Josean Kerejetaren kirol amets handienetako bat errealitate izango da heldu den urtean. 2019ko Euroligaren Lauko Finala Gasteizen jokatuko da. Urteak dira Kerejeta Euroligako bulegoetan lanean ibili dela hori lortzeko, eta Buesa Arena 15.000 eserlekutara handitu zutenetik urtez urte izan da Europako saskibaloiaren ekitaldi handiena hartzeko hautagai.
Baskoniak gaur goizean eman du aukeraketaren berri. Taldeak 60. urteurrena du heldu den urtean, eta efemeride horrek pisu handia izan du. «Baskoniak Euroligan izan duen konfiantza saritu nahi izan dugu, eta, hurrengo urtean 60. urte beteko dituenez, egokia irudi zaigu bazter guztietatik saskibaloia bizi duen hiri batera joateko. Ondo merezitako aitorpen bat da».
Kerejetak berak «egia bihurturiko ametsa» dela adierazi du, eta Gasteiz, Araba eta Euskal Herria «munduko mapan» kokatuko dituela Lauko Finalak. Lauko Finala 2019ko maiatzean jokatuko da, bigarren edo hirugarren asteburuan ziur asko, eta abonuak 2018ko azken hiruhilabetekotik aurrera jarriko dituzte salgai.
Alderatzen jarrita, Gasteiz izango da Euroligak egungo diseinua duenetik Lauko Finala hartu duen hiririk txikiena. Aurtengoa Belgraden da, eta aurreko hamarrak Istanbulen (bi), Madrilen (bi), Berlinen, Milanen, Londresen, Parisen eta Bartzelonan izan dira.