finala jokatu zutenean.
Egun taldean jarraitzen dutenetatik lauk izan zituzten minutuak final hartan; Iraizoz, Toquero, Susaeta eta Iraolak. Taldean baziren gehiago gaur egun ere Athleticeko lehen taldean daudenak —Gurpegi, Etxeita, Balenziaga eta Iturraspe—, baina gehienak lehen partidak ari ziren jokatzen lehen taldearekin, eta apenas izan zuten minuturik kopan.
Toquerok, berriz, final hartan Athleticek egindako gol bakarra sartu zuen —4-1 izan zen emaitza Bartzelonaren alde—, baina gasteiztarra ez da Valverderen hamaikakoetan sartzen ari.
2012an, 11
Egungo taldearen antza handiagoa zuen 2012an Vicente Calderonen finala jokatu zuenak. Orduko hartan izan ziren egun taldean jarraitzen duten 11 jokalarik: Muniain, Susaeta, Aurtenetxe, Iraizoz, Iraola, De Marcos, Iturraspe, Toquero, San Jose, Ibai eta Gurpegi.
Horietatik zortzik izan zuten minuturen bat finalean, eta zazpi izan ziren hasierako hamaikakoan: Iraizoz, Iraola, Aurtenetxe, De Marcos, Susaeta, Muniain eta Ibai Gomez.