2010erako abisua izan da

Casey Stoner irtengo da gaur 'pole'-tik Valentziako Sari Nagusian, denboraldiko azken proban

unai zubeldia
Donostia
2009ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Entrenamenduetan ere eman daiteke erakustaldirik. Valentino Rossi (Yamaha) da munduko txapelduna MotoGP mailan. Hori jakina da. Lasai ederrean iritsi da italiarra Valentziako Sari Nagusira -laugarren postuan irtengo da gaur-. Baina dena erabakita egonagatik, gozaraz daiteke entrenamenduetan, eta hala egin zuen atzo Casey Stoner australiarrak (Ducati). Argitzeko gauza gutxi izan arren, gauza bat baino gehiago erakutsiko du Valentziako Sariak. Eta lehenengoa erakutsi du: haize fresko ederra iritsi da Australia aldetik.

Azken probetan gorakada nabarmena izan duela argi gelditu arren, atzo beste pauso bat eman zuen Stonerrek. Txapelketatik kanpo egon da denbora askoan, fisikoki nekatuta eta buruz hondoratuta. Baina indarrean itzuli da. Aspaldi amaitu zen txapelketa beretzat, baina datorren denboraldirako abisua da atzokoa. Ezusterik ezean, 2010ean txapeldun izateko borrokan ibiliko da, berriz ere, Stoner. Rossik uzten badio, noski.

Haize handia zebilen atzo Valentziako Ricardo Tormo zirkuituan, eta ez zen erraza moto gainean egotea bera ere. Baina australiarrak maisuki gidatu zuen Ducati etxeko motoa. Aurkari bakar bat ere ez zen hurbildu bere denboretara. Hirugarren postuan dago australiarra sailkapen nagusian, eta horixe izango du helburu, txapelketa hirugarren postuan amaitzea, 25 puntura baitauka Jorge Lorenzo (Yamaha), atzo hirugarren denborarik onena egin zuen balearra. Ia ezinezkoa du hura aurreratzea. Hain zuzen ere, Lorenzo bera eta Dani Pedrosa (Honda) hurbildu ziren gehien atzo Stonerren denboretara.

MotoGP mailan bezala, dena ez bada, gehiena erabakita dago 125 cc-koan ere. Julian Simon (Aprilia) da 2009ko txapelduna, eta atzo ere berak lortu zuen denborarik onena. Hori bai, lau ehuneneko besterik ez zizkion atera Simone Corsi italiarrari (Aprilia). Hirugarren, berriz, Bradley Smith (Aprilia) aurtengo txapeldunordea sailkatu zen. Efren Vazquezi dagokionez, bilbotarrak asko sufritu zuen haizearekin. 12. denborarik onena lortu zuen Derbi etxeko pilotuak, eta atzetik aurrerako lasterketa egin beharko du gaur.

Aoyamak txapelketa eskura

250 cc-koan soilik dago ikusmina. Litro laurdeneko txapelketa erabaki gabe iritsi da Valentziara, eta pilotuek gaur egin beharko dituzte egin beharrekoak. Esku-eskura dauka txapelketa Hiroshi Aoyama japoniarrak (Honda), 25 puntu jokoan egonik 21 puntuko aldea baitauka Marco Simoncellirekiko (Gilera). Bost puntu besterik ez ditu behar txapeldun izateko, eta ia-ia nahikoa du moto gainean mantentzea eta Simoncelliren gurpila zaintzea. Huts larria litzateke txapelketa ez irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.