2012ko Tourra, azken urteetako arinena, Belgikan hasiko da ekainaren 30ean

25 mendate igo beharko dituzte txirrindulariek hogei etapatan, eta guztira hiru erlojupeko jokatuko dira

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Ez da gertatzen den lehenbiziko aldia, baina 2012ko Frantziako Tourreko ibilbidea webgune ofizialean jarri zuten atzo, eta ordu gutxiz egon zen ikusgai. Bertan, balizko ibilbidearen xehetasun batzuk irakurri ahal izan ziren, baina antolatzaileek berehala kendu zuten, aurkezpena hilaren 19an izango baita. Webgunean jarri zutenaren arabera, Belgikan hasiko da, ekainaren 30ean, eta aspaldiko urteetako Frantziako Tourrik arinena izango da. Uztailaren 22an bukatuko da. Guztira hogeita bat etapa jokatuko dira, lehen eguneko aitzin-etapa barne. Bi atseden egun izango dituzte txirrindulariek, eta hiru erlojupeko: taldekako bat eta bakarkako bi. Denera 3.479 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.

Ordekan bederatzi etapa jokatuko dira, eta mendatez jositako bost egongo dira. Horietako bik, gainera, gailurrean izango dute helmuga: 11. eta 17. etapek, hain zuzen ere. Lehena Les Sybellese mendi estazioan bukatuko da, eta bigarrena, Peyraguedesen. Mendiko bost etapetan maila bereziko, lehen mailako edo bigarren mailako 25 mendateri egin beharko diete aurre ziklistek: bat Vosgosetan, hiru Juran, lau Suitzako Juran, sei Alpeetan eta hamaika Pirinioetan. Etaparik gogorrena 12.a izango da, 220 kilometrokoa, mendateak igo ondoren Annonay Davezieuxen amaituko dena. Ia urtero bezala, azken-aurreko egunean erlojupekoa izango da, Bonneval eta Chartres artean, 52 kilometrokoa.

Giroan ere hiru erlojupeko

Italiako Giroaren aurkezpen ofiziala datorren igandean egingo den arren, ibilbidea ia jakina da dagoeneko. Maiatzaren 5 eta 27a bitartean jokatuko da, eta hogeita bat etapa izango ditu. Nabarmentzekoa hiru erlojupeko egongo direla, lehen eta azken etapetan bakarka, eta laugarrenean taldeka. Antolatzaileak azken astera arte ahaleginduko dira emozioari eusten, eta ia ziur Dolomitetan erabakiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.